Bizilagunak

Populismoa ez elikatzea xede

Juanma Gallego 2019ko aza. 19a, 14:15

Kulturarteko 72 bazkari egin dituzte igandean, Bizilagunak ekimenaren barruan. Kultura-aniztasunari ateak ireki eta etorkinekiko mespretxua eragiten duten mezu populistei ateak itxi nahi izan dizkiete horren bidez.

Mila lagun baino gehiago elkartu dira joan den igandean Euskal Herri osoan egindako kulturarteko bazkarietan. Arabaren kasuan, 1.082 pertsona elkartu dira, 72 bazkaritan. Modu horretan, etxe eta txoko asko zubiak eraikitzeko gune bilakatu ziren. Aurten Lautadako, Aiaraldeko, Mendialdeko eta Añanako kuadrilletako hainbat herritan izan dira hitzorduak, eta baita Gasteizen ere. Parte-hartzaileen jatorriari dagokionez, mundu zabala ondo ordezkatuta egon zen: 48 herrialdetatik etorritako lagunak bertaratu ziren otorduetara.

Zurrumurruen aurkako estrategiaren barruan antolatutako ekimena da Bizilagunak, Arabako Foru Aldundiak eta CEAR-Euskadik antolatuta. Errefuxiatuen aldeko erakundeak azpimarratu duenez, "ekimena oso intimoa den zerbaiten ateak irekitzeko modu bat da; alegia, gure etxeak irekitzeko modu bat". Horregatik, bazkari hauek "herritarren keinu kolektibo" gisa definitu dituzte.

Atearen metafora baliatu dute ekimenaren filosofia zabaltzeko. Hala, kultura-aniztasunari atea ireki eta, modu beran, "migratzaileekiko eta errefuxiatuekiko mespretxua eragiten duten mezu populistei" atea itxi nahi izan dietela azaldu dute. Araban jarraian egiten duten laugarren urtea izanik ere, testuingurua kontuan hartuta, aurtengo hitzordua bereziki garrantzitsua izan dela iradoki du Virginia Cid CEAR-Euskadiko kideak: "Gezurrezko zurrumurru arrazistak, diskurtso politiko populistak eta xenofobiaz betetako iritzi publikoa ari gara bizitzen une hauetan", nabarmendu du. Honen aurrean,"kultura-aniztasunerako espazioak" sortzeko beharra azpimarratu du.

Bazkarietan parte hartu duten familia guztiei eskerrak emateko, ekimenaren arduradunek elkarretaratze bat antolatu dute azaroaren 30ean, Gasteizko EHUko Letren Fakultatean. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide