Indarberrituta dator EHZ festibala

Erredakzioa 2019ko eka. 15a, 07:00
EHZ festibalaren aurreko edizio bat. EHZ

Nafarroa Behereko Irisarri herrian egingo da ekainaren 28tik 30era EHZ festibala. Bono bat zozkatu du ALEAk, eta ekainaren 21ean publikatuko dugu irabazlearen izena.

Euskal Herriko artistak ezagutzera emanez kalitatezko jaialdi "aberats eta anitza" eskaintzeko helburua duen egitaraua prestatu dute beste behin EHZ festibalaren arduradunek. Hala, rap, rock, pop, reggae eta cumbia doinuek, besteak beste, hiru egunetarako soinu banda osatuko dute. Ekainaren 28tik 30era ospatuko da jaialdia, Irisarri herrian, Nafarroa Beherean. Antolatzaileek uste dute 3.500 lagun inguru pasako direla hiru egunetan Irisarritik.

Gazte talde baten gidaritzapean dator, gainera, aurtengo edizioa eta, festibalaren beraren filosofiari jarraiki, egungo gazteen behar eta jakin-minera egokitu dute proiektua. Hala, EHZ Festibalaren nortasunari eutsi diote, hain zuzen, bere programazio musikal alternatiboari eta aberatsari. "EHZ Festibala ez litzateke deus izanen Euskal Herriko musika talde bikain guzti horiek gabe. Talde ezezagunagoak edo ttikiagoak izanda ere, denak kalitatean handi direla erakutsi dute urtez-urte. Festibalean beti ukan dute nazioartean ezagunago diren artisten ondoan, giro ezin hobean haien eskaintza plazaratzeko. Tiken Jah Fakoly, Sutagar, Public Enemy, Lluis Llach, Alpha Blondy, Berri Txarrak, Goran Bregovic, Bigflo & Oli, Fermin Muguruza, Crystal Fighters, Gojira, Keny Arkana, Manu Chao... eta beste anitz izan dira EHZko oholtzen gainetik igaro diren talde entzutetsuak".

Aurtengo edizioko musika talde nagusien artean honako hauek daude: Iseo & Dodosound, Niña Coyote eta Chico Tornado, Willis Drummond, Gari & Maldanbera, Oihan Oliarj-Ines, Ray Fernandez, Anari, Old School Funky Family, Cumbiam’bero, Liher, Izaki gardenak, Koban, Nizuri Tazuneri, Montauk eta Broken Brothers Brass Band. Zenbait taldek, gainera, obra berriak aurkeztuko dituzte festibalean, haien artean dira Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bedi eta Diabolo Kiwi.

Era berean, ikustekoak izango diren emanaldien artean daude, batetik Toi d'abord zirkoaren ikuskizuna, eta bestetik, Led Silhouette dantza konpainiarena; EHZ festibalerako propio sortutako Orbita ikuskizuna estreinatuko dute, Gaizka Sarasola musikariaren zuzeneko konposizioak lagun eginda. Egitaraua osatuko dute bertso-poteoak, txarangek, dantzak, erakusketek eta antzerkiek.

Egunero gazteek bizitzen dituzten problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da ere festibala. "Horregatik, elkar trukaketa eta hausnarketa aldia ahalbidetuko duen gune eta tarte bat proposatzen ditugu, eduki politikoari garrantzia nabarmena eskainiz eta formakuntza eskaintza zabal eta aberatsa proposatuz".

Erasorik gabeko gunea

 Nabarmendu dutenez, festibala emakumeen, aniztasunaren eta sexu-askapen eskubideen babes-gune den heinean, ez da inolaz ere eraso sexista, lesbofobo, homofobo, arrazista edo dena delakorik onartuko. "EHZ Festibala pertsona guztiak aske eta errespetaturik sentitzeko gune gisa ulertzen dugu. Horrenbestez, gogoz kontrako ukimenduak, irainak, bazterkeriak eta bestelako jarrera desegokiak irmotasunez gaitzestuak izanen dira, eta jarrera horiek festibaletik kanporatuak izanen dira. Brigada Ubelari esker gai hauen inguruko sentsibilizazio eta zainketa lana eginen da EHZ Festibalean zehar".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide