Garrasi feminista ozena

Anakoz Amenabar eta Mikel Uralde 2016ko api. 10a, 13:45

'11 eraso, 12 erantzun' goiburu, milaka lagun bildu dira Feministok Prest plataformak deitutako manifestazioan; askotariko indarkeria matxistak ikusarazi eta salatu dituzte Gasteizko kaleetan.

 

“Nazkatuta gaude”. Amorrua, nekea eta haserrea taularatu dituzte, ozen, indarkeria matxistaren aurka Gasteizen egindako manifestazioan. Bidarten aste honetan senarrak hildako Natalie Van Put gogoratzeko izan dira ekitaldi nagusiko lehendabiziko hitzak, amorru hitzak: “Zuengatik, gugatik, borrokan jarraituko dugu! Emakumeok aske bizitzeko eskubidea dugulako!”.

Emakumeen kontrako bortizkeriak etenik ez duela gogoratu dute, eta hari erantzuteko prest daudela esan dute Andra Mari Zuriaren plazan bildutako 12.000 lagunen aurrean: “Ez gara geldirik geratuko indarkeria matxisten aurrean, erantzuteko prest gaude, erantzuten ari gara!”.

Hamaika aurpegi

Ekitaldi nagusian zein manifestazioaren txoko desberdinetan matxismoak hamaika aurpegi dituela salatu dute, eta horiek irudikatu dituzte, tartean errefusiatu diren emakumeenak. "Bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hiletak soilik: arazo estrukturala da hau, sistema patriarkalaren eta kapitalistaren aurka egingo dugu¡", nabarmendu dute. Gizartea indarkeria matxistak, klasistak, homofoboak eta arrazistak egituratzen duela gogoratu dute: "Zuloz beteriko gorputz pasibo eta bortxagarriak nahi gaituzte, beldurra izan da eguneroko ogia, kontrolatzeko beldurrean hezi gaituzte".

Emakume presoak ere izan dituzte gogoan eta eurentzat izan da elkartasun mezua: “Emakume presoak ere borrokan dira. Dispertsioa eta kartzelaren egitura patriarkalaren aurka, estatuaren eta sistema patriarkalean biolentzia gordinari aurre egiten”. Preso den Ekhine Izagirreren olerkia irakurri du Ainhoa Villaverde preso ohiak.   

Txalo zaparrada, dantza eta oihu artean egindako ibilbidea Zutik emakumeak kantarekin amaitu dute, egun osoan luzatuko den aldarrikapena eta festa. Antolatzaileen esanetan "mugimendu feministaren erakustaldi historikoa" eta aurrerantzean konpromisoak hartu eta "neurri zehatzak" exijituko dituztela nabarmendu dute. "Ez gara geldirik geratuko!".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide