Espainiako Gobernuak AHTa lurpetik sartu nahi du Gasteizera

Erredakzioa 2016ko abe. 22a, 13:31
Irudia: Wikipedia

Gaur goizean bildu dira Arantxa Tapia sailburua eta Iñigo de la Serna Sustapen ministroa.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburuak eta Iñigo de la Serna Sustapen ministro berriak proiektu estrategikoen inguruko bilera izan dute gaur Gasteizen. Jorratu duten gai nagusia Abiadura Handiko Trena izan da, eta besteak beste, Gasteizera lurperatuta sartzeko aukera eztabaidatzearen alde agertu da Sustapen ministroa, eta hortaz aritzeko asmoa iragarri du. Horrela, orain arte mahai gainean zegoen proposamena aldatu du Espainiako Gobernuak. Izan ere, orain arteko asmoa Dato kaleko geltokia berritzea zen. Ez Tapiak ezta De la Sernak ere, ez dute lanak amaitzeko eperik aipatu. Proiektua "bere osotasunean" ulertu behar dela azaldu du ministroak: "Ez du zentzurik Bergarako korapiloa amaitzea geltokiak ez badaude amaituta, edota Burgoserako bidea ez bada egin".  Izan ere, Bergarako korapiloari irtenbidea emateko erabakia bihar aurkeztuko dute.

Trenbide autopista eta Foronda

Bestelako azpiegiturak ere izan dituzte hizpide bileran, hala nola, Gasteiz eta Frantziako hegoaldea lotuko dituen trenbide autopistak. Sustapen Ministerioak eskari, ustiapen eta errentagarritasun azterketa eginda dauka eta Jaurlaritzan plataforma lurraldean egoki sartzea bultzatzen ari direla azaldu du Tapiak. Forondako aireportuari dagokionez,  H24 zerbitzua berreskuratzea proposatu du Jaurlaritzak eta MIP (Mugako Ikuskapen Postua) zerbitzua aktibatzea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide