Lanbide Heziketako irakasle teknikoak itxialdia egiten ari dira

Erredakzioa 2019ko urt. 11a, 07:00
Lanbide Heziketako irakasle talde bat itxialdia egiten ari da. ALEA

Asteazkenean hasi dute protesta mugagabea Mendizabala institutuan.

Lanbide Heziketako irakasle tekniko talde bat Gasteizko Mendizabala institutuan itxialdia egiten ari da. Langile horiek salatu dute egonkortasuna lortzeko aukera "ukatu" dietela. Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan egiten duen lan eskaintza publikoetara aurkezteko, unibertsitate ikasketak eskatzen baititu; eta irakasle teknikari horiek duten Lanbide Heziketako teknikari tituluak ez du balio, nahiz eta gaur egun irakasle gisa lanean egon. Ordezkoak izan daitezke baina ez oposizioetara aurkeztu.

Eusko Jaurlaritzaren erabakia Espainiako 2007ko dekretu batean oinarrituta dago. "2018an baliatu zuten lehen aldiz 2007ko araudia, eta modu ezberdinean ezarri zuten LHko familiaren arabera".

Gainera, datozen urteetan lanpostu asko oposizio bidez egonkortuko dela kontuan hartuta, egoera oso larrian geratuko lirateke langile hauek: "urteetan hezkuntzan zerbitzuak emanda, lanbide heziketaren zutabe garrantzitsu bat eraiki duten irakasle asko lanpostua galtzeko bidean egon daiteke neurririk hartzen ez bada".

Hortaz, urgentziazko neurriak galdegin dizkiote irakasle teknikoek Hezkuntza sailari. Batetik, egoeraren diagnostiko zehatza egitea, egoera horretan zenbat langile eta zein titulaziorekin aurkitzen den aztertuz. Halaber, beharrezko araudi aldaketak egitea, langile hauei sarbidea errazteko; eta egoera konpontzen den bitartean irakasle teknikoen oposiziorik ez deitzea.

Gaur egungo araudiekin lanbide heziketako ikasgai teknikoetan irakasle lanbidean hasteko bi bide daude: ordezkoen zerrendaren bidez eta oposizio bidez; eta batean edo bestean araudiak ezberdinak dira. Ordezkoen zerrendan sartzeko eskakizunak zabalagoak dira. Lanbide heziketako goi mailako titulazio askorekin ordezkoen zerrendan izena emateko aukera dago. Eta gaur egun langileen zati handi bat multzo horretan kokatzen da. Oposizio bidez, aldiz, lanbide heziketako goi mailako ikasketa gutxik ematen dute aukera irakasle tekniko gisa sartzeko. 

Itxialdia Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako beste eskoletara zabaltzeko deia egin dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide