Hodei Arrausi, kazetaria: "Gazteak aldaketa gogoz datoz Txinan"

hirinet 2015ko ots. 20a, 01:00

Kazetaria Asia inguruko albisteak euskal Herriko etxeetara gerturatu ditu azkeneko lau urteetan Hodei arrausik (Gasteiz, 1984) eitbko berriemaile modura; Gobernu aldaketa izan zenetik, 2013an, giza eskubideen urraketak areagotu direla uste du, eta "kontrola" areagotu dela zenbait alorretan.

 

Pekin bizileku eta erdigune nagusi izan badu ere, Asiako bazter batetik bestera ibili da azken lau urteetan Hodei Arrausi berriemaile gasteiztarra. Fukushimako ezbeharra edota Thailandiako gobernuaren kontrako protestekin batera, herritarren egunerokoa ezagutzeko hamaika esperientzia batu eta kontatu ditu.

 

Ezagutu dituzu urte berri txinatarreko ospakizunak? nola ospatzen dute?

Bai, lau urteetan bizi izan dut. Hemen egiten dugun oso antzeko ospakizuna da. Familiarekin elkartu, afaria egin eta 24:00etan suziriak pizten dituzte. Txina osoa bolboraz beteta ematen diote ongietorria. Kondaira polit batek dioenez, antza, dragoi bat etortzen zen urtero uzta jan etaherritarrak beldurtzera eta bolborari esker dragoi hori uxatzen zuten. Batzuk orain hasi dira, hiri handietako txinatar aberatsenak, ospakizun hori etxetik kanpo egiten, jatetxeetan, baina normalean etxean ospatzen dute. Egun osoa ematen dute sukaldean, jiaozi izeneko haragi opilak prestatzen eta, afalostean, gala handi bat ikusten dute CCTV telebista nazionalean; oso aspergarria da, eurek ere onartzen dute baina besterik ez da izaten.

 

Urteko jende mobilizazio handiena izaten da urte berriarekin batera, ezta?

Askok urtean behin baino ez dute aukera familia ikusteko eta oso bidaia inportantea da. Orain arte trena izan da aukerarik merkeena; gogoratu behar da ia gehienak direla landa eremuetatik hiri handietara mugitutako biztanleak, eta oso txiroak. Asko abiadura handiko trena erabiltzen hasi dira, askoz garestiagoa dena, baina erosoagoa... Ohiturari eusten dioten arren, Txina etengabe doa aurrera eta hor ere aldaketak daude.

 

Ospakizun zaleak dira? Aisialdian zer zaletasun dituzte? mendebaldeko ikuspegitik, beharbada, lehentasuna lana dutela dirudi.

Oso talde desberdinak daude, eta Pekin dut buruan bertan bizi izan naizelako. Badago gazte talde bat, aberatsa, lana ez duena buruan, dirua eta aisialdia baizik. Eta ez gara ari talde txiki batez, milioi batzuetaz ari gara. Gero, egia da, klase ertain eta txiroarentzako lehentasuna lana dela, eta oso argi dute bizitzan zehar ahalegin handia egin behar dutela nagusiak direnean gozatzeko, topikoa egia da kasu horretan. Pekinen, ordea, aisialdi zaleak dira; kontuan izan behar dugu inperioaren zentroa zela, familiek estatus bat zuten, eta Pekin zaharra Lao Beijing deituriko horretan aisialdiaren inguruan gizarte oso bat sortu zen; jendea parkeetara irteten zen hain ezagunak diren kometak hegan egitera... Gaur egun familia batzuek kilkerrak edo txoriak parkera paseatzera ateratzen dituzten moduan, beste aldea ere badago, egunean 18 ordu lan egiten duen familia bat.

 

Nolakoak izan ziren txinara heldu zinen lehen egun haiek? gogoan dituzu?

Aurreneko gaua gogoratzen dut, oso bidaia korapilotsua izan nuelako, hegazki bat atzeratu zelako... Zonbi hutsa nintzela ailegatu nintzen Pekinera eta hor Olatz Arrieta – Asiako berriemaile ohia– eduki nuen zain aireportuan. Gogoratzen dut taxi gidariarekin eztabaida izugarria izan zuela, biak oihuka, eta bat batean esku-frenoa bota zuela autopistaren erdian; negoziazioa hasi eta konpondu ostean aurrera jarraitu zuen. "Hemen arauak beste batzuk dira", pentsatu nuen.

 

Eta lau urteotan kontatu dituzun albisteen artean, zein izan da bereziena zuretzat?

Myanmarko hauteskundeak. Hemen nik uste ez zuela oihartzunik izan, baina niretzako oso albiste garrantzitsua izan zen, eta berezia lekuko izatea. Hauteskunde txikiak ziren, parlamentuaren zati txiki bat bakarrik ordezkatuko zutenak, baina lehenengo aldiz Aung San Suuren National League For Democracy alderdiak aukera izan zuen aurkezteko eta garaipena lortu zuten, argia; militarrek ez zuten inolako eragozpenik jarri eta hauteskunde gauaren erdian jendetza ikusi genuen kaleetara irteten garaipen hori ospatzeko. Giro berezia zegoen eta jendea harro zegoen; "duela sei hilabete orain egiten ari garena debekatuta zegoen, kartzelara joaten ginen kalean manifestatzeagatik", esaten ziguten. Horren lekuko izatea eta bertatik bertara bizitzea berezia izan zen, are gehiago gaur egun Myanmarren ematen ari den eboluzioa ikusita.

 

Hong Kong-eko iazko iraultza ere bizi izan zenuen. tiananmen berri bat izan zitekeela ere aipatu zuten.

Mendebaldeko hedabide askotan gogo hori zegoen, konparaketa hori segituan atera zuten. Eta Pekinetik, Hong Kong erdigunera gerturatu aurretik, zerikusirik ez zuela konturatu ginen; behin han egonda, ikasleekin hitz egin ostean, eta kontuan hartuta Txinan zer egoera politiko sozial zegoen 80ko hamarkadan, eta egun Hong Kong-en zer dagoen ikusita, argi zegoen ez zela Tianamen bat gertatuko. Lehenik eta behin Txinako gobernua ez delako leloa, eta euren akatsak badakitelako zeintzuk izan diren orain arte eta oso argi daukatelako nola kudeatu. Txinako gobernuaren apustua hori izan zen: hasieran poliziak bidali zituzten, baina hortik aurrera sokatiran ibili ziren inoiz soka apurtzeko gogorik gabe. Protestak orain isildu dira eta dena apur bat lasaitu dela ematen du. 2017an hauteskundeak dira eta horiek gerturatzen diren heinean eztabaida berriro piztuko da, belaunaldi gazte oso bat dagoelako, ikasketekin, bizi maila altu batekin, sare sozialekin... Eta ez datoz bat Pekin tradizionalarekin.

 

Aldaketarik izango bada, Hong Kong-etik helduko da?


Nik uste 80. hamarkadan ekonomiarekin egin zituen aldaketen antzeko zerbait egin beharko duela Txinako gobernuak; alegia saiakera txikiekin hasita, leku jakin batzuetan. Arlo politikoan noizbait halako saiakera batzuk egin beharko dituela uste dut, eta beharbada Hong Kong aukera on bat izan daiteke. Baina egia da Txinako alderdi komunistarentzat eta gobernuarentzat hor marra gorri bat dagoela: herrialdearen batasuna, eta alderdi komunistaren nagusigoa. Ez da erraza; eztabaida eta liskar gehiago egongo direla segurua da.

Giza eskubideei dagokionez, nabaritu duzu aldea azken urteetan?

Xi Jinping oraingo presidentea boterera heldu zenean belaunaldi baten ordezkari zen, Txinako politikarien artean belaunaldi berri baten ordezkaritzat zuten askok, atzerrian ikasitakoa zelako, besteak beste; aldaketarako tarte bat ireki zitekeela uste zuten, giza eskubideen inguruan, edo disidentziarekiko beste jarrera bat. Eta ez da hala gertatu, hasieratik oso mezu zorrotzak eta gogorrak bidali dizkio disidentziari, atxiloketekin, kanpaina gogorrekin interneten, mugikorren kontrola... Gu beti saiatzen ginen unibertsitate arloko adituekin elkarrizketak lotzen euren iritzia adierazteko aukera gehiago dutelako, eta azkeneko elkarrizketa saiakeretan ezezko asko jaso genituen. Une egokia ez zela eta gobernua gogor ari zela esaten ziguten, eta hala izan da. Xinjiang eskualdean, East Turkestan esaten dioten eremuan, unibertsitate irakasle bat atxilotu eta bizi oso arteko kartzela zigorra ezarri diote. Gobernua heldu zenetik, 2013an, eta nik Txinatik alde egin arte ez du egoerak hobera egin, okerrera baizik.

 

Greziako zorra erosi du, hego Amerikan ere lehengaiekin negozio handiak egin ditu... nola irudikatzen duzu txina potentzia gisa hemendik urte batzuetara?

Ez naiz ona halako proiekzioak egiten. Lagunek egiten didaten lehen galdera izaten da: "Egia da txinatarrek jan egingo gaituztela?". Ez dakit zer gertatuko den, estatubatuarrek inbaditu gaituzten neurri berdinean edo askoz ere gutxiago izango den. Egia da botere ekonomikoa dutela, giza kapital handia, baina egia da, baita ere, soft powerraren arloan oraindik ez direla jaun eta jabe; musika edota zineman ez dakigu ezer Txinaz. Halere, nik inbasio hitza ez dut batere gustuko; herrialdeak garatzen jarraituko du, gure antzera, etorriko dira eta bidean topo egingo dugu.

 

Eta txinara doazen enpresentzat garai ona al da?

Enpresaren batek orain joateko asmoa baldin badu latz edukiko du, berandu delako; Txina dagoeneko ez da leku merkea produzitzeko. Baina egia da enpresa batzuk nahiko ondo jokatu zutela bere garaian eta Espainiako estatutik zalantzarik gabe enpresa euskaldunak eta katalanak izan ziren aitzindari, abantaila dute eta ondo ari dira. Aldaketa ekonomiko betean dago Txina, barne merkatuari begira gehiago, eta horretara moldatu beharko dute euskal enpresek ere.

 

Zer aholku eman diozu berriemaile berriari, Vanesa sanchezi?

Aholkurik ez, baina pazientzia izan dezan hasieran batez ere, eta ahal duen heinean txinera ikas dezan; nik egin ez dudan gauza bat, oso makal ibili bainaiz hortan. Eta gogotsu ekiteko, erronka handia delako. Baina Vanesa kazetari fina da eta primeran moldatuko da, elkarrekin astebete eman genuen Pekinen eta ikusi nuen jendearekin harremanak lantzeko gaitasun handia duela.

 

Hizkuntza izan da arazo handiena?

Niretzat hori frustrantea ere izan da. Aurrean oso jende interesgarria duzula sumatzea, beraiekin elkarrizketa bat lortzea eta beti sentsazio bera izatea; ez dakit zein puntutaraino lortu dudan bere konfiantza, bera eroso sentitzea, istorioa guztiz kontatzea... Hiru itzultzaile izan ditut lau urtetan eta argi gera- tzu zait beraiek direla zure begiak eta belarriak han. Txinan esperientzia gehiago duten kazetariekin izan naiz eta konturatu naiz hasieratik mandarina menderatu arren jauzi kulturala izugarria dela, atzerritarra izango zarela beti, eta behar beharrezkoa dela itzultzailea.

 

Zeinek markatzen zuen zure eguneroko albiste agenda? Zuk egiten zenituen proposamenak?

Orain bestaldera salto egin dut, erredakzioan nago berriro, eta asko baloratzen dut berriemaileok dugun askatasuna. Egia da bereziki agian Txina kasu berezia dela, urrun geratzen delako, ez dagoelako agenda politiko markaturik. Oraindik oso ezezaguna zaigu Txina eta gai politikoek eta sozialek garrantzia handia daukate, baina ni lau urtez ibili naiz askatasun guztiarekin, gaiak proposatuz, bilatuz. Gero egia da nazioarteko agenda handi bat ere badagoela, goi bilerak edo presidenteen bisitak, baina gainontzekoan... Eta horretarako egon behar dira berriemaileak, nire ustez, iniziatiba eurek hartzeko eta errealitate urrun horiek Euskal Herrira gerturatzeko.

 

Lan egiteko garaian, presiorik izan duzue edo kontrolik izan duzue?


Ez, euskal hedabideak ez gara Txinarentzat arazo bat. CNN, BBC edo Al Jazeerak esaten dutenari adi daude, baina ez daude arduratuta guk egiten dugunarekin. Egia da, halere, kazetari baimen bat behar duzula bertan jarduteko eta horretarako urte amaieran elkarrizketa txiki bat egiten dizu Poliziak; tramite hutsa da baina urte batzuetan elkarrizketa zorrotzagoa izan dela nabaritu dut.

 

Txinan ikasitako ikasgai bat?

Kazetari moduan pazientzia izaten ikasi dut, batzuetan nahi moduan ateratzen dela eta beste askotan ezinekoa dela.

 

 

 

{youtube}ZbZgN_XmE2w{/youtube}

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide