Gasteizko hamar artista 'Lurburu' proiektua lantzen hasi dira Urkiolan

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko ira. 14a, 09:30

Urtaro bakoitzean artelan bat egingo dute. Lehenengo esku-hartze artistikoan Ikeako egongela bat basoan txertatu dute.

Artistak elkartzea eta naturan lan egitea, lurrarekin kontaktua berreskuratzeko. Asmo honekin jaio da hamar artista gasteiztarrek abian jarri duten Lurburu egitasmoa. Urtaro bakoitzean, eta asteburu batez, Urkiolako parke naturalean elkartu eta esku-hartze artistiko bat egingo dute, naturak artelanak nola eraldatzen dituen ikertzeko. Naturarekiko errespetua, gizakion eragina natura, euskara eta lekuaren memoria bezalako kontzeptuak jorratuko dituzte. Baina, batez ere, “talde lana”, proiektuaren sortzailea den Lander Perez artista gasteiztarrak zehaztu bezala. Perezekin batera, ikus-entzunezkoak, diseinua, arte eszenikoak, eskultura edo musika bezalako diziplinak lantzen dituzten artista gasteiztarrek osatzen dute taldea;  Jon Infantek, Iñigo Perezek, Ruben Becak, Shukare Oterok, Laura Gonzalez de Duranak, Marina Suarezek, Zuriñe Canchok eta Amaia Gutierrezek, hain zuzen ere.

Egongela basoan

Igaro den asteburuan aurreneko urratsak egin zituen proiektu artistiko honek, Urkiolako santutegiaren altzoan  gazte talde honek egin zuen lehenengo artelanarekin. Basoan bertan Ikeako altzariekin altxatu zuten egongela bat. “Egurrezko elementuak, mahaiak eta koadroak naturara itzuli ditugu, basoaren erdian daude eta urtaro guztietan argazkiak aterako dizkiegu, naturak gizakiok egiten duguna nola jaten duen ikusteko”, azaldu du Perezek. Horrez gain, santutegiko abadeak eta parkeko arduradunak ezagutzeko aukera izan zuten. “Oso pozik daude ekimenarekin, gustura hartu gaituzte eta bertako istorio asko kontatu zizkiguten”.

Arabako artistekin kolaborazioa

Artisten arteko sareak sortzeko asmo horretan, “lurrarekin kontaktuan” dauden artisten esperientzia ezagutzea garrantzitsua da Lurburu ekimenaren arduradunentzat. Hori dela eta, urtaro bakoitzean egingo dituzten txangoetan Arabako artistak gonbidatuko dituzte, hitzaldiak eta mahai inguruak egiteko. Oraingoan, Ozeta herrian kokatzen den Garaion elkarteko lagunen esperientzia ezagutu zuten. Hurrengo baten Zirika artista izango da bertan.

Lurburu proiektuan sortzen diren artelanak Urkiolara hurbiltzen den edonork bisitatu ahal izango ditu. “Basoan daude, ezin dugu inor gonbidatu, basoa guztiona baita”, argitu du artista gazteak. Era berean, urtaroz urtaro egindakoa Gasteizera eramateko asmoa agertu du, egindako lana erakusketa baten bilduz. Bitartean, lurburu.org webgunean proiektuaren nondik norakoak ikus daitezke. Hurrengo hitzorduak azaroan, otsailean eta apirilean izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide