Arbasoen "tsunamia" Araban

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko urr. 28a, 09:11
Villanañen aurkitu duten herrixkaren aztarnak. QARK

Herrialdeko hiru tokitan agertu dira antzinako arabarren aztarnak: Berantevillan Neolitoko herrixka bat aurkitu dute, Villanañen erromatar garaiko eraikinak, eta Kuartangon trikuharri bat induskatu dute.

Arabako edozein tokitan harri bat altxatu eta arbasoen aztarnak agertuko dira. Hala diote arkeologoek, eta hala frogatu dute azken asteetan. Berantevillan, Villanañen eta Kuartangon garrantzi handiko aurkikuntzak egin dituzte, Arabako historiaurretik Erdi Arora bizi ziren arbasoen berri emango dituzten aztarnak agertu baitira hiru herrietan; hondarrak jaso eta antolatu ondoren, ikerketa faseari ekingo diote.

Ondare Babesa enpresak eta Alfonso Aldai EHUko irakasleak gidatu dute Iparraldeko San Sebastian trikuharriaren inguruan egin den indusketa. Anda eta Katadiano artean dago hilobi megalitiko hori, eta beste hirurekin batera osatzen du Kuartangoko trikuharri-gune zabala.

Tumulu handiena da: 3,5 metroko altuera eta 40 metroko diametroa ditu; orain dela 5.200 urte eraiki zuten, eta 2.000 urtez erabili zuten jendea hobiratzeko. Iaz, ehunka gizakiren hezurrak, garezurrak, zeramikak, silexa eta metala aurkitu zituzten bertan. Aurten, berriz, hilabeteko lana egin dute hilaren ganbarara sartzeko korridorea aurkitzeko. Alta, ia hiru metroko sakonera induskatu eta gero, alboko lauza bat soilik aurkitu dute, baina beste bat falta da. Halaber, arkeologoek ikusi dute iparraldeko eta hegoaldeko tumuluaren paretak erabat desberdinak direla: "Zalantza gehiago ditugu orain hasieran baino", esan dute. Trikuharria induskatzen jarraitu beharko dute aurrerantzean, tumuluaren garapen historikoa ezagutzeko.

Toberako herri zaharra

Euskal Herrian orain arte aurkitu duten Neolitoko herri bakanetakoa da Toberan iragan astean deskubritu dutena. CENIEHk zuzendutako talde batek prospekzio magnetikoaren teknika erabili du Berantevillako Los Cascajos izeneko parajean, eta Neolitoko gela batzuen egiturak antzeman dituzte. Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko ikertzaile eta geologo Andoni Tarriñok gidatu du indusketa.

"Egitura lineal ugari aurkitu ditugu, horietako batzuk zirkularrak dira, eta 10-20 metroko diametroa duten etxolak direla uste dugu; halaber, bestelako egiturak ere igarri daitezke, putzuak, hobiak…", azaldu du Tarriñok. Ofitako mazo bat ere aurkitu dute toki horretan.

1980ko hamarkadan egindako indusketetan bildutako materialengatik (silex, zeramikak, aizkorak…), arkeologoek uste zuten toki horretan herrixka bat egon zitekeela. Iaz, Los Cascajos inguruak induskatzen hasi ziren, eta aurten, lana osatzeko, lurraren anomalia magnetikoak identifikatu dituzte, guztira 7,3 hektareako azaleran.

Araikoko mendatean, Pozarrate izeneko eremuan, Neolitoko meatzariek ustiatu zuten silex harrobiarekin lotu du Tarriñok Toberako herrixka. Izan ere,  2,15 kilometro baino ez daude Pozarrate eta Los Cascajos artean. 

Erromatarrak Gaubean

Hirugarren aurkikuntza, Gaubeako Villanañe herriko Ibarrako zelaian jazo da. Ur zikinak eramateko kolektore bat jartzeko obrak agerian utzi du Burdin Arotik Erdi Arora okupatuta egon zen ingurune bat; eta horretan, Erromako Inperioaren garaiko tamaina handiko hiru eraikinen aztarnak agerian geratu dira. Ustez, I. mendean altxatu zituzten eraikinak antzinako beste batzuen gainean, eta hiru edo lau mendez erabili zituzten. 

Quark arkeologia enpresak egin du obraren kontrol arkeologikoa, eta iragan astean zabaldu zuten aurkikuntza Gaubeako herritarren artean. Leandro Sanchez arkeologoak azaldu duenez, Burdin Arotik okupatuta egon den espazio bat da, eta gero, erromatar herrixka bat eraiki zuten bertan, nahiko inportantea. "Uste dugu Espejotik ateratzen den galtzadarekin lotuta dagoela, kostaldea eta meseta lotzeko".

Erdi Aroko zeramikaren aztarnak ere aurkitu dituzte Ibarrako zelaian, eta horrenbestez, arkeologoen hipotesien arabera, I. mendetik IV. edo V. mendera arte erabili zuten espazioa garaiko biztanleek. "Erromako Inperioaren ostean hustu egin zen, eta Erdi Goi Aroan birpopulatu zuten". Lanek jarraitzen dute bertan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide