LAIAeskola egoera berrira egokituko da, espazio digitala sendotuz

Erredakzioa 2020ko ira. 9a, 13:30
Nerea Melgosa eta Arantza Cañamares eskolaren programazioa aurkezten. / AFA

Arabako emakumeen berdintasunerako eskolak LAIAplazara espazio digitala sendotuko du ikasturte berriko 154 jardueretan. Pentsamendu eta ikerkuntza feministaren arloko pertsona nabarmenek parte hartuko dute.

51 udalerrik eta 8.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten 2019ko LAIAeskolaren 367 jardueretan. Bestalde, 2020ko urtarriletik martxora bitartean 101 jarduera antolatu dira, eta 1.600 pertsona baino gehiagok hartu dute parte.

Osasun krisiak, ordea, eragin handia izango du aurtengo edizioan, baina Arabako Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak bere ikasturte berriari ekin dio.

Guztira, 154 jarduera egingo dira, eta pentsamendu zein ikerkuntza feministaren arloko pertsona nabarmenek parte hartuko dute horietan. Hala iragarri dute Nerea Melgosa Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Arantza Cañamares Aldundiaren Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun Zerbitzuaren buruak, eskolaren programazio berriaren aurkezpenean.

Irakurketa klubak, autodefentsa feministako ikastaroak, zine-forumak, hitzaldiak eta elkarrizketak nabarmentzen dira aurtengo egitarauaren barruan. Gainera, parte hartuko duten hainbat hizlari nabarmendu dituzte:

  • Maria Angeles Duran, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Emakume Ikasketetako Institutuaren eta Berdintasun Politikak Unesco katedraren sortzailea eta zuzendaria.
  • Col·lectiu Punt 6 kolektiboko arkitektura eta hirigintzako adituak.
  • Angela Nzambi, Afrikako literaturen nazioarteko sariduna eta Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiar Batzordeko boluntariotza eta intzidentzia arduraduna.
  • Anna Freixas, idazle feminista eta emakumeen zahartzea ikertzen duen psikologoa.
  • Carmen Castro Garcia, ekonomista eta ekintzaile soziala.

Laudioko Udalarekin elkarlanean, honako hauek ere parte hartuko dute LAIAeskolan: Miguel Lorente, Espainiako Gobernuaren genero indarkeriarako ordezkari ohia; Yayo Herrero, Ekologistak Martxan taldeko kidea; eta Lucia Asue Mbomio, TVEko berriemailea eta Afroféminas afrikar jatorriko emakumeen online komunitateko lankidea.

LAIAplazara espazio digitala

Iragan apirilean, Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian, LAIAplazara webgunea sortu zuten, eta, egoera berrian ere, eskolaren espazio digitala sendotzeko helburua berretsi dute. Hortaz, 2020-2021 ikasturtean zehar, bere edukiak streaming bidez eta partaidetzazko formatuaz zabalduko ditu LAIAeskolak, bere ohiko jarduerekin batera.

"Arabako Foru Aldundiak eta lurraldeko kuadrilletako zein udaletako berdintasun teknikarien sareak bultzaturik, LAIAplazara martxan ipintzeak ahalbideratu egin du elkargune berri bat, plaza birtual bat, non elkar ukitu gabe kontaktatu, elkartu gabe bildu eta urrutitik elkar babestu eta zaindu ahal izan dugun", azpimarratu du Melgosak.

Bosgarren ikasturtea

Bost urte dira LAIAeskola abiatu zenetik, eta ikasturte honetan ere, helburu orokorrari eutsiko diote: "Araban emakumeak prestatzea eta haien partaidetza publikoa handitu eta indartzea, gizarte eraldaketaren eragile aktiboak izan daitezen".

Pandemiak eragozpen asko sortu baditu ere, komunikatzen eta prestatzen jarraitzeko "desafio garrantzitsuak" planteatu dituela adierazi du Nerea Melgosak. Ildo horretan, emakumeen jabekuntza teknologikoa azpimarratu egingo da hainbat jardueratan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide