Hormetatik, oihua

hirinet 2015ko mar. 3a, 01:00

1972an Britainia Handiko ejertzitoak odol arrastoa utzi zuen Derryn, eta lau urte beranduago Espainiako poliziak Gasteizen; odolak lotu zituen bi hiriak, eta biek elkarrengandik ikasi dute, besteak beste, horietako Bogside eta Zaramaga auzoak horma-irudiz beteta.

 

Beste urte batez, gasteiztar eta arabarren egutegiak gorriz markatutako dataren bezperan daude: martxoaren 3a. Urte luzeetako ahanzturaren ostean, aurten justizia lortzeko borroka luze hori bere fruituak ematen hasi da eta, besteak beste, Maria Servini Argentinako epaileak sarraski haren errudunak epaitzeko konpromiso argia agertu du. Gainera, Martxoak 3 elkarteak hala eskatuta, Arabako eta bereziki Gasteizko instituzioak pausoak ematen hasi dira eta, tartean, hiriburuko udalean bi urrats sinboliko eman dituzte: hildako bost langileen oroimenez monolito bat kokatzea San Frantzisko plazan, eta egun hartako irudiak eliza pareko etxaurrean margotzea.

 

Egun hartatik, gertuago daude Derry eta Gasteiz, Gasteiz eta Derry. Eskubide zibilen aldeko borrokaren odolak batzen zituen biak, eta aldarrikatzeko modu berritzaileak batzen ditu gaur egun ere. Bateko zein besteko, Gleann Dohertyk, Veronica Werkmeisterrek eta Lander Garciak gerturatu dituzte ALEA-ra gertakari haiek batzen dituzten horma-irudien esperientziak.

 

 

Bloody sunday

Ipar Irlandako Derry hiriko Bogside auzoan ohikoak ziren auzokideen kontrako urraketa politiko eta zibilak 1972. urtean. Urtea hasi bezain laster, urtarrilaren 30ean, 18.000 pertsona inguruk auzoa hartu eta Derryn inoiz ikusitako manifestaziorik handiena egin zuten, frogarik gabe ustezko IRAko kideak kartzelaratzea ahalbidetzen zuen neurri baten aurka. Eskubide zibilen aldeko manifestazio moduan hasi zena, laster bilakatu zen sarraski. Haurra zela bizi zuen Gleann Dohertyk mobilizazio hura, egun hartan hil zuten Patrick Joseph Dohertyren semeak: "Polizia gasa botatzen hasi bezain laster, amak eskutik hartu ninduen etxera bidean, aitaren urduritasun aurpegia manifestazio erdian uzten genuen bitartean. Ez dut inoiz aurpegi hura ahaztuko, buruan dudan haren azkenengo irudia hori baita". Hamahiru hildako eta 30 zauritu izan ziren Bloody Sunday moduan (Igande Odoltsua) ezaguna den egun hartan.

 

Britainia Handiko gobernuak burututako sarraski horren aurrean, hainbatek "erantzuna" eman behar zela erabaki zuten, babes sozial nabarmenarekin: "IRA-n sartu ginen gutako asko, 1972ko otsailaren 28an, Bloody Sunday-tik hilabete batera, Derryn 12 militante egotetik 300 egotera pasa ginen", gogoratu du Dohertyk. Senide askok memoria elkartea sortu zuten, gaur egun oraindik bizirik dirauena, eta herri mugimendu guztiak etxeak memoriaz eta justizia aldarrikapenez bete zituen, Irlandako zenbait zonaldetan hedatuta zegoen bezala. "Nire aitaren eta beste hamahiruen borrokaren lekukoa hartu genuen 1972ko aldarrikapenak gure etxeetan bertan margotzeko". Gasarekin, borrekin eta odolarekin zapuztuko ez zuten aldarrikapen berri bat jaio zen: horma-irudi politikoak.

 

Banaketa eta batasuna

Horma-irudiek berez duten helburu politikoaz harago, espazio publikoa artez nola betetzen zuten ikastera joan zen Derryra Veronica Werckmeister, geroago Gasteizko alde zaharreko eraikinak artez eta kolorez betetzeko. Nork esango zion hari, ordea, helburu berdina duen horma-irudi bat margotzen amaituko zuela Zaramaga auzoan, oraingoan etxaurreak alaitzeaz gain, oroimena begietatik sartzeko.

 

Baina ezberdintasunak ere topa daitezke Derry eta Gasteiz artean. Bogside auzoko horma-irudiek eta zonalde unionistan aurkitzen direnek bitan banatzen dute herria, bitan banatzen dute gizartea, bai geografikoki eta baita sozialki ere. Werckmeisterrek, aldiz, gasteiztar guztien batasuna bilatu nahi du horma-irudi honekin: "Gasteiztar guztion artean idatzi beharko dugulako zer gertatu zen 1976ko martxoaren 3an, gure seme-alabek jakiteko zergatik hil zituzten euren aiton-amonak." Haren ustez, batasunerako erabili beharko lirateke horma-irudiak, "baina askotan banaketa areagotzen dute".

 

"Zigorgabetasunaren aurka"

Gasteizko horma-irudia prestatzeko abian jarritako prozedura eta lana gogoan du Lander Garciak, Martxoak 3 elkarteko kideak. Elkartekoek eurek proposatu zuten horma-irudia, Muralia margolari taldeak eskaera gogoz hartu zuen, udalak aurrekontua onartu zuen, eraikineko bizilagun guztiek begi onez hartu, eta hamarnaka herritarrek euren etxeko horma nagusia margotzeari ekin zioten. Udalak aurrekontua onartzeaz gain, eraikin guztiko bizilagunek, aho batez onartu behar zuten horma-irudia, eta proposamena jasotzerakoan ez zuten inolako zalantzarik izan: "Euren etxeko hormek ere justizia oihukatu nahi zutelako". Gertakarien inguruko horma-irudiak egitea "pauso garrantzitsua" dela uste du Garciak: "Espazio publikoa zigorgabetasunaren aurkako borrokarako irabazi dugu". Horma-irudia egiteaz gain, gaira hurbiltzeko bisitaldi gidatuak, hitzaldiak eta eztabaidak izan dira; esperientzia hau guztia aurrera eramateko, historialari eta bakea lortzeko bitartekari adituen laguntza izan dute.

 

 

 

 

Horma-irudiekin batera, beste alde batetik, joan den urteurrenetik egunera arte, Gasteizko gizarteak eta Martxoak 3 elkarteak aitortza eta aintzatespenaren bidean, nazioarteko komunitatearekin "pausu garrantzitsuak" izan direla nabarmendu du Garciak. Ildo honetan, eta epe motzera begira, “justizia osoa lortzeko bidean", errudunak epaitegietara heltzea espero du: "Epaitegi baten aurrean jarri eta hildako guztien aitortza espero dugu, hurrengo urteko 40. urteurrena baino lehen".

 

Erakundeetako bideak jarraitu bitartean, baina, lorpenak herritarren eskuetan daudela uste du: "Gure lan eskubideen alde bost gasteiztarrek bizitza eman zuten 1976.urtean. Orain, haien egiaren, justiziaren eta oroimenaren eskubideen alde jarraitu behar dugu gasteiztarrok; borroka horretan jarraitzea izango da haientzako omenaldirik onena.

 

Egilea: Igor Goikolea, Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide