Euskaltasunean Lagun... Beñat Garaio

hirinet 2014ko eka. 11a, 12:20

Beñat Garaio 24 urteko gasteiztarra dugu. Egun, udalaren Erorketak Edikiteko Programan egiten du lan, Heziketa Fisikoko Magisteritza eta Psikopedagogia ikasi baitzuen.

 

Euskara, euskalkiak eta hizkuntza gutxituak maite ditu eta hurrengo urtean bere zaletasunean formatuko da, ‘Hizkuntza gutxituak biziberritzeko masterra’ egingo baitu Londresen. “Oraintsu arte, euskaldun zaharra izan arren, ez nion hainbeste garrantzia ematen gure hizkuntzari”, aitortu du gazteak. Bertsolaritza, kirola, desazkundea mugimendua eta Hala Bedi irratian aritzea ere aurkitzen dira bere zaletasunen artean.

 

Duzun biziorik handiena?

Janari goxoa, lo egitea eta pelikulak ikustea ohean

 

Bertuterik?

Langilea eta sentibera.

 

Akatsik?

Oso urduria eta exijenteegia.

 

Zer baloratzen duzu gehien zuregan?

Bizitzeko eta ikasteko gogoa.

 

Zerk erakartzen zaitu gehien besteengan?

Alaitasuna, umorea eta berezko zerbait berezia izatea.

 

Ametsik?

Asko, baina bi esatearren, jendeak desazkundean gehiago sinestea, eta herri txiki batean bizitzea, lasai-lasai.

 

Amets gaiztorik?

Ingurukoen mina eta mundu honetako bidegabekeria.

 

Zer eskatzen diozu bizitzari?

Osasuna eta lasaitasuna inguruko guztientzako.

 

Zerk ateratzen zaitu zure onetik?

Mugikorrarekin edonoiz aritzea, ‘eskerrik’ esatea, kotxea edonoiz erabiltzea, egunaren arabera agurtzen duen jendea, kontrasanak…

 

Oporrak non, norekin eta zertarako?

Bi erantzun eman ditzaket? Neskalagunarekin hondartzara edo toki interesgarri batetara, lasai egoteko; eta lagunekin galdutako txoko batetara, bizikletaz edo motxila bizkarrean.

 

Eguna ala gaua?

 Eguna, eguzkiaren lehen orduak oso alaiak iruditzen zaizkit.

 

Liburu bat?

Otto Pette, izugarri gozatu nuen liburu honekin_!

 

Film bat?

Cinema Paraíso.

 

Musika talde-bakarlari bat?

Ezin bakarra esan: Geronación, Selektah Kolektiboa, Ruper Ordorika eta Izaki Gardenak. Kar kar...

 

Sare sozial bat?

Ez zaizkit gustatzen, baina Skype: lagunekin kontaktua mantentzeko.

 

Zer da Gasteizek duen onena eta txarrena?

Onena berehalakoan iritsi gaitezkeela alde batetik bestera, kotxea erabili beharrik gabe eta natur-guneak  (mendiak, urtegiak,…) oso eskuragarri ditugula; eta txarrena, berriz, hiri-koxkorra den arren herri txiki batzuetako giro itxia dagoela, askotan.

 

Gasteizko txoko bat…

Eskibelgo gaina.

 

Hiritik mugitzeko… Bizikleta, autobusa, tranbia, kotxea ala oinez?

Bizikleta eta tranbia.

 

Gasteizen euskaraz zergatik?

Gurea oztopoen aurkako lasterketa harrigarria izan delako eta motibatuta gaudelako, eta zer demontre, oso hizkuntza polita delako!

 

Ze pertsonaia historikoarekin hartuko zenuke kafe bat/ izango zenuke elkarrizketa bat?

Noah Chomsky eta Lazkao Txiki.

 

Zer deritzozu aurreko igandean egin zen giza-kateari buruz?

Jende andana zegoela esan zuten batzuk, beste batzuk, berriz, hutsuneak zeudela,... Baina, arrakasta izan ala ez izan, Euskal Herriko txoko guztietako pertsonak bildu ziren jai-giroan, eta horrek beti uzten du arrastoa!

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide