"Diskriminazio larria" salatu dute adinekoen arretan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko mar. 23a, 07:30
Zahar etxeetan dagoen egoera azaldu dute sindikatuek. MIKEL ARRAZOLA-IREKIA

Araban, adinekoen egoitza pribatuen erabilera murrizteko eta martxan daudenen gaineko kontrola handitzeko eskatu dute CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek.

CCOO, LAB, ELA, eta UGT sindikatuetako ordezkariek salatu dute Araban, lehen, bigarren eta hirugarren mailako zahar etxeak daudela, eta adineko guztiek ez dutela kalitatezko arreta jasotzen: "Diskriminazio larria dago". Bestalde, lurraldean dauden egoitza pribatuen gaineko kontrol zorrotza exijitu dute, arretaren gutxieneko baldintzak bermatzeko. Familiak egoitza pribatuetara bideratzeko politikari ere muga jartzeko eskatu dute.

Arabako Batzar Nagusietan azaldu dute Arabako adinekoen egoitzetako lan baldintzak eta erabiltzaileen arreta nolakoak diren sektoreko langileek. ELA sindikatuko Nuria Vallejosek, LABeko Nuria Lopez de Uraldek, UGTko Marta Pinedak eta CCOOko Helena Herranek salatu dute Arabako familia bati egoitza bat edo beste bat egokitzen zaion momentutik diskriminazioa sortzen dutela administrazioek. "Egun, ez da adineko pertsonen arreta egokia bermatzen. Publikoan, pribatuan edo itundutako egoitzetan jasotzen duten arreta zeharo desberdina da; lehen, bigarren eta hirugarren mailako zerbitzuak daude".

Sindikatuen esanetan, zerbitzuaren kalitatea soilik egoitza publikoetan eta itunduetan bermatzen da; egoitza pribatuetan, ordea, "ez dago kontrolik". Alta, azken datuen arabera, Diputazioak adinekoen %43 egoitza pribatuetara bideratzen ditu, prestazio ekonomikoen bitartez. "Eskandalagarria da", esan dute langileek.

Egoerari aurre egiteko, plaza publiko gehiago sortzea eta pribatuen erabilera mugatzea galdegin dute, baita egun dauden egoitzen kontrolak gogortzea ere. "Diputazioak, urtero, etxebizitza komunitarioen lizentziak ematen ditu, baina ez zaio komeni ikuskapenak egitea, asko eta asko itxi beharko zituelako. Non egongo ziren orduan adineko horiek?", galdetu dute sindikatuek. 

Lan zama altuak

Adinekoei ematen zaion zerbitzua kalitatezkoa eta berdintasunezkoa izan behar dela nabarmendu dute langileek, eta horretarako ere lan baldintzak hobetu beharra dagoela. Hala, sindikatuetako ordezkariek zahar etxeetan ezartzen diren "ratio altuak eta gehiegizko lan zamak" nabarmendu dituzte agerraldian. 

Azaldu dutenez, batez beste, ordu eta erdi batean, langile batek hamabost zahar jaiki behar ditu ohetik; "batzuk gurpildun aulkian daude, beste batzuk alzeimerra dute… ezinezkoa da sei minuturo adineko pertsona bat ohetik jaikitzea". Gainera, langileen faltagatik, hainbat egoitzatan ordu asko igarotzen dituzte adinekoek ohean geldi edo gelatik atera gabe, eta "gehiegi" medikatzen dituzte.

Lan baldintza gogorrek eragina dute langileen osasunean, eta egun 50 urtetik gorako emakume guztiek gaitzen bat edo beste dutela ohartarazi dute sindikatuek. Gainera egoitza pribatuetan lan egiten ari diren %95 emakumeak dira, eta gehienak etorkinak. "Oso egoera prekarioan daude, hilabetean 985 euro kobratzen ari dira, eta familia handiak mantendu behar dituzte. Horrenbestez, abusuzko lan baldintzak inposatzen dizkiete, eta beldurra dute, sindikatura joan direla esaten baldin badute, kaleratzen dituztelako".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide