Bernaola Jaialdiaren XVI. edizioak klasiko garaikideak bildu ditu

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko urr. 25a, 18:00
Alfonso Gomez Gasteizko piano jotzailea. BERNAOLA JAIALDIA

Urriaren 26an hasiko da eta azaroaren 28ra arte iraungo du. Doako 13 kontzertu izango dira Gasteizko Kontserbatorioan, Arte Ederren Museoan, Artiumen edo Araiako Andra Mari aretoan.

Bernaola Jaialdiaren XVI. edizioak ospe handiko nazioarteko artistak eta lehen mailako euskal sortzaileak bilduko ditu musika garaikidearen inguruan, urriaren 26tik aurrera. Jack Quartet Amerikako Estatu Batuetako hari laukoterik garrantzitsuena ekarriko du herrialdera, eta proiekzio handia duten euskal artista asko ere egongo dira, hala nola Alfonso Gomez Gasteizko piano jotzailea edo Zukan hirukotea.

Musika klasiko garaikideari zuzendutako Bernaola jaialdia estreinaldien zabalkundea egiteko sortu zuten, eta teknologia berrien eta beste diziplina artistiko batzuen arteko interakzioa sustatzeko ere. Adierazpide modu berriak aztertzea, teknika instrumental berriekin esperimentatzea eta soinua baliabide elektroakustikoen bidez manipulatzea dira jaialdiaren bereizgarriak.

Egitarau eklektikoa

Asmo handiko egitaraua prestatu dute. Besteak beste, azpimarratzekoa da Jabi Alonsok txalapartaren inguruan egin duen AmetsOLAK lanaren estreinaldia; edo Jeff Kaiser tronpeta jotzaileak eta Luis Tabuenca perkusio jotzaileak osatu duten The Forgetting Machine inprobisazio-bikoteak Systematic and Quantitative lana aurkeztuko duela. 

Halaber, United Instruments of Lucilin Luxemburgeko lehenengo ganbera taldeaz ere gozatu ahalko da; nazioartean entzute handia duen Markus Leoson perkusio jotzaile bakarlariaren errepertorio eklektikoa ezagutzeko aukera dago. Proxima Centauri eta Sinkro taldeek, berriz, Hego Amerikako sorkuntza musikalaren erakusgarri diren Cuelebre eta Sabia lanak aurkeztuko dituzte.

Bernaola Jaialdiaren edizio berria Araian eta Gasteizen egingo da, urriaren 26tik eta azaroaren 28ra arte. Guztira, hamahiru kontzertu eskainiko dituzte Jesus Guridi musika kontserbatorioan, Arabako Arte Ederren Museoan, Artium museoan eta Araiako Andra Mari Aretoan

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide