UAGA

Nekazari eta abeltzainek landa eremuaren prekarizazioa salatu dute

Erredakzioa 2020ko urt. 28a, 18:25

Nekazaritza eta abeltzaintzaren etorkizunaren alde lelopean, elkarretaratzea egin du Arabako Nekazarien Elkarteak (UAGA), besteak beste sektoreko prezioek behera egin dutelako. Gutun bat helarazi diote Espainiako Gobernuari.

Asaja, COAG eta UPA elkarteek estatu mailan bultzatutako mobilizazioen testuinguruan, ehun bat nekazari eta abeltzainek protesta egin dute Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean. Espainiako hainbat hiritan mobilizazioak egongo dira ostegunera arte.

Bertan, landa eremuko prekarizazioa salatu dute, eta UAGAk azaldu duenez, bidezko prezioen falta, ustiategien errentagarritasunaren krisi larria eta merkataritza oztopoak dira protestaren arrazoi nagusiak.

2019ko datuak aztertu ostean, "nekazaritza eta abeltzaintzako milaka ustiategiren biziraupena arrisku larrian jartzen duten egiturazko arazoak" daudela ondorioztatu dute.

Gutun bat helarazi diote Espainiako Gobernuari. / ALEA

Sektorearen krisialdia

Lehenik eta behin, nekazaritzako produktuen prezioen beherakada orokorra kokatu dute krisialdiaren jatorrian. Horrekin batera, ekoizpen kostuen areagotzea, merkatuen desarautzea eta nekazaritzaren eredu sozial eta profesionalaren uberizazio progresiboa salatu dituzte mobilizazioan.

Gainera, UAGAk adierazi du ez dagoela ados Nekazaritza Ministerioaren Landa Garapeneko politikaren kudeaketa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriora eramateko gobernu berriak hartutako erabakiarekin.

Erabaki horren bitartez Espainiako Gobernuak nekazaritza sektoreari garrantzia kendu nahi diola uste dute.

Landa eremuaren etorkizuna Araban

Estatu mailako aldarrikapenekin bat egiteaz gain, Araban sektorearen etorkizuna arriskuan jartzen duten hainbat "mehatxu" jarri dituzte mahai gainean. Alde batetik, erremolatxaren prezio "jasanezina" aipatu dute; bestalde, Errioxa ardoaren merkatuaren mehatxuetaz ohartarazi dute -Brexita, AEBko muga-zergak edo landaketa berriak-.

Mehatxu horien aurrean, nekazaritzako ustiategi profesionalak mantentzeko politikak exijitu dituzte: "Landa-inguruneko despopulazio arriskuaren aurrean, gazteak sektorean sar daitezen bultzatu behar da, ustiategien transmisioa sustatuz eta ustiategien errentagarritasuna bermatuz", adierazi du UAGAk.

Mehatxuen artean, baso-faunak laboreei eta aziendari eragindako kalteen areagotzea ere jasanezina dela azaldu dute. Azkenik, desagerrarazitako produktu fitosanitarioei alternatibak aurkitzeko zailtasunak sektorea kaltetzen ari dela gogorarazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide