'Busti zaitez' elkartasun kanpaina

Erredakzioa 2019ko uzt. 19a, 15:09
'Busti zaitez' kanpainaren aurkezpena. / Vital Fundazioa

Estadioko igerilekuetan egingo dute ekitaldi nagusia; bildutako dirua esklerosi anizkoitza dutenen errehabilitazio-zerbitzuak finantzatzeko erabiliko da.

Vital Fundazioak eta Aemar-Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkarteak datorren igandean, uztailaren 21ean, egingo dute Busti Zaitez kanpainaren XXII. edizioa, esklerosi anizkoitza duten pertsonekiko sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Jarduera nagusia 12:00etan izango da Estadio Fundazioaren instalazioetan, baina beste hainbat jarduera egingo dira Arabako zenbait igerilekutan.

Gizartea gaixotasun horrekiko sentsibilizatzeko, duela hogeita bat urtetik, udaro, antolatzen da Busti zaitez ekimena. Aurten, Euskadi osoko laurogei hondartza eta igerileku baino gehiagotan egingo da. Estadio Fundazioko, Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuak Gasteizen, eta Agurainen, Araian eta Aldaieta klub nautikoan egingo dira jarduerak. Parte-hartzaile bakoitzak nahi duen beste metro egin dezake igeri eta boluntario taldeak bere diploma egiaztagarria emango dio amaitzen duenean. Eguna amaitzean, igeri egindako metro guztiak batuko dira, esklerosi anizkoitza duten pertsonekiko elkartasun jarduera sinboliko batean. Gainera, egun osoan, boluntarioek informazioa emango dute eta esklerosi anizkoitza zer den eta kanpaina honetan nola parte hartu eta nola lagundu azaltzeko diptikoak banatuko dituzte.

"Gaixotasun kronikoa"

Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologiko ohikoena da heldu gazteen artean. 20 eta 40 urte bitartean diagnostikatu ohi da, eta gehiago eragiten die emakumeei gizonezkoei baino. Gaixotasun kronikoa da eta bizi-kalitatea mugatzen duten ondorioak izan ditzake. Bost ordurik behin kasu berri bat diagnostikatzen da Estatuan. Gaur egun 2.200 lagunek baino gehiagok pairatzen dute gaixotasun hori Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 47.000 lagunek Estatuan eta 700.000k Europan. Sintoma ohikoenak nahasmen sentsitiboak dira, orekarenak eta mintzamenarenak; dardarak, gorputz-adarren ahuldadea eta, kasu larrienetan, horien paralisia; eta alterazio urologikoak, bertigoa, nekea, inurridurak eta ikusmen nahasmenduak.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide