BERREGITE HISTORIKOAK

Belaunaldi baten memoria berreskuratuz

Juanma Gallego 2020ko ots. 2a, 06:35

Polikarpov I-16 hegazkina jaso zen uneari buruzko berregitea. WAIS SVERUS / SANCHO DE BEURKO

Berregite pribatuak egiten ditu Sancho de Beurko elkarteak, Espainiako Gerra Zibilean edota Bigarren Mundu Gerran aritu zirenen memoria berreskuratzeko.

Egiten diren berregite guztiak ez dira publikoak, edo, gutxienez, ez daude horretara bideratuta. Bide hori da Sancho de Beurko elkarteak jorratzen duena. Espainiako Gerra Zibilari buruzko ikerketak bultzatzeaz gain, buru-belarri dabiltza euskal herritarrek Bigarren Mundu Gerran izan zuten parte-hartzea ikertzen, Fighting Basques izeneko proiektuaren baitan. "Oraintxe bertan AEBetan Bigarren Mundu Gerran lehen eta bigarren belaunaldiko mila euskal herritar baino gehiago ikertzen ari gara", azaldu du elkarteko kide Guillermo Tabernillak. Gerra horietan egon zirenen oroimena berreskuratzeko modua da elkarte honek jorratzen duena. Horregatik, gainerako elkarteekin alderatuta, oso modu desberdinean hurbiltzen dira berregiteetara.

"Jende askok modu ludiko batean parte hartzen du berregiteetan, baina horrek ez du transmititzen gerra bat nolakoa den. Guztiz errespetagarria da egiten dutena, noski, baina ez da gure aukera", azaldu du Tabernillak. Sancho de Beurko elkartearen kasuan, modu pribatuan egiten dute, oso modu zainduan, eta argazkilari profesionalekin lan egiten saiatzen dira, berregite hori publiko zabalari helarazteko.

Gutxi dira elkartean. Dozena erdi bat ikertzaile eta beste dozena erdi berregile. Horien garrantzia azpimarratu du Tabernillak. "Berregilea ez da aktore bat, ez du fikzioa eskaintzen. Historiaren pasarte bat modu autentikoan eskaintzen du. Proposamen eszeniko bat ematen diozunean, berregileak benetako materialak eskainiko dizkizu", dio Tabernillak. Dokumentazioa ez ezik, xehetasun guztiak kontuan hartu behar direlakoan dago. Horregatik, oso jende gutxirekin lan egiten dute. "Gure berregiteetan daudenak, adibidez, dagokien adina dute. Ez da diskriminazioa, gauzak ondo egitea baizik, doitasunez".

2009an Legutioko batailari buruz egin zuten berregitean ikusten da hurbilpen hori nolakoa den. Horren pasarte bat ikus daiteke Interneten. "Kasu horretan dokumental baterako abiapuntua izan zen, baina, beste batzuetan, liburu baterako materiala izan daiteke", azaldu du Tabernillak.

Living history gisa ezagutzen den joera dago filosofia horren baitan. Historia Garaikideari dagokienez, horretan talde batzuk besterik ez daude Europan. "Modu lasai eta serio batean lan egiten saiatzen gara, deialdi publikoen arabera lan egin behar izan gabe. Behin material horiek landuta, publikoari helarazten diogu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide