Indarkeria matxistaren prebentziorako programa bat aurkeztu du Aldundiak

Erredakzioa 2020ko uzt. 20a, 12:46

Arreta berezia emango die sareko indarkeriei, hala nola ziberkontrola eta ziberjazarpen sexualari eta sexistari.

Prebentzio programa berri bat jarri du abian Aldundiak, konfinamenduaren ondorioz indarkeria matxista larriagotzeari eta emakumeek sentitzen duten ondoez egoerari aurre egiteko prestatua. Bereziki emakume gazteak eta Arabako landa zonako herrietan bizi diren 65 urtetik gorako emakumeei dago zuzenduta.

Diputaziotik azaldu dutenez, gazteenek mantendu eta areagotu dituzte sare sozialetako eta teknologia berrien bidezko harremanak, era askotako sareko indarkeria ezaugarri dutenak, eta adineko emakumeengan bakardade, bakartze eta ahulezia pertzepzioa handitu da konfinamenduan. Plan berriarekin konfinamendu neurrien eragina arintzea da helburua, egiaztatu baita areagotu direla genero indarkeria eta sexu abusuak jasan dituzten emakumeek arreta psikologikoa jasotzeko Hegoak foru zerbitzuari helarazi dizkioten eskaerak. "Zenbait emakume eta neskatorentzat, haien etxea leku segurua ez izateaz gainera, arrisku leku bat da, bertan bizi baitira egunero beren bikotekidearen, semearen, aitaren, nebaren edo abusu sexuala, fisikoa edo psikikoa jasanarazten dieten beste gizon batzuen indarkeriarekin", azaldu du Berdintasun zuzendari Nerea Melgosak.

Besteak beste, lagundu nahi dute sareko hainbat indarkeria geldiarazten, hala nola ziberjazarpen sexuala, sexista eta LGTBI+fobikoa edo ziberkontrola, hau da, kontuen, pasahitzen eta sare sozialen jarraipena, jagoletza eta kontrola. Horretarako, programa berriak sare sozialetan zabaltzeko mezuak edukiko ditu, #DeskonfinaChallenge etiketarekin, harreman afektibo-sexualetako kontrolaren aurka, LGTBI+fobiaren edo lodifobiaren aurka, harreman afektibo-sexual osasungarrien alde eta neska gazteen ahalduntzearen alde. Gazteen iritziak eta kontsultak bildu ditzakeen txat bat ere prestatuko dute.

65 urtetik gorako emakumeen kasuan, aldiz, Aldundiak urbiltze lan bat egingo du; telefonoz deituko diote populazio talde horren lagin bati, gaur egun bizi duten egoeraren erradiografia zehatzagoa eduki ahal izateko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide