Estibaliz Ruiz de Azua, kazetaria: "Irudi inpaktanteen 'zaku' bilakatu dira albistegiak"

hirinet 2015ko mai. 11a, 02:00

Asteburuero telebistako lantalde handi baten lana "defendatu, eskaini eta saltzea" du ogibide Estibaliz Ruiz de Azua (Gasteiz, 1968) kazetariak, eta albiste zurrunbiloaren artean bera "nabarmendu gabe" igarotzea da haren ikur.

 

EuskalTelebistako aurpegi ezagunenetakoa da Estibaliz Ruiz de Azua kazetari gasteiztarra, hamaika urte baitaramatza asteburuko Teleberriko aurkezle lanetan. 11S-ko atentatuen  bezperan jarri zen kamera aurrean lehenbizikoz, eta geroztik dozenaka albiste kontatu ditu telebistan. Aurretik, baina, irratian egin zuen bide luzea, besteak beste, ALEA-rekin hitzordua egin duen Gasteizko Canciller hoteletik bertatik En zapatillas elkarrizketa saioa aurkezten.

 

Faltan botatzen duzu irratia?

Asko. Entzun nahi nauenarentzat: "asko" botatzen dut faltan kar kar. Irratiak beste xarma bat dauka. Telebista transatlantiko handi bat da guztien artean eraman behar dena eta hori hainbatean zaila izaten da, hainbat faktoreren araberakoa baita. Irratia berehalakoa da, gertukoagoa, gehiago gustatzen zait.

 

Nolakoa da asteburuko albistegi bat? Aste barruan baino baliabide gutxiagorekin egiten duzue lan?

Egunerokoa baino lasaiagoa da, beste erritmo batekin gabiltza, baina baliabide aldetik berdin esango nuke. Ez dago prentsaurrekorik, deialdirik... eta uste dut momentua dela aste barruan gertatutakoaren bigarren irakurketa bat egiteko.

 

Aste barruko erritmoa faltan botatzen duzu?

Ez bereziki. Hainbat urte daramat asteburuan eta batez ere kontu pertsonalengatik botatzen dut faltan asteburuan jai ez izatea, familia eta lagunekin egoteko.

 

 

Zure albistegiko editore izan zara noizbait? Gustatuko litzaizuke?

Ez. Nik uste editore lana esker txarreko lana dela, zaila, eta horretarako ere balio behar duzu. Bera da transatlantikoa gidatzen duena, erabakiak hartu, baloratu, ordenatu eta zuzentzen  dituena. Ez nuke baztertuko, baina momentu honetan erosoago nago nagoen tokian.  Horretarako buruzagi izan behar duzu eta ez zait batere samurra iruditzen.

 

Editore bazina asko aldatuko litzateke zure albistegia?

Azken urteetan maiz entzun dut, "editore banintz, aurkezle banintz, gauza asko aldatuko nituzke...", eta gero ikusten duzu hori aldatzeko aukera errealak, hau da, egunerokoak, inertziak, egin nahi zenukeen hori guztia ezin dela. Beharbada zure ukitua eman diezaiokezu, berezia, baina ez da erraza.

 

Inguruko albistegietara begiratuta, zer iruditzen zaizkizu?

Uste dut albistegi asko dena sartzen den "zakua" bilakatu direla, irudi inpaktanteen "zakua" duen ororena, askotan albiste izateko beharrezko dituen oinarrizko baldintzak bete gabe ere. Txinatik datorren albiste bat, estolda batean erori den gizon bat eta kolpea hartu duena... nahiz eta irudi harrigarria izan hori ez da albiste, eta zenbat aldiz ikusi dugu hori albistegietan? Uste dut albistegiak asko aldatu direla azken urteetan eta "gertaeren zakua" bilakatu direla. Eta, gero, ikusten duzu lege bat onartu dutela, benetan herritarrei eragingo diena, eta albistegiaren 25. minutuan jartzen dute.

 

Erantzukizunari dagokionez, kate publikoak eta pribatuak desberdinduko zenituzke?

Bai, eta balioan jarriko nituzke publikoak. Uste dut herritarrak informatzeko beharra dutela, edo izan beharko luketela ezinbestean.

 

Telebista publikoak beharrezko izaten jarraitzen du?

Jasan duen tratu txarra jasanda ere, kritika ugarirekin, beste zerbitzu publikoak jasaten ari diren moduan, funtzionarioek lan egiten ez dutela, eta oso ongi bizi direla... uste dut beharrezko direla, eta gertatzen denaren erreferente bat izan behar dutela. Egia da, baina, informazioaren negozioa zaila dela, audientziak agintzen du publizitatea erakartzeko...

 

Azken urteetan nabaritu duzu aldaketarik ikusleak bereganatzeko lanean? Nazioarteko gaiek, esaterako, gero eta interes gutxiago pizten dutela diote.

Telebistara 11S-arekin heldu nintzen, eta garai hartan nazioarteko informazioak presentzia izugarria zuen, baita telebista autonomiko bat izateko ere. Aurretik telebistan izan ez ziren audientzia zenbakiak izan genituen, %22ko audientzia izatea ohikoa zen egunero. Telebista autonomikoa gara, noski, eta gertuko informazioak garrantzia du, baina ezin dugu ahaztu gure ikusleek munduan zer gertatzen den jakin nahi dutela. Beharbada bai, aldatzen ari dira atalak.

 

Eta eguraldiak berak hartu duen tartea, ez al da gehiegizkoa?

Kuriosoa da duen audientzia. Eta orain pixka bat laburtu dugu baina askoz ere luzeagoa izan da Eguraldia saioa. Eta albistegi barruan bertan ere %30eko share datuak izaten dira elurteak daudenean edo halako gaiak ditugunean; jakin badakigu zer eguraldi egiten duen, albistegiak ez digu deskubrituko elurra ari duenik, baina jendeak bere herria ikusi nahi du elurtuta.

 

Zenbat aldiz esaten dizute lagunek Bilboko telebista dirudiela ETBk?

Esaten didate, bai. Ez dut esango arrazoirik falta ez zaienik, baina ez nago erabat ados. Arabak proportzionalki Bizkaiak eta Gipuzkoak baino albiste gutxiago ematen ditu eta hori nabari da. Athleticez Alavesez baino gehiago hitz egiten dela? Tira, noski...

 

Presio politikorik izan al duzue?

Egon badira bai, batzuen aldetik eta bestetik. Albistegian zerbait gustatu ez zaigunean ohitura izaten dugu hemen telefonoz deitzeko. Niri zuzenean ez didate esan, aurretik beste iragazki batzuk daudelako, baina jakin badakit daudela.

 

Jesus Hermida hil da aste honetan, Espainiako telebistara 'autore albistegia' eraman zuen lehenetariko aurkezlea. Zure estiloa nolakoa dela esango zenuke?

Ez dut gogoratzen gizakia ilargira heldu zenean egin zuen emankizuna urtebete nuelako, baina gogoan dut batez ere telebista pribatuak hasi zirenean, eta gutxiago edo gehiago gustatu baina erreferente bat da profesioan. Hermidaren estiloa oso pertsonalista dela esango nuke. Eta nirea, berriz, soila.

 

Aurkezleak albistegiaren ikuskizunaren parte izan behar al du?

Aurkezleak izan behar du pelikula batean musikaren pareko; ez zara konturatuko musika dagoenik oso txarra den arte, edo oso ebidentea den arte. Aurkezlearen beharra da beste guztiek egin duten lana balioan jartzea, lan hori defendatzea, eskaintzea eta saltzea. Kate luze horretan beste katebegi bat naiz, ez gehiago eta ez gutxiago, eta albisteen artean nabarmendu gabe.

 

Eta aurkezlearen iritzia antzeman behar du ikusleak?

Guztiok dugu iritzi bat, noski, iritzi politiko bat, baina profesioan zintzoak izan behar dugu lehenik eta behin. Nik egunerokoa kontatzen dut eta nire begiradatik kontatzen dut, nire iragazkitik, objektiboak ez gara izango, baina zintzoak bai.

 

Zer albistegi duzu erreferente moduan inguruan?

Irratia gehiago entzuten dut, telebista baino. Ez dut erreferente argirik, egia esan. Beharbada Frantziako kateetakoak ditut gustukoan, soilak, neurridunak... baina gizartea ere halakoa da, eta beharbada merezi dugun albistegiak ditugu guk. Hauetan albisteak kontatzen dizkizute, ikuskizunaren beharrik gabe.

 

ET B ikustearren pagatuko lukete ikusleek?

Hemen oso zaila da, badakit Britainia Handian hala egiten dutela eta ondo funtzionatzen duela baina ez dut hemen ikusten; hemen dena doako izatera ohitu gara.

 

Hauteskunde kanpaina hasi berri da, prestaketa lanetan zabiltzate?

Bai, bete-betean gaude. Debateetan izango naiz ni, diputaziorako eta hiriko udaletako hautagaiekin, Bizkaia eta Arabakoak egokitu zaizkit niri. Eta hauteskunde gauean ere izango naiz; egia da lan gogorra dela baina gustatzen zaizkit, batez ere hauteskunde gauak, eta aurten interesgarri izango dela ematen du.

 

Informatiboki asko aldatu al dira hauteskunde kanpainak azken urteetan?

Zoritxarrez, oso gutxi. Berriz ere etorriko zaizkigu kexaka politikariak telebistan egiten ditugun debateak oso zurrunak direla eta horrela eztabaidarik ezin dela egin eta, hain zuzen, euren alderdiek erabaki dute talde bakoitzari dagokion denbora neurtzea eta modu honetan egitea. Niri ere gustatuko litzaidake "bakarrizketa" segida beharrean benetako eztabaida izatea, eta ziurrenik ikusleei ere.

 

Platoak utzi eta aurkezle modura kalea zapaltzea gustatuko litzaizuke?

Irratian nintzela askotan egin nuen kaletik emankizuna. Momentu honetan ez daukat behar hori. Pentsatzen dut profesioan denek ez dutela balio denetarik egiteko, eta bakoitzak bere lan txokoa duela.

 

Zuzenean ez dizu eragiten, baina nola bizi duzue EREa?

Guztioi eragiten digu. Ente publiko batean erregulazio espediente bat irekitzea langile guztiok kezkatzeko moduko gaia da.

 

Gauzak gaizki egin al dira aurretik?

Esango dut ez direla ongi egin. Eta hala iritsi gara egoera honetara, ia 60 lankide kalera doazen momentura, eta horien artean urte asko dituztenak ugari. Lan arloari dagokionez, 55 urterekin kalean geratzen zarenean badakizu ez duzula zurean gehiago lanik egingo, edo oso zaila izango dela. Ente publikoan egiten den lehenengo erregulazio espedientea da honakoa, latza guztiz, eta honek esan nahi du lehena dela baina behar bada ez dela azkena izango.

 

Krisi honen erdian, zure alabak kazetari izan nahi duela esango balizu?

Nahi duena izateko esango nioke. Hamasei urteko alaba bat dut eta oraindik ez daki zer egin behar duen, baina nik ere ez neukan oso argi, eta kasualitatez nago hemen. Nahi duena ikas dezala, gero bizitzak eramango zaituela leku batera edo bestera.

 

Albistez betetako asteburuaren ostean nola amaitzen duzu igandea?

Hamaika t'erdiak aldera heltzen naiz etxera, denak ohean daudenean eta ni lasai geratzen naiz, irakurtzen, tartean eguneko egunkariak, aurretik irakurri ezin izan ditudanak.

 

Kazetaritzaz harago ere bada bizitza?

Bada, bai. Ni, esate baterako une honetan nire herriko –Gebara– administrazio batzarreko lehendakaria naiz eta horrek ere hainbat buruhauste ematen dizkit. Une honetan saneamendu ordenantzaren eguneraketa bat prestatzen ari gara Aldundian aurkeztu ahal izateko.

 

Egilea: Anakoz Amenabar, ALEA

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide