LGTBI behatokia "arriskuan" dagoela salatu du Lumagorrik

Erredakzioa 2019ko mar. 6a, 10:55
Homofobiaren kontrako manifestazioa. / Alea

Urteak eta hilabeteak pasa diren arren, emaitzarik ikusten ez dela esan du heterosexismoaren kontrako taldeak.

Lumagorri elkarteak kezka azaldu du Gasteizko sexu orientazio eta genero-identitatearen inguruko gorroto delituen aurkako tokiko behatokiaren etorkizunaren inguruan. Elkartearentzat, behatokiak Udalaren promesa bat izaten jarraitzen du, baina, hauteskunde deialdia gertu izateak eta erakundearen erritmo lasaiak "arriskuan" jarri ditu LGTBI pertsonen eskubideen aldeko proiektua.

2017ko abenduan, Gasteizko Udalak argitaratu zuen aurreko hilabeteetan LGTBI herritarren artean egindako diagnostikoaren ondorioak. Lumagorrik txalotu egin zuen azterketa horietatik ateratako emaitzen argitasuna. "Inkestatutako LGTBI pertsonen %57k espazio publikoan, %44,8 eskolan, %28 lan munduan, %53,3 osasun arloan, %43k aisialdian eta %28k kirolean noizbait erasotuak sentitu direla adierazi zuten. Aipatzekoa da, bestalde, inkestatutako pertsona batzuek beren sexu-orientazioa ez erakustea, eraso fisikoak eta irainak saihesteko defentsa-mekanismo gisa azaldu zuten".

2018ko maiatzean, berriz, Lumagorrik sexu orientazio eta genero-identitatea dela eta Gasteizen izandako 15 erasoren inguruko txosten bat argitaratu zuen, datuak 2017an eta 2018ko lehen seihilekoan zehar jasotakoak. "Datu bilketaren prekarietatea azpimarratzen dugu, ez baitugu lokalik ezta elkartearenak ez diren beste baliabiderik lan hau egin ahal izateko", adierazi du Lumagorrik. Txostena Gasteizen egindako lehenengoa izan zen, eta, Udalaren diagnostikoan agertzen zen eskaera berresten zuen: Sexu orientazio eta genero-identitatearekiko (LGTBIfobiaren aurkako behatokia) gorroto delituen aurkako tokiko behatokia sortzea.

Hala, urteak eta hilabeteak pasa direla, legegintzaldia amaitzen doala, eta emaitzik ez dagoela esan dute. "Udal honek titularrak eskaintzeko duen joera ezagutzen dugu, gero ezertan gauzatzen ez direnak. Erakundeek, LGBTI pertsonekin, dituzten erantzukizunak ezin ditugu ahaztu. Horregatik, Udalari behatokiaren proiektua ahalik eta lasterren martxan jartzea exijitzen diogu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide