Gaixotasun arraroak dituzten pertsonei lagunduko die Vital Fundazioak

Erredakzioa 2020ko ira. 9a, 12:28
Leocadia Zabalate elkartearen elkartasun jaialdi bat, Jimmy Jazz aretoan. / DOSporDOS

Hitzarmena sinatu dute Vital Fundazioak eta Gaixotasun Arraroen Espainiako Federazioak (FEDER), gaixotasun arraroak dituzten eta osasun krisian bereziki zaurgarriak diren pertsonei laguntzeko hainbat ekimen finantzatzeko.

Gaixotasun arraroak dituzten pertsonen kolektiboa bereziki zaurgarria izan da duela sei hilabete hasitako osasun krisian. Besteak beste, familien %94k arreta soziosanitarioa etenda izan du pandemiaren ondorioz; gainera, familien %70ari bertan behera utzi zaizkie terapiak, nahiz eta gehienek duten tratamendu bakarra izan.

Duela hilabete batzuk, Vital Fundazioak abian jarri zuen Covid-19aren ondorioak arintzera bideratutako proiektuei laguntzeko ezohiko deialdia. Proiektu horiek 2020an zehar Arabako Lurralde Historikoko elkarte, erakunde eta profesionalek garatuta egon behar ziren. Orain, Vital Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Gaixotasun Arraroen Espainiako Federazioarekin (FEDER), koronabirusak Araban eragindako ondorioak arintzen saiatzeko.

Hitzarmenari esker, 6.000 euroko laguntza jasoko du FEDER federazioak, Covid-19ari aurre egiteko Araban egiten ari den zuzeneko arretako ekintzei laguntza emateko, Covid-19ari aurre egiteko, koronabirusak kolektibo horretan duen eragina arintzeko eta pertsona horien ongizatea bermatzeko.

Kolektibo zaurgarria

Pandemiaren lehen hilabeteetan, FEDERen informazio eta orientazio zerbitzuak 517 kontsultari erantzun zien, eremu soziosanitarioan eta baita juridikoan ere, bereziki desgaitasunei, lan egoerei zein hezkuntzari buruzko gaien inguruan.

Federazioaren ekimen nagusien artean, nabarmentzekoa da Covid-19aren aurkako Larrialdietarako FEDER Funtsa, 40.000 eurokoa. Funts horren bidez, 2.500 pertsonari lagunduko zaie, pazienteen 39 erakunderi laguntza emanez, zuzeneko arreta zerbitzuei berrekin dakien.

Gainera, Federazioak bere jarduerarekin jarraitzeko tresnak eskaini dizkie erakundeei, laneko zein arlo juridikoko zalantzak argitu ditu eta familientzako hezkuntza-baliabideak zabaldu ditu. Online prestakuntza eta tailerrak ere egin ditu, doluari aurre egiteko edo emozioak kudeatzeko baliabideak helarazteko, eta baita laneko arriskuen prebentzioari buruzkoak ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide