Buruko gaitzak tratatzeko gunea

Juanma Gallego 2018ko abe. 11a, 12:51
Haur eta Gazteen Psikiatriako Unitatean 1.800 bat paziente artatzen dituzte urtero. / IREKIA

Olagibeleko anbulatorioko instalazio berrietara eraman dute Arabako Haur eta Gazteen Psikiatriako Unitatea. LAB sindikatuak dio atzean dagoen "errealitate gordina" ezkutatzen ari dela Osakidetza.

Buruko gaitzak tratatzeko laguntza behar duten gazte arabarrek instalazio berriak ezagutuko dituzte kontsultara doazen hurrengoan. Kokapena ez da asko mugitu, zerbitzua Santiago ospitaletik Olagibeleko anbulatoriora eraman dutelako. Anbulatorio horretako bosgarren eta seigarren solairuetan jarri dute Osakidetzako Haur eta Gazteen Psikiatriako egoitza berria; hilaren 3an egin dute inaugurazio ofiziala,  eta, ohi bezala, agintariak bertaratu dira. Handik bi egunera hasi dira lehen kontsultak.

Besteak beste, harrera-aretoa, kontsultak, taldeen aretoak eta botikina daude bertan. Instalazio berriek 880 metro koadroko azalera dute: orain arte zegoen espazioa baino ia hiru aldiz handiagoa.
Aldaketa honekin "pazienteek intimitate eta erosotasun handiagoa" izango dutela nabarmendu du Jaurlaritzak, ohar baten bitartez. Besteak beste, "kontsulten espazioa hobetu eta handitu" dela diote. Lan horietan 320.060 euroko inbertsioa egin du Jaurlaritzak.

Haur eta Gazteen Psikiatriako Unitatean 1.800 bat paziente artatzen dituzte urtero, 11.000 kontsulta baino gehiagotan. Orotara, 17 profesionalek lan egiten dute arreta zerbitzuan: tartean, sei psikologo eta bost psikiatra dira.

Arreta emateko adina 18 urtera arte luzatzeko baliatu dute aldaketa; bestetik, hemendik aurrera unitateak Aiarako haur eta gazteen arreta hartuko du bere gain.
Haurrek eta gazteek nozitzen dituzten patologiei dagokienez, besteak beste, egokitze-nahasmenduak, nahasmendu mental larriak, haur-psikosiak edo autismoaren espektroaren nahasmenduak dira artatu beharreko gaitzak. Jaurlaritzak dio halako gaitzei aurre egiteko funtsezkoa dela detektatze goiztiarra, modu horretan errazagoa baita horien tratamendu egokia bermatzea, eta instalazio berriak norabide horretan lagungarri izatea espero dute.

Eguneko ospitalea

Instalazioez gain, berrikuntza gehiago aurkezteko baliatu dute egoitza berriaren inaugurazioa. Horrela, Arabako Haur eta Gazteen Eguneko Ospitalea martxan jarri dutela iragarri dute. Modalitate honen bitartez, pazienteek tratamendu intentsiboa egiteko aukera izango dute, ospitaleratzeak ekar ditzakeen deserrotzeak alboratzeko. Jakina da edozein ospitaleratzek arazoak sortzen dituela, baina arazo hori bereziki larria da haur eta gazteen kasuan. Hortaz, zerbitzu berriak paziente berezi hauen onerako izango dela espero dute.

Unitatea ez da haurren eta gazteen osasun mentala zaintzeko zerbitzu bakarra. Horrez gain, nahasmendu mental larria jorratzeko, Arreta Intentsiboko Programa martxan dago. Orain arte Angulema kaleko eguneko ospitaleko lokaletan lantzen zuten, eta Olagibelera doa orain. Bestetik, Federico Baraibar ikastetxean Terapia eta Hezkuntza Unitatea daukate, hezkuntza-premia bereziak dituzten ume eta nerabeei arreta emateko sinatutako hitzarmen baten barruan.

Pribatizazioa

Arabako Ume Autisten Aita eta Amen Elkartearekin adostutako beste hitzarmen baten barruan, autismoaren espektroko nahasmendua duten haurrei arreta berezia egiten diete.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jon Darpon Osasun sailburua inaugurazioan izan direla aprobetxatuta, salaketa publikoa egin nahi izan du LAB sindikatuak, bisitaren egunean agintarien aurrean hainbat kartel erakutsita. "Trajedun zein zuzendarien" atzean beste "errealitate gordin" bat dagoela dio sindikatuak. "Arabako Psikiatria zerbitzuaren berrantolaketaren aitzakiarekin publikoak izan beharko ziren lanpostuak galtzen" ari dira, sindikatuaren aburuz". Egoera horrek "pribatizazioari ateak irekitzen" dizkiola salatu dute.

Adibide bat jarri dute: Santiago ospitalean, "behin betiko izan beharko zuen 5 urteko garbiketako kontratu bat"  bertan behera utzi dute, Olagibelen enpresa pribatu batek garbiketa zerbitzua egiten duelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide