Kontratazio berrietan "aldeko tratua" izan den susmoa du LABek

Erredakzioa 2016ko abe. 22a, 12:19

Lan hitzarmena sinatu eta gero, kontratrazio mugagabeak egitean hasi da enpresa.

Lan hitzarmena sinatu ondoren, Mercedes enpresan lehenengo kontratu mugagabeak egiten hasi dira. Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak ohartarazi du "prekaritatea handituko duen gurpil-zoro maltzurra osatzeko arriskua" dagoela.

"Duela 20 urtetik hona, Mercedeseko lan eskubideak eta lan baldintzak murrizten ari direla ohartarazi du sindikatuak. Horrez gain, susmo iraunkor bat egon da: enpresaren nahiak beti onartzen dituztenek aldeko tratua jasotzen dutela. Susmo horrekin behingoz bukatu behar dela uste dugu", adierazi du sindikatuak ohar baten bidez.

Era berean, lan harremanetan diskriminazioa nagusitu dela gaineratu du, eta sortzen diren batzordeetan, Segurtasunekoan eta Berdintasunekoan  salbu, hitzarmena sinatu ez duten sindikatuei ez dietela parte hartzen uzten salatu du. "Informaziorako sarbidea ere ukatu digute, Langileen Batzordean ordezkaritza izateagatik dagokigun informazioa ez baitigute ematen, ez enpresak ezta sindikatu sinatzaileek ere".

Egoera honen aurrean, LAB sindikatua adi egongo da, eta "irregulartasunak, diskriminazioak eta faboritismoak" salatuko dituela gaineratu du. "Ahal dugun arloetan gehiegizko behin-behinekotasuna ere salatuko dugu, eta iruzurrezko kontratatuak mugagabe bihurtzea eskatuko dugu".  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide