Zeledon: "Aurten, euskaraz abestuko dut lehen aldiz kantaren leloa"

hirinet 2015ko abu. 1a, 02:00

Txapela berriarekin batera, euskarazko doinua estreinatuko du aurten Gorka Ortiz de Urbinak (Gasteiz, 1971), Zeledonen zapia jantziko duen 15. jaietan. Ilusioz dago: "Plazako gazte gehienek euskaraz dakite jada".

 

Sasoian iritsi da aurten ere Gorka Ortiz de Urbina abuztuaren 4ko hitzordura, bere 1,90 metroko garaierarekin Andra Mari Zuriaren plaza osorik zeharkatzeko itxaropenez eta, uzten dioten heinean, abenturaz gozatzeko gogoz.

Aurten 15. aldiz izango zara Zeledon. Berezia izango da?

Urtero da berezia. Festari hasiera ona ematea eta guztion ondo pasatzea espero dut. 

 

Dena prest al duzu abuztuaren 4rako?

Noski. Jantziak prest dauzkat, eta gero eta urduriago nago. 

 

Noiztik duzu jantzia prest?

Hamabost egun lehenago izan ohi dut dena antolatuta, badaezpada. Abarkak konpondu behar ote diren begiratu behar dut, gerrikoa eta alkondara egoera onean ote dauden ikusi... Aurten, adibidez, txapela berria daramat. 

 

Iaz, balkoira bidean, eskaiola bota zizuten. Gero eta gogorragoa al da?

Bidea errazteko zerbait egin behar da. Jendeak, printzipioz, ez du gu mintzeko asmorik, baina dela grinagatik, irrikagatik edo urduritasunagatik, askok Zeledon ukitu nahi dute eta egoera arriskutsuak eman daitezke. Zorionez, ez da inoiz ezer larririk gertatzen. Aterkia, txapela, zapia edo blusa kendu nahi didate batzuk, eta horiei eskatuko nieke bidea errazteko, plazan dagoen jende guztiak, ni eta  nire laguntzaileak barne, ondo pasatzeko. 

 

Balkoian jende pilo bat egoten da, eta iaz protesta egin zenuen...

Protesta egin nuen, iazkoa arazo handia izan zelako. San Migelen hesi bat jarri zuten, jende mordoa zegoen eta asko kostatu zitzaidan balkoiraino iristea. Alkatea, txupineroa, txupineroa aukeratu duen alderdia eta ni besterik ez gara egon behar bertan. Egun horretan, Zeledon izan behar da izarra eta protagonista, ez beste inor. Politikariei argazkia egitea gustatzen zaie, baina haiek urtean 364 egun dituzte hori egiteko, eta Zeledonek bakarra.  

 

Blusa eta neskek maitasuna eta gorrotoa eragiten dute. Zein da zure ustez kuadrillek bete behar duten eginkizuna?

Blusa eta neskarik gabeko Gasteizko jaiak entzierrorik gabeko Sanferminak bezalakoak lirateke. Primerako giroa sortzen dugu kuadrillok. Egia da taldeetan ardi beltzak daudela, nahi dutena egin dezaketela pentsatzen dutenak, baina pertsona horiek ez dute kolektibo osoa ordezkatzen. Haien kuadrillaren irudia ondo ordezkatzeko eskatuko nieke, blusen eginkizuna hauxe delako: kantu egitea, salto egitea, edatea eta ondo pasatzea, pertsona guztiak errespetatuz. Nik, busa bezala, hori egiten dut abuztuaren 5etik aurrera, Zeledon baino, Gorka naizenean, Bereziak taldekoa.

 

Gorka izaten lortzen al duzu, ala Zeledonen itzala duzu beti segika?

Lagunekin Gorka naiz, baina kaletik geldiarazten nautenean, Zeledon izaten jarraitzen dut. Mirestuta begiratzen naute neska-mutilek. Nola esango diet ez dudala haiekin argazkirik egingo? Zeledon izan behar naizenean, Zeledon naiz. 

 

Nola bizi dituzu zuk jaiak?

Azken hamabost urteetan arraroak izan dira: Zeledonen konpromisoak ditudalako. Edonola ere, abuztuaren 5etik aurrera, blusa arrunta izaten saiatzen naiz: bi seme ditut, Urko eta Unax, eta bai beraiekin bai nire emazte Yolandarekin egon nahi izaten dut. Zatitu behar naiz.

 

Aterkia noizbait aterki-ontzian uzteko gogorik izan al duzu?

Aterkia uztekoa... ez. Baina batzuetan neure baitarako esan dut: hau jipoia! 

 

Noiz entzungo dugu Zeledon euskaraz kantatzen?

Aurten leloa kantatuko dut... edo saiatuko naiz, behintzat! Ea ez naizen urduriegi jartzen. Betidanik kantatu izan dut gaztelaniaz, eta aurten egin duten konponketa bat abestuko dut.

 

 

Ilusioa egingo dizu?

Plazan dagoen jendea gaztea da, eta gehienek euskaraz dakite. Gero eta gasteiztar gehiagok dakigu euskaraz, eta erabili behar dugu ere.

 

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide