Bosgarren urteurrena ospatuko du Orbainek uztailetik aurrera

Erredakzioa 2020ko uzt. 15a, 16:46
Orbain elkartearen bosgarren urteurreneko ospakizunak kontatzeko agerraldia. / Orbain

Erakusketa bat, liburutegi tematiko bat eta performance bat izango dira, besteak beste.

Bost urte dira Gasteizen lagun talde bat elkartu eta Euskal Herrian punk rock-aren historia aztertu, kontserbatu eta zabaltzeko lehen elkartea sortzea erabaki zutenetik. Ordutik, elkartea indartu egin da eta bere oinarriak finkatu ditu: 80 dira jada bazkide egin diren pertsonak, Arteak Ireki moduko ekimen kulturalen buru izan dira, tabernetako ekimen kulturalak legeztatu nahi zituen Legea gelditu zuen plataforma. Gainera, 100 talde baino gehiago igaro dira lokaletik, 20 erakusketa, 8 hitzaldi, diskoen aurkezpenak egin dira, liburuenak, dokumentalen erakustaldiak, antzerkiak, elektrotxarangak, euskara taldearen irteerak, tatoo circus, LGTBIQ jardunaldiak, antifaxistak, edo punkaren arloko emakumeak. Film labur baten grabazioaren eszenatokia ere izan da.

Autogestiona oinarri, "bestelako erakunde bat" sortu nahi izan dute hiriko kultura ekosisteman: "Ez dugu diru-laguntzarik jaso, eta ez dugu horretarako interesik. Ez dugu zirkulu toxiko horietan parte hartu nahi, kontrolerako baino ez baitituzte baliatzen, eta, azkenean, proiektu edo lan artistikoak baldintzatzen dituzte, desagerrarazi arte". Bestelako antolaketa eta finantzaketa eredu baten alde daudela azaldu dute. "Gure helburua egitea da. Nahi duguna egitea. Gustatzen zaiguna egitea. Herritik eta herriarentzat egitea ".

Orbainen bost urteak ospatzeko "goi mailako jarduerak antolatzea" aurreikusten zuten, baina Covid-19ak egoera baldintzatu du, eta programazio osoa bertan behera uztea erabaki zuten. Aldiz, jarduera gutxi batzuk prestatu dituzte uztailerako eta urte amaieran ekingo diote berriz. Uztailean, erakusketa bat inauguratuko dute, liburutegi tematiko bat, eta Iñaki Urbizu Pela-ren lehen perfomancearen eszenatokia izango da. Ez hori bakarrik: Ilargi Arana artista arabarrak egingo duen mural berri bat ere inauguratuko dute.

Ekitaldien kartelak

Erakusketak bost urte hauetan antolatu dituzten ekitaldien kartelik esanguratsuenak jasoko ditu. Bertako hainbat artista grafikok sortutako materiala da, eta Bruno Villareal kaleko egoitzan dago. Horrez gain, elkarteak punk eta alternatiba gaiei soilik lotutako liburutegi bat inauguratzeko apustua egin du. "Konfinamenduan zehar ulertu genuen horrelako material komunitarioa izatea eta bazkide guztiok gure eskura izatea oso gomendagarria izan zitekeela". Eleberri grafikotik nobelara doazen liburuki sorta prestatu dute, denak punk rockari lotutakoak.

Urteurrenaren ospakizunaren barruan, Orbainek Arabako artista internazionalenetako bat dakar, Marky Ramone taldeko abeslari Iñaki Urbizu Pela. Obligaciones, Los Tornillos, Sumision City Blues eta Piztupunk bezalako taldeei ahotsa eta testuak jarri dizkie, eta, gaur egun, bere proiektu berrian murgilduta dago: Víctimas Club. Horrez gain planeta osoko eszenatokietan barrena ibili ohi da, Marky Ramone Ramonesen bateria jotzaile historikoaren taldearen frontman gisa. Orbainera ordea bere letrak jasotzen dituen liburua aurkeztera dator, MinimalPunk Spoken Word deitzen den performance baten bitartez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide