Heriotzaren omenez, gora bizitza!

Ane Pedruzo 2019ko urr. 31a, 07:00
Diego Riverak egin zituen ezagun Catrina koloretsuak. / A. Pedruzo

Ba al dakigu zer dela eta ospatzen ditugun gure egutegiak markatutako jaiak? Bakoitzaren atzean badago ikasi, desikasi eta berrikastekorik. Egunotan Arimen Gaua ospatuko dugu. Mundu mailan Halloween eta Hildakoen Eguna dira erritu honen adierazpen ospetsuenak. Heriotzaren omenaldian sakondu nahi?

Egutegi gregoriano garaikideko hainbat jai-egun amalurraren omenezko ospakizunen eta erlijio katolikoaren sinkretismoaren emaitza dira. Antzinako gizarteak udako eta neguko solstizioen errituen bueltan egituratzen ziren, udaberri eta udazkeneko ekinozioei ere adi, lurraren zikloen arabera. Era honetan, elkarren osagarri eta isla diren neguko eta udako jaiak bereiz daitezke.

Gurean neguko festatzat har ditzakegu santuei lotutako San Martin, San Tomas edo San Anton moduko jaiak, baita Gabonak, Agate Deuna, Kandelaria eta inauteriak ere. Oier Araolaza antropologo eta dantzariak ondo azaldu bezala "neguko jaien ezaugarri dira eske errondak, nekazal produktuen azokak, heriotza (gizaki, animalia zein naturarena) eta berpiztearen inguruko erritualak, mozorro eta janzkera bereziak…".

Jatorrizko errituen eraldaketa merkantilizatua

Neguko festen arten lehena bertan dugu: Arimen Gaua edota Gau Beltza, Halloween formatuan gero eta ospatuagoa. Jai gehienen antzera, hau ospatzeko modua ere merkatuaren mesedetan eraldatua izan da. Estatubatuartzat jo bada ere, mundu osora hedatutako Halloween festa kontsumistak Ameriketara emigratutako irlandar komunitatearen tradizioa omen du oinarri. Ortuek garai honetan ematen dituzten kuiak eta arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandelak barruan sartu eta bide bazterrak argiztatzen zituzten irlandarrek, bizilagunak izutu eta hildakoen arimei bidea erakusteko xedez. Eta ez ziren bakarrak Europan. Hain zuzen ere, duela ez hainbeste, euskal gaztetxoak ere antzera ibiltzen ziren gure herri askotan, etxean topatutako arropa zaharrekin mozorratuta.

"Mesoamerikako gizartearen mundu-ikuskeraren arabera, heriotzak bizitza elikatu eta bere iraupena bermatzen du"

Ameriketara bueltatuta, Mexikon Halloweenen besteko oihartzuna duen jaia ospatzen dute garai honetan: Hildakoen Eguna. Ospakizun entzutetsu hau sinkretismo baten emaitza da, baita ere, Mesoamerikako indigenen errituala baitu oinarri. Mexiko hego-erdialdeko 40 bat indigena taldek ospatzen dute, baita mestizo askok ere; hildakoak omentzeko eta eurekin elkartzeko unea dute. Mesoamerikako gizartearen mundu-ikuskeraren arabera, heriotzak bizitza elikatu eta bere iraupena bermatzen du: ez dago bata bestea gabe ulertzerik, birsortzea heriotzaren ondotik doa. Unescok 2003an izendatu zuen Gizateriaren Ondare Ukiezin eta Ahozkoa, "Hildakoen omenezko ospakizun indigena" izenburupean.

Jai honen adierazpen kulturala anitza eta aberatsa da oso. Hortxe ditu, esaterako, Catrinak, dotore jantzitako eskeleto maitagarri bezain beldurgarriak. Jose Guadalupe artistak duela 100 urtetik gora sortu zituen. "La Calavera Garbancera" izenarekin bataiatu zituen hasiera batean. Izan ere, garaiko txitxirio-saltzaileei iseka egin nahi zien artelanarekin, europarren tankeran janzten zirelako, aberatsak bailiran. Gizarte kritika egiteko xedez jaiotako artelanak Diego Riveraren eskutik egin ziren ospetsu.

Alebrijeek ere leku nabarmena hartzen dute ospakizunean. Pedro Linaresek amestutako naturaz gaindiko izaki koloretsu hauek hildakoak Mitclan-era (azpimundua) heltzen laguntzen dituzten gida espiritualak omen dira. Xoloitzcuintle Mexikoko txakur endemikoa da hauen artean ezagunena.

Cempoalxuchitl loreek zehazten dute hildakoen lurraldetik bizidunenera heltzeko bidea. Hala, urriaren erdialdetik aurrera laranja eta hori kolore biziarekin betetzen dira maitasun eta errespetu osoz atondutako hilerrietako panteoi eta etxeetako aldareak.

María Salud. 106 urteko emakume purepecha du oinarri Pixar ekoiztetxeko 'Coco' filmak

Jai gehienetan bezala, janaria eta edaria festaren ezinbesteko osagaiak dira. Aldareetan hildakoen argazkiak jartzearekin batera, euren jaki gustukoenak eskaintzen zaizkie. Tamalak (hildakoen gorputzak biltzeko teknika zaharra gogora ekartzen duen arto hostoan bildutako arto opila) eta atolea (artoa oinarri duen edaria) ez dira falta. Hauei, herri guztietako azoketan eskuragarri dauden hildakoen opil eta alfeÒique-ak gehitu zaizkie azken urteetan; azukre bonbak.

Erroak erro, Hildakoen Eguna ez dago merkantilizaziotik at, ezta gutxiago ere. Horren adibide argia da, adibidez, 2016tik hona Mexiko Hirian urtero ospatzen den desfilea. 2015ean James Bond-en Spectre filmerako asmatutako hildakoen kalejira errealitate bihurtzeko beharra sentitu zuten agintari mexikarrek, filmaren ondorioz sortutako eskari turisitikoari erantzuteko. Pixar ekoiztetxearen Coco filmak ere bere eragina izan du, batez ere Michoacanen. Izan ere, filma estatu horretan dagoen Patzcuaro lakuaren inguruko Santa Fe de la Laguna herrian dago oinarrituta. Dagoeneko laku inguruko ospakizunak masifikatuak bazeuden, Pixarrek ez du joera baretzen lagundu.

Hildakoen mintzaira biziak

Tamalez, Hildakoen Eguna munduratu duten ekoiztetxe erraldoi eta bestelako botereek ez dute bertako kultura eta hizkuntza aniztasuna balioan jartzeko aukera aprobetxatu. Nazio Batuen Erakundeak 2019a hizkuntza indigenen urtea izendatu duen honetan, ezin aipatu gabe utzi Mexikoko jatorrizko hizkuntzak. Hizkuntza Indigenen Institutu Nazionalaren (INALI) arabera, 70 hizkuntza talde daude, hiru adar linguistiko handitan banatuta: uto-azteca, maya eta otomangea. Horiez gain, lau familia linguistiko independente daude eta beste lau hizkuntza isolatu: seri, purepecha, Oaxacako chontala eta huavea.

Hain zuzen ere, Coco pelikulan nabarmendu ez arren, Santa Fe de la Laguna herri purepecha da, eta bertan bizi da hezur-haragizko Mama Coco: Maria Salud. 106 urteko emakume hau purepecha hiztun petoa da, herriko biztanle guztiak bezala. Are gehiago, filmak herriko plazan bistaratzen duen monumentua (Ernesto de la Cruz fikziozko abeslariarena) errealitatean Elpidio Dominguezen omenezkoa da, purepechen eskubideen alde borrokatzeagatik eraildako aktibista.

Catrina, dotore jantzitako eskeletoa, Jose Guadalupe artistak sortu zuen duela 100 bat urte. /A. Pedruzo

Purepechaz gain, anitzak dira Hildakoen Egunaren mintzairak. Besteak beste, espainolez hitz egiten dutenek ere nahuatl hizkuntzan izendatzen dituzte erritual honen oinarrizko elementu asko: Mictlan, cempoalxuchitl, xoloitzcuintle… Mexikon gehien hitz egiten den bigarren hizkuntza da nahuatl-a, milioi eta erdi hiztun inguru dituena, eta bere alfabetoa estandarizatu berri duena. Errepublika Federalaren izena bera nahuatl-a da: metztli (ilargia), xictli (zilborra edo erdia) eta co (tokia adierazteko atzizkia). Alegia, ilargiaren zilborrean ospatzen da Hildakoen Eguna.

Ospakizunak erroetatik arnasteko erronka

Bistan da Arimen Gaua, Gau Beltza, Halloween eta Hildakoen Egunaren jatorrizko zentzua ez dela hain desberdina: heriotzaren eta bizitzaren dualtasuna ohoratzea. Jai bakoitza ospatzen den gizartearen eredu hegemonikoaren arabera garatu da. Heriotzari bizkarra emanez bizi den mendebaldeko gizartean, bada, heriotza hutsalduz ospatzen da nagusiki.

Zorionez, badira inertzia hegemonikotik aldendu eta jatorrizko sinbologiari eta izateko arrazoiari eusten diotenak, baita usadio zaharretik abiatuta ospakizunaren berrasmatzean murgilduta dabiltzanak ere, bestelako baloreak lehenetsiz. Euskal Herrian, esaterako, Gau Beltza bertako ikuspegitik antolatzen hasiak dira jada hainbat herritan, Gasteiz, Aramaio, Laudio, Mutriku, Eibar, Aretxabaleta, Lekeitio, Oiartzun, Pasaia edo Arrasate kasu, eta datozen urteetan proposamen berriak sortuko direla aurreikus daiteke.

Hildakotik berpizten, gora bizitza!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide