Arabako gaztagileak, maila gorenean

Erredakzioa 2019ko urr. 29a, 17:17
Azkarra gaztandegiko Gorka Asurmendi, iaz, Gernikan, lehen saria jasotzen. ALEA

Galarretako Azkarrak eraman du munduko gazta keturik onenaren saria World Cheese Awards txapelketan. Gernikako Azokan, berriz, Agiñagako gaztandegiak jaso du lehen saria.

Zorioneko daude Arabako gaztagileak. Galarretako Azkarra gaztandegiarena munduko gazta keturik onena izendatu dute World Cheese Awards txapelketako 32. edizioan. Hainbat herrialdetako 3.800 gazta lehiatu dira munduko gazta txapelketa pretigiotsuenean, eta Idiazabal Jatorri Izendapeneko eta Artzai Gazta Elkarteko gaztandegiek 63 domina eskuratu dituzte. Urriaren 18an eta 19an egin dute txapelketa, Bergamon (Italia). 

Galarretako Azkarran bederatzi urte daramatzate Gorka eta Iban Asurmendi anaiek gazta egiten, eta ardi latxak zein karrantzarrak zaintzen dituzte gazta zuria eta ketua egiteko. Aitak erakutsitako teknika baliatzen dute gazta ketua egiteko, eta horri esker lortu dute anaiek munduko lehen saria. 

Halaber, aste honetan bertan, Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azokako gazta onenaren bigarren saria eraman dute Galarretako anaiek. Lehen postua, berriz, Arabako Agiñaga herrira joan da, hain zuzen Jose Ramon Martinez Elejaldek gobernatzen duen Aguiñiga gaztandegira.

Gazta onenaren prezioak gorakada nabarmena eduki du aurten, iazko gaztarenaren aldean, eta 6.600 euro ordainduta erosi du gazta erdia Nafarroako Zoko patxaranak enkantean. Bigarren saria, Gorka Asurmendiren gazta, 400 euroan erosi du Kortezubiko Lezika jatetxeak.

Busturialdeako Hitzan elkarrizketa egin diote Jose Ramon Martinez Elejalde txapeldunari:

"Ondo egindako lan baten aintzatespena dela uste dut, gure lana hain txarto ez dugula egin adierazten digun saria da".

Aguiñiga Gaztandegiak eraman du lehen saria. BUSTURIALDEKOHITZA

Irabaztea espero zenuen?

Espero ez, baina irabazteko itxaropena izan dut. Asko gara gaztagintzan gabiltzenak, eta Idiazabal gazta gaur egun oso ondo posizionatuta dagoela uste dut: gehienok oso gazta ona egiten dugu. Hala ere gure artean dagoen konpetentzia oso sanoa dela esan behar dut.

Zer suposatzen du zuentzat urriko azokan lehen saria irabazteak?

Ondo egindako lan baten aintzatespena dela uste dut, gure lana hain txarto ez dugula egin adierazten digun saria da. Ez da azoka honetan irabazten dugun lehen aldia; 2013an bigarren saria irabazi genuen eta 2014an, lehen saria. Une txarragoak bizi izan ditugu azken urteetan, baina lortu dugunagatik harro hartu dut saria.

Zein da zuen gaztaren sekretua?

Hemen irabazteko, dastatzaileen gustuko zaporea lortzea. Gazta gozo bat sortu dugula uste dut; lehenik eta behin, garrantzitsuena gazta niri gustatzea izaten da. Gure gazta Idiazabal Artzai Gazta da, hau da, gure esne propioagaz sortzen dugun gazta da. Beraz, gure produktua sortzerakoan prozesu guztia kontrolatzen dugu: ardiak eta horiek jeztea, gazta egitea eta azkenik hori saltzea. Oso larre onak dauzkagu Gorobel mendilerroan.

Gaztaren salmentek beherakadak jasan dituzte azken urteetan?

Erosleentzat gazta luxuzko produktua izan gabe, oso maila altuko elikagaia da. Erosle hori merkatura gazta erosten doanean, askotan kontuan hartzen duena prezioa da. Hala ere, niretzat gaztek produktu merke bat izaten jarraitzen dute; hori sortzeko lanean eman biher diren orduak kontuan hartuz gero, atzean duen lana ikusiz gero, ez da hain produktu garestia. Artzai gaztak ez du merezi duen aitorpena jasotzen; enpresa handiek era guztietako gazten nahasketak egin ahal dituzte esneagaz, eta horien kopuru erraldoia sortu. Guk egiten dugunak askoz lan gogorragoa eskatzen du.

Gaztandegien sektorean belaunaldi berriak datoz?

Nire ustez belaunaldi berrien txandakatzea oso zaila izango da. Aintzatespen gutxi duen sektore bat da, hutsune asko daude. Agian pixka bat berandu denean norbait konturatuko da dagoeneko txandakatze hori gertatzeko beranduegi dela. Artzainak bi eskuetako atzamarrekin zenbatzen ari gara dagoeneko, batez ere Araban.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide