Oihaneder Euskararen Etxearen izenaz

hirinet 2014ko urriaren 29a

Gasteizen Montehermoso Jauregian berriki zabaldu den Euskararen Etxea Oihaneder deitzen da. Esan behar dut hasieran arrotz samarra egin zitzaidala, Oihaneder izenari umeentzako ipuin batetik ateratakoa neritzon. Loti Ederra eta horren giroko ipuinak ekartzen zizkidan gogora.

 

Minutu pare bat kostatu zitzaidan ohartzea Montehermosoren itzulpena izan zitekeela, eta hori ere ez zitzaidan gehiegi gustatu. Alde batetik, ez nuen uste itzulpena beharrezkoa zenik. Beste alde batetik, ez nekien noraino den egokia Oihaneder gaztelerazko Montehermoso itzultzeko. Eta gainera, oker ez banago, antzinako ur-biltegian kokatzen den erakustokiak ere badarama Oihanederra izena.

 

Zalantza nuen, beraz, izenarekin asmatu ote zen, ea ez zen egokiagoa izango Agirre-Eskibel Jauregia edo honelako zerbait, jauregiaren jatorrizko familiaren izena berreskuratuz. Baina aitortu behar dut Oihaneder gero eta gehiago gustatzen zaidala. Izenarekin ohitu naiz eta gaur egun jada gogoko dut deitura hori, bi arrazoirengatik: oihana delako eta ederra delako.

 

Izan ere, oihanean era guztietako izakiek dute lekua, txikiak zein handiak, arriskutsuak eta goxoak, zaratatsuak eta isil-isilean mugitzen direnak …  Eta honelakoa gustatuko litzaidake euskararen etxea, guztiontzako lekua, era desberdinetako proposamenetara zabalik. Oihana izan dadila, beraz, hezea, betea, aberatsa, bizia, ustekabearen lurraldea, itxaropenaren berde guztien aberria.

 

Izenaren bigarren zatiaz, eder horretaz, ez daukat gauza handirik esateko. Euskara hainbestetan ikuspegi beltzez aipatzen dugun, etengabeko galeran, agonia batean … Bada garaia edertasunarekin batera aurkezteko. Niretzat, Gasteizen ederra baita euskararen historia, nik neuk bizi izan dudana, duela berrogei urtetik hona garatu dena, euskara berpizten eta zabaltzen ikusi baitut hamarkada hauetan. Ederra benetan, ipuin bat bezain ederra.

 

Zeledonek bezala, etxe berria egin du euskarak Gasteizen. Eta Oihaneder du izena. Poztekoa da!

 

 

Egilea: Josean Bueno

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago