"Konpromisoan hankamotz gabiltza"

Estitxu Ugarte 2016ko api. 18a, 13:17

Javier Argote, Arabako Kontzejuen Elkarteko lehendakaria

Hogei urte beteko ditu aurten Arabako Kontzejuen Elkarteak. Pozik egoteko arrazoi asko ditu Arabako Kontzejuen Elkarteko lehendakari Javier Argotek (Gasteiz, 1961).

Ibilbide oparoa egin du Arabako Kontzejuen Elkarteak. Hala, onartu berri duten EAEko Udal Legean Arabako kontzejuak tokiko erakunde bezala aintzat hartzea lortu dute, eta gainera Arabako kontzejuetan lanerako grina antzematen da. Beharko dute indar hori, izan ere erronka handiak dituzte aurrean, finantzaketa justuago bat lortzea eta uraren kudeaketari eustea, besteak beste. Gainera, haizearen kontra dabiltza kontzejuak, parte-hartzea eta konpromisoa sustatuz.

Kontzejuek udalen zerga bilketan parte hartzeko foru araua aurkeztu du Arabako Kontzejuen Elkarteak; zer da zehatz-mehatz eskatzen dena?

Saiatu gara foru arau batean islatzen jada zehaztuta egon beharko litzatekeen zerbait, Kontzejuen Foru Arauak eta Ogasuneko Foru Arauak diotenez kontzejuek aukera izan behar baitute udal zergetan parte hartzeko. Bi arau hauek ez dira garatu eta ez da zehaztu nola parte hartu behar dugun. Beraz, proposamena egin dugu, eta horretan parte hartzeko formula bat proposatzen dugu. Bost zerga aukeratu ditugu:  ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, ibilgailuen gaineko zerga, eraikuntza obren gaineko zerga, eta lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga. Portzentaje bat ezarri dugu eta kopuru hori kontzejuei itzuli behar zaiela esan dugu, eta gainera nola banatu behar den zehaztu dugu, kontzeju txikiak lagundu nahi ditugulako. Esaten duguna da zerga bakoitzetik %25a banatu behar dela modu linealean udalerriko kontzeju guztien artean, eta gainerako %75a dagokion kontzejuari eman behar zaiola. Halaber, hirigintza etekinetan parte hartzea ere proposatu dugu.

Aipatu duzun foru arauarekin batera?

Bai. Udalerrietan hirigintza hazkundea dagoenean udalek egitasmoaren aurrekontuaren %15a jasotzen dute, dirutan edota lurzoruan, baina kasu gehienetan area berri horiei zerbitzuak eskaintzen dizkiona kontzejua da, eta hazkundearen zama kontzejuak hartzen du. Hortaz, proposatzen duguna da %15 hori kontzejuari ematea baldin eta zerbitzuak asumitu behar baldin baditu.

Proposamenaren helburua zein da: eztabaida zabaltzea, akordioak egitea…?

Eztabaida zabaldu dugu jada. Udalerrietan hitz egiten ari da, alderdi politikoetan ere, eta hemendik gutxira Batzar Nagusietan eztabaidatuko dute. Ez da proposamen itxia. Nahi dugu eragile orok ekarpenak egitea eta proposamenak aurrera egitea. Udal zergetan kontzejuen parte-hartzea finkoa izatea nahi dugu;  1996. urtean lortu genuen kontzejuek Diputazioaren zergetan parte hartzea, ordura arte ez genuen parte hartzen, eta mugarria izan zen, ordutik kontzeju bakoitzak badakielako urtean izango duen diru partida. 2017. urtetik aurrera jakin nahi dugu urtean kontzeju bakoitzak udal zergetatik hartuko duen diru kopurua. 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 56. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide