Bertan behera geratu da Jazzaldia

Erredakzioa 2020ko eka. 5a, 11:06
Branford Marsalis zen aurten iragarritakoetako bat./ B. Marsalis

Gasteizko jaialdiak 2021ean ospatuko du 44. edizioa.

Gasteizko Jazzaldiak 44. edizioa atzeratu egingo du, eta 2021ean ospatuko du. Besteak beste, The Charlie Parker Legacy Band, Branford Marsalis eta Antonio Sanchez iragarri zituzten aurtengo ediziorako.

"Hilabete hauetan ez zaituztegu ahaztu. Zuek zarete jaialdia posible egiten duzuenak eta, horregatik, egun nahasgarri eta korapilatsu hauetan gertatu den guztia partekatu nahi dugu. Urte hasieran Jazzaldia ia itxita geneukan: kartel handi bat lehen lerroko musikariekin, hainbat proiektu berri, elkarteekiko konpromisoak hirian jarduerak egiteko, azken batean, proiektu bat genuen, eta ilusioa egiten zigun zuek aurkeztu ahal izatea", azaldu dute antolatzaileek ohar batean.

Osasun-egoerak kontzertuak eragozten zituela zirudienean, alternatiba bat bilatzen saiatu ziren, eta lau proiektu desberdin aurreikusi zituztela gogoratu dute. "Gasteizek merezi duen Jazzaldia izatea nahi genuen, poztasun txiki bat izatea. Eta inoiz baino irekiagoa izan. Dena streaming bidez ikustea, ia dena doakoa izatea eta, osasun neurri posible guztiekin, Gasteiz jazzaren festa handi bihurtzea".

Aldiz, jaso dituzten azken berriak ez dira onak izan, eta ezin dute bermatu proiektu bakar bat ere egin daitekeenik Jazzaldiaren etorkizuna arriskuan jarri gabe. "Gasteizko Jazzaldia ez baita sorpresa bat, irabazi asmorik gabeko kultura-elkarte bat da, eta gure hirian musika entzutea du helburu bakarra. Egitura txikia da, boluntarioz osatua (izan ere, zuetako edozeinek bat egin dezake eta eraikitzen lagundu), eta ez dugu ukatuko, beste askori bezala, egungo testuinguruak egoera zailean jarri duela. 44. ediziorako berriz prest egoteko, aukera bakarra bultzada hartu eta 2021ean pentsatzea zen. Dagoeneko lanean ari garen edizio bat".

Oharrean eskerrak eman nahi izan dizkiete pertsona askori. "Babesa eman diguten eta ez kezkatu, zuekin gaude esan diguten babesle publiko eta pribatuei; boluntarioei eta jaialdia posible egiten duen jende guztiari (soinu-teknikariak, irudia, agertokia, sarreren salmenta, segurtasuna, ostalaritza, garbiketa, garraioa) eta, azken batean, Gasteiz hiriari eta herrialde osoari. Hau ez da erraza izan. Sufritu ere egin dugu, negarrez eta 20:00etan txaloka. Baina ezin izan du gurekin. Animo. Indarra... eta maitasun handiena;)". 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide