Bonelli arranoak, berriro, Bachicabon eta Antoñanan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko eka. 27a, 18:03
Aztore arranoa Mendialdean. Life

Aztore arrano bikote bat askatu dute Mendialdean, eta asteazkenean sartuko dituzte Añanan; harrapakaria berreskuratu nahi dute.

 

Ekainaren 5az geroztik Antoñanan bizilagun berriak dituzte, eta Bachicabon beste bi jasoko dituzte, aurki. Bi herritako inguruetan aztore arrano bikoteak askatzeko plana martxan jarri du Arabako Foru Aldundiak, aurreko urteetan askaturikoak hil ostean.

Iber eta Untzo bataiatu dituzte Mendialdean  sartu berri dituzten hegaztiak. Biak dira emeak; bat Madrilgo Faunaren Berreskurapenerako Talde batetik ekarri dute, eta bestea Granadako Orgiva herriko habi batetik. Ez da lehenbiziko aldia aztore arranoak, –bonelli arranoak deitzen dira ere–, Araban sartzen dituztela, baina aurreko urteetan askatu zituzten guztiak hil ziren.

Europako LIFE Bonelli proiektuan parte hartzen du Arabako Aldundiak; desagertzeko arriskuan dagoen harrapakaria babesteko eta hedatzeko asmoa du egitasmoak. Ingurumen Saileko diputatu Josean Galerak adierazi duenez: "Lanean dihardugu espezie mehatxatuaren egoera hobetzeko, eta duela lau hamarkada zegoen bikote kopurua berreskuratzeko. Garai haietan, Arabako bost inguruetan, baziren bonelli arranoak".

Araban, eta Nafarroan

2001. urtean onartu zuen Arabako Aldundiak aztore-arranoaren hedapena sustatzeko plana, eta harrapakariaren segimendua egiten hasi zen, espeziearen egoera larria ikusita. Izan ere, teknikarien arabera, bonelli arranoek %83ko gainbehera pairatu dute azken urteetan, herrialdean.

Hego Euskal Herrian, Araban eta Nafarroan baino ez da ageri arrano mota hau. Garai batean, 70. hamarkadan hain zuzen, Araban lau edo sei bikote ugalkor zegoen hainbat mendilerrotan: Valderejoko parkean, Artzena-Sobronen,Toloño-Kantabrian, Kodesen, eta Kanpezun. Alta, pixkanaka denak desagertzen joan ziren, eta 2001. urtetik leku batean baino ez da ugaltzen bonelli arranoa: Toloño mendilerroan. 

Heriotza tasa handia

Defizit demografiko handiaren eraginez joan da desagertzen aztore arranoa Araban. Helduaroan eta heldu aurreko aroan dagoen heriotza tasa handiak desoreka demografikoa eragin du: Heldu ugalkorren artean dauden baja ugariak (elektrokuzioek, talkek, jazarpen zuzenak edo legez kanpoko ehizak eraginda) ezin baitira konpentsatu dagoen populazio mugikorrarekin (ia helduek eta lurralderik ez duten helduek osatua). Hori dela eta, pixkanaka lurraldeak utzi egin behar izaten dituzte; helduak hainbat denboralditan alargun geratzen dira beste bikote bat aurkitu ezinik, harik eta hil edo desagertzen diren arte.

Horrekin batera, ingurumena hondatzeak ere areagotu egiten du emankortasuna jaistea, eta gutxitu egiten du lurraldeak populazio mugikorrentzat izan dezakeen erakargarritasuna. "Horri gehitzen badiogu Araba hegaztiaren berariazko banaketa lurraldearen bazterrean dagoela, iparreko mugan, eta Iberiar Penintsularen gainerako lurraldeetan ere populazioa gainbehera doala, ulertzekoa da zergatik biltzen den hain ale gutxi". 

Espezieen arteko lehia

Arabako Aldundiaren planak jasotzen ditu hegaztiaren gainbeheraren aipatu faktoreak, eta zeharkako beste batzuk ere: "Sai arrearekin eta arrano beltzarekin duen espezie arteko lehiak ere emankortasuna gutxitzea ekar lezake zenbait kasutan".

Halaber, beste faktore batzuk ere  hartu beharko dira kontuan etorkizunean, "hala nola pestizida eta metal astunek sortutako kutsadura edo gaitz infekzioso edo parasitosi batzuk, espezieari konturatu gabe eragiten ari zaizkionak".

Egoera irauli asmoz, Aldundiak Europako LIFE Bonelli programaren barruan, 2015. urtean sartu zuen lehenbiziko bonelli arrano bikotea Antoñanan, Oteo inguruan. 2016an beste bi arrano askatu zituzten, toki berdinean. Zoritzarrez, hiru elektrokutatu eta hil ziren, eta beste bat azeri batek jan zuen. Mendialdean askatu dituzten Iberrek eta Untzok, eta hurrengo egunetan Sobron-Batxikabo inguruetan sartuko dituzten arranoek ordezkatuko dituzte hildakoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide