Gasteizko lan prekarioak salatzeko ekimena aurkeztu dute

Erredakzioa 2019ko abu. 5a, 12:52

Instagramen jasoko dituzte salaketak. /Sutan Gaude

Bionor, Sagartoki eta El Horno-ko salaketak jaso dituzte, besteak beste.

'Sutan gaude!' izena jarri diote lan prekarioak salatzeko abian jarri duten egitasmo berriari. Lan esparruarekin zerikusia duten hamaika esperientzia ezagutu eta alor honetan dauden "egoera tamalgarriei" erantzuteko tresna moduan aurkeztu dute. "Hainbestetan lan-baldintza txarrak jasan eta esplotatuak sentitu izan direnek euren isiltasunarekin apurtzea nahi dugu. Sarritan ez ditugu espazioak aurkitzen jasaten duguna konpartitzeko, edo zure nagusiak gaizki tratatzea edo zure lanak sufrimendua sortzea normala dela pentsatzera heltzen gara, eta horrekin amaitu nahi dugu", aipatu dute ohar batean.

Jendeari bere esperientziak modu anonimo batean publiko egiteko aukera eskaini nahi diote egitasmo honek, informazio honen hartzaileentzat ere interesgarri izango delakoan, "lana bilatzerako orduan edo kontsumitzaile gisa aritzerako orduan euren lehentasunak zehazteko baliagarri izango zaizkien irizpideak eskainiz". Horretarako, Instagram plataforma erabiliko dute @sutangaude izenarekin. "Prekaritatea sufritzen dugunon erakuslehio izatea du helburu".

Ekimena aurkeztu berri, hainbat salaketa jaso dituzte dagoeneko. Sagartoki jatetxearen inguruan horietako bat: 

*Uda batean lan bila nengoela, Sagartoki jatetxean utzi nuen Curriculum-a. Lan elkarrizketa izan ondoren, 4 eguneko froga-kontratua egin zidaten. Kontratuaren arabera, egun bakoitzeko 4 ordu egin behar nituen lan, baina ez zen inondik inora horrela izan. Lehenengo egunean, jada 5 ordu lanean neramala, enkargatuari esan nion 4 ordukoa zela nire lanaldia. Bere erantzuna orduetaz ez arduratzeko izan zen, lanerako gaitasuna erakustea zela axola behar zitzaidana. Lanerako gaitasuna lanaldi amaigabeak egiten erakusten omen da bertan. 4 egun horietan, 16 ordu sartu beharrean ia 44 sartu nituen, hirugarren egunean, lanaldia ia 14 orduetara heldu zelarik. Ordaintzerakoan, ordua ez zen 4 eurotara heldu (ordu extrak ez baitzituzten kontuan hartu) . Gure hirian hain ospetsua den, eta hainbesteko irabaziak dituen jatetxe honek langileak horrelako baldintzetan izatea sutan egoteko modukoa da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide