Ondarea plazara, Arabako hamar herritan

Erredakzioa 2020ko ira. 22a, 10:10
Urri osoan zehar, 17 jarduera izango dira Arabako 10 herritan. / AFA

Kontaiguzu ondarea: ondarea eta hezkuntza lelopean, urriaren 1ean hasi eta 31n bukatuko dira Ondarearen Europako 2020ko Jardunaldiak. 17 jarduera izango dituzte, eta Arabako 10 herritatik igaroko dira.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak eta Javier Fernandez Bordegarai Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren buruak pasa den astean aurkeztutako Ondarearen Europako Jardunaldiak Europa Kontseiluaren ekimen bat dira.

Kultura aberastasun eta aniztasunaren inguruan sentsibilizatzea dute helburu; baita kultura ondarearenganako interesa indartzea, arrazismo eta xenofobiaren kontra borrokatzea, Europako kultura guztien ikusgaitasunaren bidez tolerantzia sustatzea, kultura ondarea babesteko beharra gizarteratzea, eta kultura arloko gizarte, politika eta ekonomia desafioei erantzutera gonbidatzea. "Helburu horiek guztiak bereganatzen ditu sail honek, eta hala frogatzen dugu egunez egun", adierazi du Del Valek.

Aurten, Kontaiguzu Ondarea, Patrimonio y Educación leloa aukeratu dute, irakaste ekintza azpimarratzeko: "Ondarea aintzatesteko, ezagutzeko eta gozatzeko prozesuan, transmisioa beharrezko osagai bezala".

Ana del Val eta Javier Fernandez Bordegarai, aurkezpen agerraldian. / AFA

 

17 jarduera Araban

Urri osoan zehar, 17 jarduera izango dira Arabako 10 herritan: bisita gidatuak, natura ibilbideak, hitzaldiak eta zine arkeologikoaren emanaldiak egongo dira, besteak beste. Hizlariez gain, Arabako Arkeologia Institutua, EHU, Vital Fundazioa, Erromanikoaren Lagunen Elkartea eta hainbat museo eta udal aritu dira lankidetzan.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina horietako batzuetan ezinbestekoa da izena ematea. Eta, jakina, espazioen segurtasuna bermatuko da: edukiera mugatua eta maskararen nahitaezko erabilera nahitaez maskaratxoa eraman beharko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide