"Istorioak bertakoek kontatu eta zabaltzea falta zaigu"

Anakoz Amenabar 2019ko ira. 14a, 06:00
Gasteizko Festval jaialdiko amaiera galan izan zen Ituño, joan den larunbatean. / Festval

'La Casa de Papel' seriearen laugarren denboraldia grabatu berri, 'Hil kanpaiak' pelikula grabatzen hasiko da datorren astelehenean. 

Bata eta bestearen artean, etena egin du Itziar Ituñok (Basauri, 1974) Gasteizen, Festval telebista jaialdian eman dioten Aisge saria jasotzeko.

Azken denboraldiko interpretazio onenari saria jaso duzu, aktoreen eskutik.

Oso pozgarria izan da. Imajinatu gremiotik sari bat jasotzea zer den! Zure lanaren aitortza handia da, eta hori pozgarria da beti. Gainera Gasteizen! Kariño berezia diot hiri honi hemen ibili naizelako antzerkia egiten Teatro Paraisorekin batera.

Momentu berezian heltzen da saria gainera, ezta?

Justu La Casa de Papel-en laugarren denboraldia amaitu eta Imanol Rayok zuzendutako pelikula grabatzen hasi behar dudanean Gasteiztik pasa eta sari bat jasotzea ez da batere txarra kar kar...

Tsunami baten erdian bizi zarela esan duzu.

La Casa de Papel Netflixen estreinatu zenetik bizitako guztiagatik esan nuen. Pentsa 24 milioi lagunek ikusi dutela hirugarren parte hau, eta horretaz konturatzea...

Milaka jarraitzaile Instagramen, herrialde ugaritako lagunen mezuak... Nola kudeatzen da fama hori?

Egunaren arabera izaten da, eta lagun horiek gerturatzen diren moduaren arabera. Jende asko gerturatzen da kariño pilo bat eta bi musu ematera edota serieari buruz zerbait esatera, eta badira argazkia bakarrik nahi dutenak... Denetarik dago, baina egia da deskonektatzea oso zaila dela. Egunean zehar ehun argazki baino gehiago egin dituzunean, ostras... etxera bueltatu eta ez ateratzeko gogoa izaten duzu. Telesaila duzu ahotan denbora guztian, eta ez dago modurik lanetik deskonektatzeko. Modu anonimoan bidaiatzeko ere zail... horretan bizitza aldatu zait. Baina tira, lan hauetan egun batean hor zaude eta hurrengoan batek daki, beraz lasaitasunez...

"Latza izan zen boikot saiakera; uste dut arrastoa uzten duela, ezer ez baita debalde"

'La Casa de Papel' seriearekin ere boikot saiakera bat bizi izan zenuen. Nolako arrastoa utzi du?

Latza izan zen, saiakera desatsegina, eta polita horren ostean ikustea zenbat jendek erakutsi zidan babesa eta animoa. Babes handia jaso nuen lagun eta ezezagunen aldetik. Baina uste dut arrastoa uzten duela, ezer ez da debalde. Noraino helduko den utzitako arrastoa? Ziurrenik lan batzuk hor geratu dira; oso gatxa da jakitea zergatik aukeratzen zaituzten eta zer interes dauden atzetik, baina batzuetan gauza susmagarriak gertatzen dira eta badakit arrastoren bat utzi duela. Publizitate pare bat erori zitzaizkidan horren harira, hasieran eskaini baina gero... Sorgin ehiza XXI. mendean, eta gertatzen jarraitzen dutenak. Munduan gauza gutxi aldatu da, egia esan...

Zuri eragin dizu? Iritzia ematerako garaian...

Nik iritzia eman baino, normalean deitu egin didate horren alde edo beste horren alde babesa emateko... eta egiten jarraituko dut egoki ikusten badut. Orain badakit zelako eragina izan dezakeen zure lanean, tamalez, batere justua ez delako; denok dugu pentsatzen duguna adierazteko askatasuna, baina ez da egia.

Seriearen arrakastarekin, eskaintza aldetik ere aldatu da egoera?

Eskaintza gehiago daude, eta lujo bat da hori. Zer egin nahi dudan aukeratu dezaket. Urteetan ibili naiz, beste aktoreen moduan, zetorrenari baietz esaten, askotan zeneukan bakarra zelako, eta bapatean mahai gainean lau gidoi ikusten dituzu eta erabaki bat hartu behar duzu data berean direlako. Pozgarria da.

Zeren arabera aukeratzen duzu? Zerk erakarri behar zaitu?

Istorioak erakarri behar nau, eta dagokidan pertsonaiak. Istorioak zerbait esaten badit animatu egiten naiz, hasieran behintzat. Eta pertsonaiak ere garrantzia dauka; askotan tokatu zaizkit antzeko perfila duten pertsonaiak, eta orain beste perfil batzuetara jo nahiko nuke.

Komedia gosez, beharbada?

Gustora hartuko nuke bat. Orain Hil kanpaiak thrillerrean parte hartuko dut, eta 2020rako ere proiektu interesgarriak daude, telebista eta zinerako.

Zer bilatzen zenuen Basauriko antzerki eskolan?

Oso antzerkizalea eta zinezalea nintzen ikusle modura, eta beti izan nuen amets hori. "Zer izango ote da pelikula batean paper bat interpretatzea?", pentsatzen nuen, eta modurik hurbilena Basauriko eskola nuen. Han konturatu nintzen honek zuen mamiaz, zenbat gauza ikasi behar ziren aktore izateko... Eta han geratu nintzen, lotsatia izan arren, benetan gustatzen zitzaidalako.

"Lehenengo Goenkale itxi zuten, eta gero Fagor. Eta ez da fabrika gehiagorik zabaldu"

'Goenkale'-rekin heldu zen jauzi profesionala?

Bai, tartean beste gauza batzuk egin arren, hori izan zen lehenengo saltoa.

Nolako eskola izan zen 'Goenkale', hainbat aktore, teknikari, gidoilarirentzat...

Eskola esaten zaio, baina nik fabrika esango nuke. Euskal Herriko profesional pilo bat pasa ziren bertatik, eta ikasitakoa han jarri zuten martxan, fabrikan. Euskal aktoreen fabrikarik handiena izango zen ziurrenik.

Eta zelako hutsunea dagoen gaur, fikzioari dagokionez!

Itzela. Fabrika itxi zuten. Nire aitak Fagorren egiten zuen lan, eta ni neu ere han ibili nintzen. Lehenengo Goenkale itxi zuten, eta gero Fagor. Eta ez da gehiagorik zabaldu!

Zer falta da? Estrategiarik badago?

Ez dakit, ez naiz aditua diru banaketetan, baina sumatzen dut badagoela moduren bat. Aldatzen ari da telebista ikusteko modua, hori ere egia da, eta orain serie gehienak plataforma digitaletan egiten dira, baina euskararen presentzia horietan ere minimoa da, eta zeozer egin behar da. Egiteko gaitasuna badugu, soberan. Bertakoek kontatu eta lau haizeetara zabaldu behar dugu.

Serie eta pelikula artean, beste zaletasunentzako tarterik geratzen zaizu? Musikan ere bazabiltza...

Azkenaldian gaizki, lan saturazio handia izan dudalako, eta apur bat alboratu behar izan dut nire parte-hartzea musika taldeetan. Baina jarraitzeko asmoa daukat, hori erabakita daukat, nire bizitzaren beste parte bat delako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide