"Mendizale ez direnek ere gozatuko dute 'Gailurra'-rekin"

Naiara Lpz de Uralde 2016ko ira. 22a, 10:24
Irati Anda, Gasteizko K2 rokodromoan

Hamar urte zituela hasi zen Irati Anda harkaitzetan zintzilikatzen, eta geroztik eskalada bizitzaren ardatza izan du. Orain telebistara itzuli da Gailurra izeneko saioa aurkeztera.

 

Pasa den hamarkadan bizi izan zuen Irati Andak (Gasteiz, 1982) eskalatzaile moduan ibilbide profesionalaren loraldia, lesio batek txapelketetatik urruntzera behartu zuen arte. Oztopo guztiak gaindituta rokodromoetara itzuli da kirolaz soilik bizitzea oso zaila dela jakinda. Egun, berak dioen moduan, "multitasking" pertsona bat da eskaladako entrenamenduak eta klaseak Euskal Mendizaleen Federakuntzan duen lanpostuarekin eta telebistako aurkezle lanarekin tartekatzen baitu. 

El Conquis programaren ostean berriro itzuli zara telebistara. Nola moldatzen zara kameren aurrean?

Normalean kamera aurrean eroso sentitzen naiz, baina oso desberdina da Gailurra edo El Conquis moduko programa bat grabatzea. El Conquisen egun osoa kamerekin ematen genuen eta haietara ohitu ginen. Saio honetan ere kamera aurrean ez balego moduan aritu behar gara, baina hemen atzetik gidoi bat dago, famatuak ez diren pertsona batzuen bizitza kontatu behar duzu eta haiek elkarrizketatu. Dena dela, oso esperientzia polita izaten ari da, eta gainera Andoni Aizpuru ondoan dudala asko ikasten ari naiz. Hasieran urduri nengoen, edo errespetu pixkat sentitzen nuen, baina ez kamera aurrean lotsatzen naizelako, baizik eta transmititu nahi dudan hori ongi komunikatzeko gai nintzen jakiteagatik. Ni ez naiz kazetaria, eta ez dut inoiz telebistako aurkezle izateko ikastarorik egin, beraz akatsak egin orduko zuzentzen saiatzen naiz. Baina, egia da, kameren aurrean oso natural ateratzen naizela, eta horrek nire alde egiten duela. 

Gailurra mendizaleei soilik zuzenduriko programa al da?

Ez, inondik inora ere! Pertsona orori zuzenduriko programa da, jendea mendira hurbiltzea bilatzen duena. Mendizaleek saio honekin disfrutatuko dute, baina mendizale ez direnek ere mendiaz gozatzen ikasiko dute. Igoeran laguntzen diguten pertsonen bizitza kontatu, bertako artzainekin hitz egin, edota tontorrera igotzeko bide desberdinak erakusten ditugu mendia hainbat ikuspuntutatik aurkezteko asmoz. 

Oso zaila izan da mota honetako saio bat grabatzea?

Bai, ordu asko ematen ditugu 60 minutuko saio bat grabatzeko. Azkenean istorio koherente bat kontatu behar da, eta horretarako material eta errekurtso asko behar da. Nik orain ikasi dut hor atzean zenbateko lana dagoen: gidoia prestatu behar da, zein irudi hartuko diren erabaki, saio bakoitzean parte hartzen duten pertsonaiak nola ezagutarazi pentsatu,… Gainera, gurekin grabatzera boluntario datozenek egindako esfortzua ere eskertzekoa da, grabazio egun bat oso astuna egiten baita.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 75. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide