Ana Redondo, Lakuabizkarrako farmaziako lizentziaduna: “Haiek eman zidaten lizentzia, eta haiek kendu didate”

hirinet 2015ko mar. 10a, 01:00

Kasua bakarra da Espainian. Sei urtez irekita egon ondoren, epailearen erabaki batek Iruña kaleko 33. zenbakian kokatuta dagoen farmazia ixtera behartu du. Ez-ohiko egoera honek Lakuabizkarra auzoko biztanleak harritu ditu, sinaduren bilketaren bitartez erabakiaren kontrako jarrera hartzea erabaki dutenak.

 

Farmazia horretako lizentziadun Ana Redondok  gauzak oso zail jarri direla ziurtatzen du: «Ezin dut jan... ezin dut lorik hartu... ezin diot pentsatzeari utzi...». Denak ematen du aditzera martxoaren 31 izango dela farmazia publikoari irekia izango den azkeneko eguna.

Kasu bitxi hau 2007an abiatu zen, irekitze berriko farmazia baten esleipena lehiaketara atera zenean. Lehiaketa honek hiru zonalde eskaintzen zuen farmazia berria kokatzeko: Lakua-Arriaga, Lakuabizkarra eta Santa Lucia. Lehiaketara 30 bat pertsona aurkeztu ziren, haietako bat Redondo izanik. Lizentziaren esleipenduna erabakitzeko, puntuen bidezko baremazioa erabili zen, non «kurtsoak, hizkuntzak edota lan egindako urteak bezalako parametroak» hartu ziren kontuan.

 

Redondo bigarren gelditu zen, legearen arabera farmazia jarri ezin zuen lehiakide baten azpitik. 65 urte baino gehiago izanik, Eusko Jaurlaritzako Ordenamendu Farmazeutikoak debekatzen zuen adin honetako pertsona batek irekitze berriko farmazia bat jartzea –Konstituzio Auzitegiak «ez-konstituzionaltzat» hartzen duen neurria–.

 

Momentu horretan, Redondok ezetza eman zion bere esleipenari, baina esan zitzaion hori egiten bazuen, zerrenda hartu eta lehiakidez lehiakide eskainiko zutela lizentzia, norbaitek onartu arte, beraz, Redondok esleipena onartu zuen. Bien bitartean, kanpoan utzitako farmazeutikoak farmaziaren irekiera geldiarazten saiatu zen, «ebazpena denbora asko igaro ondoren» hartu zela argudiatuz –deialdia agertu eta bi urtera–, baina epaile batek bere helegitea bertan behera utzi zuen, eta beraz, farmazia «legezkotasun osoz» ireki zen.

 

Kasua EAEko Justizia Auzitegi Nagusira heldu zen, non neurriaren «konstituzionaltasunik eza» ikusi zen. Bertatik, ofizioz, Konstituzio Auzitegira eraman zen. Auzitegiak, bederatzi hilabete igaro ostean, adinaren arabera lehiakide bat baztertzea konstituzionala ez zela ebatzi zuen, eta Redondok, «lege-iruzurra» salatuz, helegite bat aurkeztu zuen. Hala ere, iruzur hori «ezin frogatuzkoa» zela ebatzi zenez, helegitea bere horretan geratu zen.

 

Iaz, farmazeutikoak berriz hel egin zion kasuari, lehen aldiz agertu zenetik denbora igaro zela argudiatuz. Eusko Jaurlaritzak, «epai mugiezinik gabe», bere farmazia irekitzea ahalbidetu zion, 2014ko uztailean.

 

Lehiaketak soilik lizentzia bat esleitu ahal zuen arren, Redondok ez zuen bere farmazia itxi, «epailearen agindu» baten bitartez baino ezin baita neurri hori hartu. Eta orduantxe ebatzi zen gatazka: «Hasieran martxoaren 9an itxi beharko genuela esan ziguten, baina Ordenazio Farmazeutikoarekin bilera bat izan eta gero, itxiera hilaren 31rako geroratu zuten. Baina ez dute beste irtenbiderik ikusten». Ezingo da, beraz, denbora gehiagoz atzeratu.

 

Atzerapen honek, momentu baterako arnas-hartzea bada ere, enplegu-erregulazio espediente  (EEE) bat burutzeko aukera ematen du. Bost langile baino gutxiagoko enpresa izanik, kasu honetan ez litzateke mota honetako neurririk aplikatu behar. Hala ere, «ezinbesteko arrazoizko» egoera dela eta, Redondok EEE bat egin beharko du, enplegatuen irteera erregulatzeko, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak egoera justifikaturik dagoela egiaztatu behar duen, eta behin egiaztatuta dagoenean, espedientea ahalbidetu.

 

Egoera ez da amaituko negozioa itxi eta gero. Erositako ukaitza denez (eta ez alokatutakoa), zailtasun gehiago egongo dira farmaziak okupatzen zuen espazioaren jardunaren gelditzea kudeatzeko. «Noski, gurea ez da goxoki denda bat»: jabetza salgai jarri beharko da, eta botiken stock-a, «protokoloari jarraiki», laborategietara itzuli beharko da. Baina geratzen diren  altzariekin ez dago inolako jarraipenik: «Ez dute inolako irteerarik... ez baditut behintzat enkantean jartzen...»

 

 

Egilea: Mikel Gonzalez

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide