Floridan, 200 urteko gerizpea

Erredakzioa 2020ko uzt. 20a, 08:00
Hainbat kontzertu eskainiko ditu Udal Bandak uztaila eta irailean. / Gasteizko Udala

Gasteizko parkearen urteurrena ospatzeko, besteak beste, bisitaldi gidatuak izango dira eta parkearen garrantzi historikoari buruzko liburuxka bat banatuko dute turismo bulegoan.

Hasierako Florida parkea 1820an prestatu zuten, XIX. mendeko lorategi frantsesen estiloan, lehendik zegoen Espoloiaren lorategiaren ordez. 1855ean handitu egin zuten, Santa Klara komentuaren baratzeko lurrak baliatuz; muino artifizialak, leizeak, ur-jauziak eta bide bihurgunetsuak sortu zituzten, landare exotikoekin apaintzearekin batera. 200 urte beteta, Gasteizko birika berde eta elkargunearen urtebetetzea ospatzeko hamaika jarduera prestatu dituzte hurrengo hilabeteetarako.

Besteak beste, Florida parkearen garrantzi historikoa eta ondare-balioa ezagutarazteko liburuxka turistiko bat eta plano bat prestatu dituzte, dagoeneko turismo bulegoan eskuragarri; planoak historian zehar Florida parkean izandako gertaera historikoak kontatzen ditu, Munduko beste txoko batzuetatik ekarritako eskultura eta zuhaitz berezien argibideekin batera. Gainera, parkea ezagutzeko bisitaldi gidatuak antolatu ditu turismo bulegoak, eta inguruari buruzko hitzaldiak ere izango dira.

Musikarik ere ez da faltako ospakizunetan. Gasteizko Udal musika bandak zazpi kontzertu emango ditu uztailaren 10etik 24ra eta irailaren 4tik 25era bitartean.

Datorren ikasturteari begira, halaber, Florida parkea ezagutzeko modu dibertigarria haurrentzako liburuxka argitaratuko dute, txikienei parke gerturatzeko asmoz.

Abenduan, berriz, ahalegin handia egin nahi dute parkea erakargarriago egiteko, eta horretarako argiztapen berezia izango dute Floridako zuhaitzek. Eta ospakizuna dela eta, aurtengo Gabonetan izotz-pista bertan jarri nahi dute, inguruko zuhaitzen artean.

Gasteizko Udalak 185.000 euro inbertituko ditu parkeko leize kaltetua birgaitzeko, birika berde horrek dituen 32 zuhaitz-espezieen seinaleak hobetzeko eta lekua identifikatzeko bi plaka oroigarri jarriko dituzte, 1820. urteko berdinak, Eusko Legebiltzarraren kanpoaldeko zutabeetan.

Uztaila amaieran aurkeztuko dituzte oroigarriak, eta data berean landatuko dute "maitasunaren zuhaitza", cercys siliquastrum zuhaitz bat, 1930ean desagertu zena gogoan. Zuhaitz horrek ospea lortu zuen, usadioak zioenez bikotea lortzen laguntzen baitzuen, enborrari zazpi bira emanda.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide