Ekonomatoen garaira buelta

Mirian Biteri 2019ko mar. 16a, 07:27

Arabar askori oroitzapenak ekarriko dizkion erakusketa dago asteotan ikusgai Gasteizko ur biltegian: San Prudentzio Fundazioaren 50 urteko ibilbideari errepasoa egiten diona.

San Prudentzio Fundazioaren 50. urteurrenaren ospakizunen barruan, 50 urte Arabako industriaren eskutik erakusketa egongo da ikusgai apirilaren 21era arte, Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian. Arabako industriaren bilakaera, enpresa elkartuak eta horiek osatzen zituzten langileak erakusten ditu erakusketak, argazki, prentsa artikulu, kartel eta hainbat objekturen bidez.

1950. hamarkadaren amaieran hasten da ibilaldia, garai hartako Gasteiz hiriaren aurkezpenarekin, hamarkada batean biztanle kopurua bikoiztu zuenarekin. Garai hartan, langile familia batek aurrekontuaren %60a janarian gastatzen zuen, eta egoera hori arintzeko ekonomatoak sortzen hasi ziren: enpresa edo talde jakin batzuetako langileei produktuak merkeago eskaintzen zizkieten saltokiak.

Aurretik ere bazeuden antzeko erakundeak funtzionarioentzat, baina 1958. urtean lege-dekretu batek 500 langiletik gorako enpresak laneko ekonomato bat sortzera behartu zituen. Ajuria enpresak ordurako bazuen bere ekonomatoa zabalik, Adriano VI. kalean; eta Imosak, DKW  furgoneta ezagunen fabrikatzaileak, 1961an zabaldu zuen berea. Lehenengo San Prudencio ekonomatoa, Fundazioaren hazia, 1969ko maiatzaren 24an inauguratu zuten, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean. Baina, sortutako guztietatik, San Prudencio izenekoa izan zen ibilbiderik luzeena izan zuena. 30 enpresez osatuta zegoen; tartean, BH, Esmaltaciones San Ignacio, Heraclio Fournier, Fabril Mecanica Alavesa, Telefonica edo La Previsora.

Olio litroa, 4,5 pezeta merkeago

Bertan erosita, familiek aurreztu egiten zuten; adibidez, 1973an, olio litroa 45,5 pezetatan bazegoen, bertan erosten zutenek 41 pezetatan eramaten zuten.

1970 eta 1980. hamarkadetan etengabean hasi zen San Prudencio; 7.000 titularrekin hasi bazen ere, denborarekin bestelako enpresa, zerbitzu eta administrazioko langileak sartu ziren, eta 1994an, 40.000 onuradun eta 300 langiletik gora izatera heldu zen.

Ordurako erakundeak bazuen eraldatzeko erabakia hartuta, merkataritza-estrategiak eta bestelakoak behartuta. 1996an, produktuak saltzen uzteari ekin zion, zerbitzuak eskaintzeko; Eroskiren esku geratu ziren merkataritza-banaketarako jarduerak eta langileak.Gizarte prestazioen eremura egin zuen orduan salto fundazioak eta horretan dihardu egun ere. 

Ur biltegian dagoen erakusketak mende erdi horren errepaso zabala egiten du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide