800 kulturgilek baino gehiagok bat egingo dute greba digitalarekin

Erredakzioa 2020ko api. 20a, 19:00

Kulturgintzarekin lotutako 860 norbanako eta eragilek baino gehiagok babestu dute apirilaren 21ean eta 22an egingo den greba digitala. Azken orduetan bideo bat argitaratu dute, Ipuinak isildu, entzun daitezen izenburupean.

Ordu gutxi falta dira kulturgileen greba digitala hasteko. Ikusi gaitzazuen desagertuko gara,entzun gaitzazuen isilduko gara lelopean, egitasmoak 868 atxikimendu lortu ditu orain arte, horretarako sortu den webgune berezian: Kulturgintzan.

Hiru helburu nagusi ditu ekimenak: gogoeta eragitea, neurriak exijitzea eta euskal kulturgintzaren ekosistemaren elkargune bat antolatzen hastea.

Lehenik eta behin, gogoeta eta eztabaida soziala eragin nahi dute. Horretarako, norbanakook egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta ariketa proposatuko dute bi egun hauetan.

Bigarrenik, arlo kulturalean pandemiak eragingo dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak exijituko dizkiete "Euskal Herri osoko" erakundeei; premiazko erantzunarekin batera, epe ertain-luzerako proposamenak plazaratzea da grebaren beste helburuetako bat.

Azkenik, greba mugarria izatea nahi dute, "euskal kulturgintzaren ekosistema" osatzen duten guztiontzat "elkargunea" izango den mahaia antolatzen hasteko.

 

Kulturaren balio soziala

Apirilaren 21ean eta 22an interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia luzatu dute greba digitalaren sustatzaileek. Ohartarazi dutenez, herritarren konfinamendu egoerak ekarri du, beste hainbat erabakien artean, kultur programazio guztiak bertan behera uztea.

"Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du", salatu dute. "Paradigma aldatzeko ordua da, eredua aldatzeko ordua da, patroia aldatzeko ordua da".

Itxialdi garaiotan, kultur ekimenak etengabe zabaltzen ari dira sare telematikoetan eta hedabideetan: zuzeneko emanaldiak, grabatuak, irakurketa aholkuak, dantza ikastaroak… gehien gehienak debalde.

"Orain arte herritarrekin sortzaileok duguna eskuzabaltasunez partekatu dugu", eta oraingoan, "trukean", kulturaren balio soziala hausnartzeko eskaera egin diete.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide