"Mundutxo bat eskaintzen duten liburuak gustuko ditut"

Erredakzioa 2016ko aza. 11a, 12:50

Poesia liburu berria du esku artean Edu Zelaietak; heriotzaz, maitasunaz, aitatasunaz eta kontraesanez josi du 'Ispilu biluziak'. 

Laugarren poesia lana du eta, Ispilu biluziak bezala, inoiz baino sotilago eta gardenago ageri dira Edu Zelaietaren (Gasteiz, 1973) poemak. Narrazio eta kantuekin jolasean, generoen arteko muga igarri ere ez du egingo irakurleak beharbada, baina ez du horrek kezkatzen, horretan ere "gero eta askeago" izan nahi du eta. Mugetan eroso, literatura eta bestelako arteekin jolas egingo du laster Oihaneder Euskararen Etxean, poema liburu berriaren saio berezi batekin. 

Askotan ez da erraza izaten ispilu aurrean jartzea. 

Ez da batere erraza. Ispilu fisikoek ez naute bereziki erakartzen, metaforikoak gehiago gustatzen zaizkit beharbada, hobeto moldatzen naizela uste dut; hemen ere bagaude, aurrez aurre. 

Zein jarri nahi duzu ispiluaren aurrean?

Badago tranpa literario bat: Ni. Azaltzen dira hainbat Ni, hainbat Edu, baina ez nago ni bakarrik munduan, ez naiz horren egozentrikoa poetok egozentrikoak bagara ere, eta hori da joko literarioa. Ispilu joko bat antolatzea izan da asmo nagusia, irakurleentzat joko bat.

'Zu', 'Hura' eta 'Ni' ataletan banatu duzu  liburua. Distantzia jarri nahian? 

Hori da joko literario honen bizkarrezurra. Liburu honen egitura oso inportantea zen, eta apustu estetikoak funtzionatuko bazuen nik uste horrela izan behar zela. Liburua Zu ataletik hasten da, eta ez da kasualitatea publizitatean ere gehien erabiltzen den hitza aukeratzea; fokua hirugarren pertsonara eramana da bigarren atalean; eta poesiaz ari garen neurrian pertsonarik intimoenean amaitzen da: Ni.

Sarri aipatzen duzu "aita". 

Ispilu joko horretan badira aita ispilatu batzuk eta, nola ez, batzuetan ni agertzen naiz. Liburuaren abiapuntua hori izan zen: aitaren gaitzaren prozesua eta heriotza. Hil eta gutxira hasi nintzen testuak idazten, seguraski doluarekin edo nire emozioak ordenatzeko asmoarekin. Eta denboratxo bat pasata ikusi nuen liburu bat egiteko aukera. Doluan hainbat sentsaziok zeharkatzen zaituzte eta horietako bat izan zen oso barrutik bizi izan nuena: seme izateari uzten ari nintzaion horretan banuen bost urteko mutiko bat galdezka aitonaren inguruan,  eta orduan ikusi nuen nire burua inoiz baino "aitago". Oso erraz sentitzen diren sentsazioak dira, baina hitzetan jasotzea zailak direnak. Halako kontraste asko daude liburuan; gero eta gehiago interesatzen zaizkit kontraste eta paradoxak.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 82. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide