"Despopulazioari aurre egiteko neurri politikoak behar dira"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko urr. 18a, 19:02
Joseba Terreros, Arabako Kontzejuen Elkarteko presidentea.

 'Despopulazioa eta Landa Garapena' jardunaldiak egiten ari da Arabako Kontzejuen Elkartea, Kanpezun.

Gaur eta bihar artean jardunaldiak egiten ari dira Kanpezun, AKE Arabako Kontzejuen Elkarteak  antolatuta, herrialdeko hainbat eskualdetan dagoen biztanleen galera aztertzeko. Despopulazioa eta landa garapena lemapean bildu dira herriko Kultura Etxean berrogeita hamar bat lagun.

Jardunaldien aurkezpena Arabako Lehen Diputatu Nagusiordea Pilar Garcia de Salazarrek, Kanpezuko alkate Iber Basterrak eta Kanpezuko Kontzejuko presidente Juana Maria Musituk egin dute. Ondoren, AKEko presidente Joseba Terrerosek despopulazioari buruz elkarteak iaz egin zuen ikerketa aurkeztu du, eta horren emaitzak ikusirik azpimarratu du "despopulazioari aurre egiteko neurri politikoak" behar direla.

Horien artean, aipatu ditu herrietan dauden jardueren berri ematea, kontzejuak sustatzea, kultura elkarteak bultzatzea, landa eremuan lana sortzea, nekazaritza arloan laguntzea, hirigintza ordenantzak malgutzea, landa eremuko Alokabide agentzia bat martxan jartzea, eta hezkuntzan eta garraioan inbertitzea.

Dena den, "edalontzia erdi beteta ikusi" behar dela azpimarratu du AKEko presidenteak, eta landa eremuko biztanleak "optimistak bezain errealistak" direla esan du.

AKEk egin duen azterketaren arabera, Arabako Mendialdea da lurraldean biztanle gehien galdu duen eskualdea, baita Añanako zein Arabako Errioxako herri zehatzak ere; Gasteiz ez diren gainerako eskualdeetan biztanleria eskualdeko buruetan hazi da. Horren isla dira, Terrerosen arabera, Eustatek eman dituen azken datuak, "Araban populazioa hazi da, baina soilik 112 irabazi dituzte herriek, gainerako guztiak Gasteizera joan dira".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide