Olimpiar jokoetan, arabarren marka

Itsaso Estarrona 2016ko api. 8a, 16:25

Tania Calvo txirrindularia, Gasteizko K2 gimnasioan.

Arabako lau kirolari sailkatu dira honezkero Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako, eta beste hiru sailkatzeko lehian ari dira. 

 

 

Sailkatuak

Tania Calvo (Gasteiz, 1992).  Pistako txirrindularia. Lehen aldiz sailkatu da Joko Olinpikoetarako.

Sugoi Uriarte (Gasteiz, 1984). Judoka. Londresko 2012ko Jokoetan lehiatu zen; ez zuen dominarik lortu.

Eli Pinedo (Amurrio, 1981).  Eskubaloi-jokalaria. Londresko jokoetan brontzezko domina lortu zuen Patricia Elorzarekin batera.
Patricia Elorza (Gasteiz, 1984). Eskubaloi-jokalaria. Londresen brontzezko domina. 
 

 

Sailkatzeko lehian

Ivan Fernandez (Gasteiz, 1988). Korrikalaria. Bere lehenengo Jokoetarako sailkatzen saiatuko da. Hanburgoko maratoian izango du azken aukera, apirilaren 17an.
Maider Unda (Aramaio, 1977). Borroka librea. 2008an eta 2012an lehiatu zen Jokoetan. Azkenengoetan, brontzezko domina lortu zuen. Hilabete honetan ditu sailkatzeko azken aukerak.
Mikel Landa (Murgia, 1989). Txirrindularia. Espainiako aukeratzaileak aukeratu beharko luke; gaur-gaurkoz zaila da.

 

Jainkoei sua lapurtu zien Prometeok, eta gizakiei eman. Pasarte mitologiko horren oroigarri, argi-zuzia pizten zuten Antzinako Greziako Olinpiar Jokoetan, eta hala egiten da gaur egunekoetan ere. Sugar horren kemenez, lau arabar lehiatuko dira aurten Rio de Janeiron (Brasil), eta beste hiru sailkapena lortzeko gogor ari dira lanean.

Eli Pinedo eskubaloi-jokalari amurrioarra. (Argazkia: Basque Team). 

Tania Calvo pistako-txirrindularia izan da dortsala lortzen lehena. Hogeita hiru urterekin, modalitate olinpiko horretan lehiatuko den lehen arabarra izango da, Estatuko, Europako eta Mundu mailako txapelketetan gorenean egotea lortu ondoren. Mallorcan du orain bizilekua, baina Gasteizera egindako joan-etorri batean egin du alearekin hitzordua, entrenatu ohi duen K2 gimnasioan: "Duela lau urte ez nuen Jokoetarako sailkatzea lortu, eta beraz pozarren nago oraingoan, edozein kirolarik amesten duen zerbait da-eta". Gogor egin du lan, eta datozen hilabeteotan ere sasoi onean mantentzeko entrenatuko da: "Egunean hiruzpalau ordu entrenatzen dut, baina entrenamendua egun osokoa da, elikadura eta atsedena asko zaindu behar dituzulako".  

Bigarren aldiz kirolaren Olinpoan

Judoan ere ordezkaritza izango dute arabarrek: Sugoi Uriarte gasteiztarra 66 kiloz azpiko tatamian arituko da. Bere bigarren Jokoak izango dira, eta arbitroaren erabaki polemiko baten ondorioz Londresen ihes egin zion domina eskuratzen saiatuko da oraingoan. Sailkapenagatik berez ez dago bereziki pozik:  "Nire betebeharra zen. Pozik egongo naiz nire helburua lortzen dudanean: medaila irabaztea edo, nolanahi ere, nire onena ematea". Valentzian bizi da aspaldian, Laura Gomez judokarekin batera, eta handik azaldu du aurten "denboraldi zaila" izan duela, lesio ugari izan dituelako. Hala ere, martxoan berriz %100ean jarri eta Riorako txartela lortu du.  

Sugoi Uriarte judoka gasteiztarra. (Argazkia: Paco Lozano). 

Sugoi ez da izango Olinpiar Jokoetan errepikatuko duen arabar bakarra: Londresko esperientzia Rion baliatuko dute Eli Pinedo eta Patricia Calvo eskubaloi-jokalari profesionalek ere. Brontzezko domina irabazi zuten 2012an, eta aurten "hori edo gehiago" lortzera joango dira Brasilera Espainiako selekzioarekin: "Oso ondo prestatutako taldeak joango dira, baina podiumeko goiko postuetan egoteko borrokatuko gara", dio Pinedok Donostiako bere bizilekutik. Prestakuntza beste edozein txapelketarako egiten duten berdina dela azaldu du: "Ligarako, edo Erreginaren Koparako, sasoi fisiko onenean egoteko prestatzen gara, eta Olinpiar okoetarako berdin-berdin". 

Bere bigarren Jokoak izanik, "hasierako euforia menderatuago" izango duela nabarmendu du: "Gainerako kirolariak ikusteak eta bertan egote hutsak euforia puntu hori piztu zidan Londresen, eta uste dut oraingoan gehiago kontrolatu ahal izango dudala poz hori, eta arreta guzti-guztia norgehiagokan jarri". 

Prestaketa fisikoa eta mentala

Olinpiadetan beteranoa da honezkero Oletako Maider Unda borrokalaria, artzain eta gaztagile lanetan aritzen delako ere ezaguna. 2008an Txinan egon zen, Beijingen, eta duela lau urte brontzezko domina zintzilikatu zuen Londresen. Horrezkero "gauza asko gertatu dira" bere bizitzan. Tartean, ama izan zela 2013an, "horrek suposatzen duen aldaketa izugarriarekin"; urteak aurrera doazela nabarmendu du, era berean. Edonola ere, denboraldi ona egin du Aramaioko kirolariak, lesio larria izan duen arte: "Zuntz apurketa izan nuen duela hilabete t'erdi, eta hori sendatzeko, denbora igarotzea baino beste konponbiderik ez dago". Ezbehar horrek, dio, ariketa fisikoa etetera behartu du, baina ez ordea prestaketa mentala: "Bideo asko ikusten egon naiz". Oraindik bere hirugarren Olinpiar Jokoak bizitzeko aukerak ditu apirilean, Serbian, Mongolian eta Turkiako sailkapenetan.

Maider Unda, Oletako (Aramaio) borrokalaria. (Argazkia: Basque Team). 

 

Ivan Fernandezek, azken aukera 

Bera bezala, sailkatzeko lehian arituko da Ivan Fernandez korrikalari gasteiztarra. Plaza bakarra geratzen da Espainiako maratoi taldean Jokoetara joateko, eta hori lortzen saiatuko da Hanburgon (Alemania), datorren apirilaren 17an. Izan ere, bertan nabarmendu zen distantzia luzean duela urtebete inguru. "Oroitzapen onek mugituta" aukeratu du lasterketa hori azken saiakera egiteko. 

Zailagoa izango du Mikel Landa txirrindulari murgiarrak Espainiako selekzioko aukeratzaileak oraingoz ez baitu bere izena aintzat hartu; are gehiago, Tourrean arituko diren txirrindularien artean aukeratuko duela jakinarazi zion, eta Landak ez du Frantziako itzulia egingo –bai ordea Giroa, iaz podiumera igo ondoren–. Hilabete erabakigarriak, beraz, Arabako goi mailako kirolarentzat.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide