"Hogei urterekin igo nintzen bizikletara, eta profesional egin"

Beñat Garaio 2016ko api. 23a, 08:00

Bereak baino hiru neurri handiagoak ziren zapatekin hasi zen pedalei eragiten, hogei urterekin. Ez zen beranduegi izan: Poloniako CCC taldeko txirrindulari profesionala da orain Victor de la Parte (Gasteiz, 1986). 

Berea "istorio bitxia" dela aitortu dio aleari Victor de la Parte txirrindulariak, Gasteizen egin duen geldialdi batean. Gehienak baino beranduago igo zen txirrindula gainera, baina ziztu bizian lortu zuen maila profesionaletan aritzea. Pasa den urteetan Europako talde apaletan aritu ostean, aurten izaten ari da bere lehenengo aukera punta-puntako txirrindularitzan, CCC Sprandi taldean, World Tour kategoria gorenaren koska bat beheragoko mailan. 

Zure txirrindularitza ibilbidea nahiko bitxia da, ohiko estandarretatik aldendua eta traba guztiak gainditzera behartua. Nola deskribatuko zenuke zure karrera? Nolatan hasi zinen pedalei eragiten?

Nire karrera ezberdina izan da. Izan ere, 21 urterekin hasi nintzen txirrindularitzan. Hori ez da normala. Ni hasi nintzenerako denak lagunak ziren, asko eta asko hamar urte zituztenetik ari ziren pedalei eragiten, eta askotan sentitzen nuen tokiz kanpo nengoela, ez zutela niretzako tokirik hor. Gainera, nire kasuan, hasi eta gutxira hasi nintzen irabazten, eta horrek ingurukoen, ni baino askoz denbora gehiago zeramaten horien inbidia piztu zuen; ez zen erraza izan. 

Eta gero...? 

Gero, hiru urte eman nituen amateurretan, eta horren ostean igaro nintzen profesionaletara. Zoritxarrez, ez zen batere urte ona izan, baina asko ikasi ohi da horrelako egoeretatik. Bizitzarako esperientzia bat izan zen, urteekin pilatuz zoazen eskarmentua. Hasieratik talde berria zen, dena ezberdina, eta kostatu zitzaigun aurrera egitea. Hamasei txirrindularietatik bakarrak jarraitu zuen hurrengo urtean, eta ez zen erraza izan.

Hauxe kontatzen dute: txirrindulari batzuek buelta bat ematera gonbidatu zintuzten eta zuk, inolako esperientziarik gabe, irabazi egin zenien. Orduan konturatu zinen txirrindulari izan behar zenuela. Hala izan zen?

Bai, ni bizikletaz ibiltzen hasi nintzenean, 20 urterekin, nire kabuz, nire osabak oparitutako txirrindula zahar batekin irteten nintzen, eta pentsa, aluminiozko Vitus bat zen, pisutsua, nire inguruan denek karbonozko bizikletak zituzten bitartean. Bizikletan hasi eta hilabete gutxira, gimnasioko txirrindulari batzuk beraiekin ateratzeko eskaini zidaten, eta nik ez dudanez inoiz beldurrik izan, bada, animatu egin nintzen. Eta taldetxo horretan, Joseba Beloki eta Koldo Fernandez de Larrea ere bazeuden, baita Euskal Herriko hoberenetariko batzuk ere, eta halako batean 240 kilometroko bizikleta-martxa batean parte hartzera gonbidatu ninduten asteburuan. Pentsa: 240 kilometro! Ordura arte, nire topea ordu bete eta 50 kilometro ziren. 

 

Eta joan zinen?

Bai, eta martxa osoa bere erritmoan egin nuen, haien harridurarako.  Esaten zidaten, “Tú, que este chaval nos está vacilando”. Eta martxa horren amaieran, Joseba Belokirekin mendate bat igotzen ari nintzenean galdetu zidan ea nondik erori nintzen, ea zer ari nintzen talde batean entrenatu gabe. Hori dela eta, Koldo Fernandez de Larreak eta Belokik berak talde amateur bat bilatu zidaten, eta hor hasi zen nire ibilbidea. Hori da nire istoriotxoa. 

Azkar ikasi behar izango zenuen...

Gogoratzen dut garai haietan ez nekiela ezer, nire bizikletatzarrarekin nihoala eta oinetakoak nire osabarenak zirela. Berak 45 bat dauka, eta nik, berriz, 42a, baina berdin zitzaidan, eta zoriontsua nintzen.Uste dut hilabete bat edo bi hilabetetan zehar aritu nintzela, baina mina hartu nuen, ez nuelako postura egokirik hartzen, aulkia ez-moduan jarrita neukalako… Eta sei hilabete egon nintzen geldirik, harik eta osatu eta itzuli nintzen arte.

Zure lehenengo atzerriko abentura Grezian izan zen. Nolakoa izan zen? 

Lagun batekin joan nintzen eta, txirrindularitzako esperientzia bakarrik ez, bizitzako esperientzia ere izan zen. Nire Erasmus esperientzia Greziakoa izan zen, eta txirrindularitzarekin jarraitzeko aukera izan nuen.

Gainera, Greziako taldearekin korritu zenuen lehenengo lasterketa irabazi zenuen, ezta?

Bai, Errumaniako itzulia izan zen, eta lehenengo lasterketa hori irabazi nuen, bigarrenean bigarren gelditu nintzen… Nire taldekideak eta nagusiak zur eta lur zeuden, ez baitzuten ulertzen nondik atera nintzen... Ni, gustura!

Geroztik atzerrian bilatu behar izan duzu bizimodua: Grezian, Portugalen, Austrian eta orain Polonian. Zer ikasi duzu talde eta herrialde bakoitzean? 

Duela 20 urte, txirrindulariek beti etxean korritzen zuten eta ez zituzten beste herrialde, kultura, eta lasterketak ezagutzen. Gaur egun, ostera, txirrindulari gehienok urteko tarte handiena etxetik kanpo pasatzen dugu, eta nik uste hori dela txirrindularitzak daukan gauzarik politena. 

Nolakoa da zure bizimodua orain?

Kirolari profesional batena da: goizean entrenatzen dut eta arratsaldean ahal dudan guztia egiten dut atseden hartzeko eta elikadura ahalik eta gehien kontrolatzeko. Astean 30 ordu inguru entrenatzen dut. Plangintza guztia oso lotuta daukat; errobot modukoak gara orain. 

Faltan botatzen duzu zure aurreko bizitza?

Hasi nintzenerako eginda neukan egin beharreko guztia; beraz, ez. Pentsa 16 urtetik 22 urte nituen arte parrandan egoten nintzela egun guztia, eta orain ez dut behar hori sentitzen. Ez dut aukera hau pasatzen utzi nahi.

Eta bukatzeko, Victor, zuk euskara non ikasi zenuen?

Batxilergoa egiten ari nintzela AEKn izena eman nuen. Beti izan dut euskara ikasteko gogoa. Magisteritza bukatu nuenean Maizpidera joan nintzen ikastera. Maizpidekoa izugarrizko esperientzia izan zen, oso giro ona zegoelako, eta gogoan dut behin  Salamancako Itzulira joan nintzela astebetez taldearekin Maizpide utzita, eta irabazi egin nuela. Lazkaora itzultzerakoan zain nituen nire kideak eta izugarrizko parranda bota genuen.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide