Senide eta lagunak ere, preso

Anakoz Amenabar 2017ko urr. 17a, 12:52
Askerockeko antolatzaile Ainhoa Villaverde eta Iraia San Ildefonso. / Alea

Arabako presoek bizi dituzten salbuespen-egoerak eta eskubide urraketak mahai gainean jarriko ditu Askerock jaialdiak; Willis Drummond, Esne Beltza edota Riot Propaganda izango dira urriaren 21ean Mendizabalan. 

"Asteburuan gure senideekin egon nahiko genuke, hondartzara joan, elkarrekin bazkaldu, asteburu-pasa joan... eta hori egin beharrean, kilometro ugari egin, gure bizitza arriskuan jarri, eta dirua gastatu behar dugu gure senideekin 40 minutu egoteko", gogoratu du Ainhoa Villaverde Askerock jaialdiko sustatzaileetako batek. Dispertsio politikaren ondorioz, errepresaliatuen zigorrak senide eta lagunei ere eragiten diela nabarmendu du, eta, hain zuzen, "zama hori leuntzeko" prestatu dute urriaren 21eko jaialdia. 

Arabako preso politikoei elkartasuna adieraztea, pairatzen dituzten eskubideen urraketak salatzea, eta, bereziki, Askerocken lehenengo edizio honetan, dispertsioaren ondorioetako bat jasaten dutenei sostengua ematea du helburu: senide eta lagunei. "Araban, 29 errepresaliatu daude. Senideek zein lagunek, batez beste, bisita bakoitzeko 1.320 km egin behar dituzte, eta horrek  urte bakar batean 20.000 euroko gastua dakar; zama ekonomiko hori arintzeko baliatu nahi dugu Askerock", azaldu du antolatzaile lanetan dabilen Iraia San Ildefonsok. Jaialdirako aukeratutako leloak –Ez gara libre izango haiek aske izan arte– hori bera adierazten du, Villaverderen esanetan: "Presoekin batera, haien ingurukoak ere preso gaude, eta ezin gara aske izan haiek aske izan arte".     

Gatazkaren konponbiderako, egoera horri "buelta ematea" ezinbestekoa dela uste dute; aldaketak sortzeko presioak behar dira, eta herritarrak izan behar dira presio hori eragingo dutenak, Askerock moduko dinamikekin. "Espainiak ez du borondaterik, eta ez bakarrik Euskal Herriari dagokionez, ikusi dugun moduan; horregatik, borondate hori eraldatzen saiatu behar gara. Askerockek errealitate hori ikusarazi nahi du", adierazi du Villaverdek. Dispertsio politika mahai gainean jartzeko beste pauso bat dela berretsi du San Ildefonsok: "Gai hau kalean egon behar da, ez da noizean behin herriko jaietan kontuan izan beharreko zerbait; astebururo eta egunero sufritzen duten senideak ditugu, eta ez dugu ahaztu behar"

Aldarrikapenak egiteko modu ezin aproposagoa izan daiteke rock jaialdi bat, eta hori da hilaren 21erako prestatu dutena. Zoo, Willis Drummond, Esne Beltza, Eskean Kristo,  Riot Propaganda, Txarango, Bad Sound eta Mafalda taldeak igaroko dira Mendizabalako zelaietan prestatutako karpatik, 16:00etatik aurrera. Horien artean, hainbat taldek aurkeztuko dituzten lan berriak entzuteko aukera izango da; Riot Propagandak, Txarangok eta Zook aurkeztuko dute lana. Eskaintzaren artean, baina, hutsune bat ere onartu dute antolatzaileek: "Uste dugu emakumeek espetxeetan bizi dituzten egoerak espezifikotasun jakin batzuk dituela generoari lotuta, eta horregatik protagonismo berezia eman nahi genien, baina ez da posible izan; aurreikusi dezakegu beste jaialdi batzuk egongo direla, zoritxarrez, eta argi utzi nahi dugu buruan dugula emakumeen presentzia nahi baino gutxiago izan dela".    

Txandak 

Ostegun arratsaldean, hilaren 19an, hasiko dituzte muntaketa lanak, eta horietan laguntzeko jendea beharko dutela gogoratu dute antolatzaileek, baita sukaldari edo zerbitzari moduan txanda egiteko ere. "Aurreikusten dugu 500 lagun beharko direla lanerako; www.askerock.eus webgunearen bitartez izena eman daiteke".  

Sarrerak webgunean edota Agurainen (Herrikoa), Kanpezun (Iturrienea), Murgian (Gaztetxea) eta Gasteizen (H. Bedi) eros daitezke.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide