Flora inbaditzailea kontrolatzeko neurriak hartu ditu URAk

Erredakzioa 2019ko api. 5a, 12:15
Buddleja daviddi aleak aurkitu dituzte Araban. URA

Arabako klimatologiak ez du flora inbaditzailearen hedatzea laguntzen.

URAk flora inbaditzailea kontrolatzeko hainbat ekintza sustatu ditu Araban azken urtean. Egun, espezie hauen zabalpena txikia da lurraldean, hein handi batean klimatologiak ez duelako flora inbaditzailearen errotzea laguntzen. Hala, alde nabarmena dago kantauriar isurialdeko ibaiekin, bertan, klimak eta ertzak artifizialtzeak espezie horien ugaltzea lagundu dutelako.

Hala ere, Araban, 2018an, 8.526 euroko inbertsioa egin da flora inbaditzailea kontrolatzeko. Ibaien eremuetan espezie ohikoenak Kanabera arrunta (Arundo donax) eta Panpako luma-erratza (Cortaderia selloana) dira, eta Tximeleten zuhaixka (Buddleja davidii) ale batzuk ere aurkitu dituzte.

Kanabera arruntaren kasuan, hesiak, ortuak eta abarretan erabiltzen diren makilekin zabaltzen da. Panpako luma-erratza eta tximeleten zuhaixkaren kasuan, ordea, batez ere lorezaintzan erabiltzen dira, apaingarri gisa. URAk nabarmendu duenez, mota horretako landaredia izatea debekatuta dago. "Horregatik beharrezkoa litzateke bere ortuetan edo lorategietan espezie horiek dituztenek kentzen saiatzea edo Administrazioarekin harremanetan jartzea".

Akuarioetako landareak

Halaber, hain arruntak ez diren beste flora inbaditzaile mota batzuk topatu dira Araban. Uretako azeri buztana (Myriophyllum aquaticum), adibidez, Hegoamerikatik datorren landarea da; iberiar penintsulan leku gutxi batzuetan atzeman dute, eta oraingoan Gasteiz inguruan ere topatu dute. Akuarioetan ugari erabiltzen den espeziea da, beraz litekeena da akuario bat ibaian husteagatik zabaldu izatea. Gipuzkoan ugaria den espeziea baina ez hain arrunta Araban Urre koloreko banbua da (Phyllostachys aurea); Gaubean eta Asparrenan aurkitu dute. 

URAk aditzera eman duenez, "espezie exotiko inbaditzaileak ibai-ekosistema naturaletan eta biodibertsitatean dagoen arriskurik handienetarikoak dira,"tokiko espezieekin lehian aritzen baitira, mugitu egiten dituzte eta haien habitata okupatzen dute".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide