[BIDEOA] Hasi da bidaia

hirinet 2015ko mar. 16a, 01:00

22 urteko atzera kontua izan da. Los Herran kaleko 'behin-behineko' geltokiak ateak itxi eta astelehenean abiatu ziren lehenengo autobusak Lakuako estazio berritik.

 

 

 

 

 

 

 

 

{youtube}77jC7OLymKQ{/youtube}

 

 

Hastapenak

22 urteko itxaronaldia izan da. Zer ez den aldatu bi hamarkada hauetan. Auzo berriak jaio dira, auzo zaharrak zahartu dira, tranbia iritsi da, biztanleen ezaugarriak aldatu dira, hiria antolatzeko modua eraldatu da, baina hortxe jarraitu du geltokiak mugiezin, eztabaida, protesta eta proposamenen uztaren zain. Azkenean, 2012an jaso zuen partzela bat oinordetzan: Patxi Lazcoz Gasteizko alkate ohiak proposatutako Bai Center auditorioaren hilotzak herentzian utzitakoa, PP-k eta EH Bildu-k hala adostuta. Orain, hogeita zazpi hilabete iraun duten lanen ondoren, estazioa prest da  erdialdea utzi eta Lakuako Euskaltzaindia plazara bidaia egiteko. Esan bezala, obrak 2012ko azaroaren hasi ziren. Opacua, Balgorza eta Vias y Construcciones enpresek batera eraikitako egitura berri honek 16,5 milioiko inbertsioa suposatu du. Gehiena Eusko Jaurlaritzak ordaindu du, zehazki %84a; beste %6 inguru, Arabako Diputazioak; eta gainontzekoa, Gasteizko Udalak.

 

Geltoki berriaren ezaugarriak

26.000 metro karratuko zabaleran altxatutako eraikinera gerturatzen denak hauxe da ikusiko duena: autobusentzat 25 nasa, txartelak saltzeko leihatilak, bulegoetako zonaldea, harrera gune bat eta bost informazio pantaila. Lurrazpiko aparkalekuan, kotxeentzat 302 plaza, horietako hamar mugikortasun arazoak dituzten hiritarrentzat, eta hamabost ibilgailu elektrikorentzat korronte-instalazioak. Kotxea uzteko, lehenengo hamabost minutuak dohainik izango dira, eta egun osoak 15 euro balioko du. Bidaiariak uzteko, kanpoan badaude ere tarte laburrerako sei toki (ingelesez irudimentsu Kiss and ride deritzotena).

Bizikletan doazenek 105 aparkaleku dituzte kalean, eta beste 94 lurrazpiko parkingean, ordu bakoitzeko hamar zentimoren truke, egun oso baterako gehienez euro bat ordainduta. Zerbitzua maiz erabiltzen dutenentzat hileko eta urteko abonamenduak daude.

 

Ez tabernarik, ez kioskorik

Kafe bat hartzeko edo aldizkari bat erosteko geltokitik irten beharko dira oraingoz bidaiariak. Eraikinean, kafetegia egiteko 273 metroko lekua dago, jatetxea egiteko 386 metroko beste zabalera batekin konektatuta, terraza jartzeko aukerarekin. Kafetegiaren ondoan, denda irekitzeko kristalezko lokala dago ere, ehun metrokoa, bertan egunkariak, oriogarriak, edariak eta aperitiboak saltzeko. Edonola ere, oraingoz itxita egongo dira. Udalak lehiaketa egin du negozio horiek kudeatzeko enpresa aukeratzeko, baina inor ez da lehiaketa horretara aurkeztu. Ondorioz, bigarren lehiaketa bat abiatu du, baldintza berriekin.

 

Nola heldu autobus geltoki berrira garraio publikoa erabiliz?

Tranbia

Bi dira autobus geltoki berritik gertu dauden tranbiaren geltokiak eta bertan hartzen diren tranbiak erdigunera, Abetxukura edo Lakua auzora hurbiltzen ditu bidaiariak. Lehenengo geltokia,  Euskal Herria Bulebarran kokatuta dagoena da, Ibaiondo eta hiriko erdigunea lotzen dituen adarraren baitan dagoena. Bigarrena, aldiz, Forondako Atea dago eta Intermodal du izena.

Autobusa

Autobusaren kasuan, hiru dira Euskaltzaindia plazako autobus geltoki berrira hurbiltzen diren lineak: L2 Periferikoa , L4 Lakua-Mariturri eta L8 Unibertsitatea. Erdigunera gehien hurbiltzen dena L4 linea dugu eta honen geltokia Forondako Atean kokatuta dago. L2 linea Euskal Herria Bulebarran gelditzen da eta erdigunetik pasa gabe, hiriari buelta ematen dio, Txagorritxu, San Martin, Ariznabarra, Mendizorrotza, Adurtza, Arana, Salburua, Zaramaga eta Pilar auzoetatik igarotzen da. Azkenik, L8 lineak Gasteiz Hiribidea zeharkatzen du, unibertsitateraino doa eta ostean Los Herran eta Zaramaga auzoetara heltzen da.

 

Bilboko autobusak, hirian zehar

Geltokia Lakuara eramateko lehenengo proposamena Patxi Lazcoz alkate ohiarena izan zen. Abiadura Handiko Trenaren geltokia Arriagan egingo zelakoan, autobus estazioa bertan egin nahi zuen ere egitura intermodal bat edukitzeko, parkearen zati bat kenduz. Zonalde berdea ezabatzeko saiakera hurak oposizio handia piztu zuen, eta horrek eta AHT-aren proiektuaren gorabeherek kokapen hori baztertzera eraman zuten. PP udal-gobernura iritsi zenean, kokapen berria erabaki zuen EH Bildurekin batera, besteak beste Bai Center proiektuaren zuloa estaltzeko eta, horrez gain, Gasteiz barrura gero eta autobus gutxiago sartu eta hiri barneko mugikortasuna arintzeko.

Edonola ere, autobus asko hiriburuan barrena ibiliko dira, bidaiariak uzteko geldialdi ugari egingo dituztelako. Kasurik ezagunena Bilbora eta ingurura egunero 80 bidai egiten dituen La Union konpainiarena da. Orain arte bere autobusek Gasteizen zehar egiten zituzten geldialdiak desagertuko zirenaren beldur, bi mila sinadura baino gehiago bildu zituzten erabiltzaileek, Bizikleteroak eta Eginaren Eginez elkarteek gomendatzen zutenaren kontra; izan ere, kolektibo horien ustez, oinezkoentzat eta txirrindularientzat mugikortasuna hobetzeko hirian ahalik eta autobus gutxien sartu beharko lirateke. Azkenean, Bilbotik datozen autobusek hiru geldialdi egingo dituzte: Lakuako geltokian, Gasteiz hiribidean eta Unibertsitatean. Gasteiztik Bilbora ere, ibilbide bera egingo dute, alderantziz.

 

Hiri barruan geltoki ugari

Herrietatik datozen konpainiek ere hirian zehar utziko dituzte bidaiariak. Batzuk aipatzearren: Bastidatik, Espejotik, Bovedatik, Bilodatik, Mirandatik, Guardiatik eta Langraizetik datozen autobusek hiru geldialdi egingo dituzte, Gaztelako Atean, epaitegietan eta Gasteiz hiribidean, Bastiturri kalearekin mugan; Araiatik abiatuta Dulantzitik eta Ozetatik pasatzen diren lineak Arantzabelan eta Gamarrako atean geldituko dira; eta Laudio, Artziniega eta Izarratik heltzen direnak campusaren ondoan, epaitegietan eta Bastiturrin utziko dituzte erabiltzaileak, Kontrastatik eta Bernedotik datozenek bezala. Bestalde, geltokikoaz gain, geldialdi bakarra egingo dituzte Aramaiotik eta Durangotik iritsitako autobusek, Zaramaga eta Gamarrako Atearen gurutze-bidean, Boulevard merkatalgunetik oso gertu.

 

Geltoki zaharra, jolastoki

Zer geratuko da Los Herraneko eraikinarekin? Zazpigarren Alaba auzo elkarteak galdeketa bat eskatu du, bizilagunen proposamenak kontuan izateko, baina Udalak erabakita dauka geltoki zaharraren erabilera: umeentzako parke estalia izango da, adinen arabera antolatutako bost jolastokirekin. Guztira, 320.000 euroko kostua izango du egokitzeak, eta udarako prest egongo da.

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide