Iñaki Rikarte, aktorea eta zuzendaria: “Jarrera oso irekia izan behar da antzerkian, ingurukoari adi”

hirinet 2015ko urr. 2a, 02:00

Jolas baten modura hasi zen. Ikastolan zegoela izan zuen lehendabiziko hartu-emana antzerkiarekin, Gasteizko TAE eszena-arte tailerrean antolatutako larunbat goizetako antzerki eskoletan.

 

Mozorro arteko mundu hark harrapatu, etengabeko ikasketan murgildu, agertokietan lekua bilatu eta, geroztik, bide sendoa egin du Iñaki Rikartek (Gasteiz, 1981) aktore nahiz zuzendari modura. Antzerkizaleen artean arrastoa utzi duten hainbat lan ditu bizkarrean, Soinujolearen semea eta Zazpi aldiz elur tartean, eta zinean eta telebistan ere aritu da Lasa eta Zabala edota hasi berri den Amaren etxea telesailean. Donostia 2016 kultur egitasmoarekin batera izango du erronka nagusietako bat.

 

 

 

Zer oroitzapen dakarzkizu Principal antzoki honek?

Umetakoak dira. Garai hartan zinea ematen zuten hemen eta La historia interminable eman zutela gogoratzen dut. Goian eserita nengoen eta hain flipatuta nengoen jaten ari nintzen galleta ere erori zitzaidala. Liluratuta nengoen.

 

Eta urte batzuk beranduago taula gainean zaude...

Duela hiru urte etorri nintzen Soinujolearen semea-rekin, hemen egin genuen estreinaldia, euskaraz eta gaztelaniaz, eta oso funtzio bereziak izan ziren. Publiko asko izan genuen. Normalean euskaraz egiten diren funtzioetan Gasteizko publikoa ezaguna da oso publiko aditua delako, ona. Nire lehenengo esperientzia izan zen hemen eta oso polita. Zazpi aldiz elur-en estreinaldia ere hemen egin genuen eta oso harrera ona izan zuen. Principal antzokiko jendearekin lan egitea, gainera, primerakoa da, oso erraz lan egiten da haiekin; etxean egoteaz aparte, etxean bezala sentitzen naiz.

 

Eta 'La calma mágica' izan da azkena?

Bai, Madriletik kanpo egiten genuen lehendabiziko funtzioa izan zen, han estreinatu eta gero, eta oso berezia izan zen. Aitor Mazorekin egin genuen azkenetarikoa ere izan zen hura; sekulako zortea izan zen harekin lan egitea, aktore moduan munstro bat zen eta asko ikasi nuen beraregandik. Esperientzia ederra izan zen.

 

Nazioarteko Antzerki Jaialdia ate joka dator. Zer esanahi dauka zuretzat?

Gurasoek ekartzen gintuzten txikitatik eta nolabait pauso hori ematea, ikusle izatetik bertan antzeztera igarotzea, oso polita izan da niretzat; Espainia mailan ere hemengo publikoa oso ezaguna da, aditua delako, antzerkizalea eta ohore bat da. Aurten aukera gutxi izango dut lanen bat ikusteko, La Calma magica-rekin biran egongo garelako, baina saiatuko naiz, sekulako programazioa dagoelako.

 

Zure lan bat ere topatuko dugu jaialdian, 'Solitudes', zuzendari moduan oraingoan.

Bai, estreinaldia martxoan egin genuen eta urrian jarraituko dugu birarekin, Frantzian, Ingalaterran... Lan berezia da, maskarekin doazelako aktoreak, ez dago testurik eta oso lan gestuala da; lan honek bultzatu gaitu hitzik gabe kontatzeko modu berri bat bilatzera.

 

'André y Dorine' lanaren jarraipena da?

Lan egiteko moduan bai, han ere ez dagoelako testurik eta maskarekin agertzen direlako.

 

Lan arrakastatsua izan da...

Justu gaur goizean esan digute Los Angelesen antolatzen dituzten antzerki sarietarako hautatu gaituztela. Bartzelonan ere egon berri gara, hiru astez, eta Kulunka moduko konpainia txiki batentzat Ramblaseko antzoki batean antzezteko aukera izatea ez da batere erraza... oso pozik gaude.

 

Zuzendari moduan 'Pulgarcito' ere taula gainean izan duzu, Gasteizko Paraiso taldearekin.

Bai, joan den egunean egon ginen entsegua egiten, Madrilgo Compañia Nacional del Teatro Clasico-n izateko aukera izango dugulako. Abendutik aurrera izango gara han.

 

Eta dena jolas baten moduan hasi zen...

Nire arreba Marianistaseko antzerki talde batean zegoen, Carmen San Estebanekin, eta askotan gertatzen den bezala mutilak behar zituzten eta beste lagun batekin joan nintzen. Justu urte horietan erabaki behar nuen zer egin nire bizitzarekin eta antzerkia erabaki nuen. Lagun batek animatuta egin nuen proba, eta hemen jarraitzen dut.

 

Madrilera ere egin zenuen jauzi.

1999an joan nintzen, lau urtez ikasi eta beste hamar aktore moduan lanean. Azken bolada honetan joan eta etorri nabil. Aukera ona izan dut han, besteak beste Centro Dramatico Nacionalean, lan baldintza onetan lan egin eta jende oso ona ezagutzeko.

 

Zer bilatzen duzu antzerki lan batean, aktore, zuzendari nahiz ikusle modura?

Egiazkoa izatea, benetazko gauzak lortzea. Sorkuntzari dagokionez, adibidez, gidoia oso inportantea da, baina badaude lan egiteko modu diferenteak; Kulunkarekin, esaterako, hasten garenean ez dago gidoirik, eta abiapuntua beraz ezberdina da. Azken batean, antzerkian inportantea da jarrera oso irekia izatea, ingurukoari adi egotea.

 

Erronkarik baduzu aurretik?

Datorren urtean Donostia 2016 egitasmoaren barruan egin behar den Shakespeareren Uda gau bateko ametsa zuzenduko dugu Fernando Bernuesek eta biok, eta jo ta ke ari gara prestatzen. Kristoren erronka izango da, bost astean Cristina Enea parkean izango dena, musikari, dantzari eta aktore ugarirekin.

 

 

Telebista eta zinean ere lan egin duzu–Amaren Eskuak, Eutsi, Aitaren Etxea...–. Erritmo ezberdinak dira, ezta?

Entseguak dira nire ustez ezberdintasun handiena. Antzerkian talde lan handia egiten da eta telebista eta zinean, aldiz, ez da ia entsegurik izaten, bakarrik lan egitera ohitu behar duzu. 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide