Santa Katalina lorategi botanikoa munduko lehenengo “izarren parkea” bihurtu da

hirinet 2015ko aza. 17a, 01:00

Iruña Okan kokatzen den Santa Katalina lorategi botanikoa munduko lehenengo “izarren parkea” bihurtu da. Horrela egiaztatu du Starlight Fundazioak, esanez “gune egokia dela astronomia ekimenekin lotura daukaten behaketa jarduerak eta jarduera didaktikoak eta ludikoak egiteko”.

Proiektu honen helburua lorategia eskualdeko turismo gune gisa indartzea da. “Izarren parke” izendatzea abiapuntua baino ez da; izan ere, datozen hilabeteetan jarduera programa interesgarri bat gauzatuko da, umeentzako lantegiak, behaketa jardunaldiak eta zabalkunde hitzaldiak oinarri izango dituena.

Programa hori datorren asteburuan hasiko da eta ilargia behatzeko eta gauez izarren eta konstelazioen bidez orientatzeko saio bat egingo da. Horrela, datorren ostiralean, hilak 20, Santa Katalina lorategi botanikoa jendaurrean aurkeztuko da “izarren parke” gisa, proiektua gizarteari erakutsita. Ekitaldian proiektuarekin engaiatutako administrazioen eta gizarte mugimenduen ordezkariak izango dira (Iruña Okako Udala, Arabako Foru Aldundia eta Lorategi Botanikoaren Lagunen Elkartea); baita beste erakunde eta entitate batzuk ere. Arabako Foru Aldundiak proiektu hori diruz lagundu du 16.000 euro baino gehiagorekin, turismo proiektuetarako laguntza deialdien bidez.

 

Izarrartearen behatokia

Ekitaldi horren bitartez ofizialki inauguratuko da izarrartearen behatoki irekia ekipamenduz hornitutako instalazio iraunkor gisa, astronomia behatzeko jarduerak egiteko lorategiaren gunerik ilunenetariko batean. Planisferio zerutar bat da, iparrizarra (Polaris) eta bere inguruko konstelazioak erreferentziatzat dauzkana, eta Polariserantz bideratutako gezi batek eta azalpen panelek osatzen dute seinaletika.

 

Jarduera programa familian egiteko ekitaldiekin abiaraziko da, besteak beste argi kutsadurari edo lorategian gauez bizi diren izakiei buruz haurrentzat eta gazteentzat lantegiak eginez. 360 graduko planetario saioak ere egingo dira. Horrez gain, hitzaldiak eta gauez egiteko behaketak antolatuko dira urtean zehar, bisitariak astronomia fenomeno garrantzitsuen zuzeneko lekukoak izan daitezen; hain zuzen ere, kometa pasen, ilargi eta eguzki eklipseen, planeten lerrokaduren eta izar eurien lekuko.

 

“Izarren parkea” akreditazioa eskuratzeko Santa Katalina lorategiak hainbat ebaluazio gainditu behar izan zituen bere gaueko zeruaren kalitatea neurtzeko, astronomian erabili ohi diren izarretako fotometria tekniken bidez.

Starlight Fundazioa irabazteko xederik gabeko erakunde bat da, Kanarietako Astrofisika Erakundeak (IAC) 2009an eratua zeru izartsuaren kalitatea balioesteko eta babesteko. Erakunde horrek zientziaren kultura zabalkundea sustatzen du, eta bereziki astronomia, argi kutsaduraren aurkako borroka eta “izarren turismoa” bultzatzen duten herrietan diru sarrerak egotea.

Fundazio horrek UNESCOren, Turismoaren Mundu Erakundearen eta Nazioarteko Astronomia Batasunaren babesa dauka, eta egiaztapen sistema propioa sortu du zeruaren kalitate bikaina daukaten eta babes eta zaintza eredua diren guneak akreditatzeko. Une hauetan, izarren bi parke akreditatu baino ez daude munduan: Santa Katalinakoa Araban –lehenengoa– eta Tenerife Sky at Nightekoa.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide