Gomazko sugea

hirinet 2014ko api. 29a, 09:53

Asier Sarasua

 

Ez dut gogoratzen zenbatgarren moda den gaztetxo artean aurtengo ikasturtean. Lehenago izan ziren Invizimal kromoena, katutxo itxurako panpinatxoena eta animalien formak zituzten gomena. Whatsappen ere aritu ziren amaren sakelakoarekin -gaur egun 10 urteko gaztetxo batzuek dagoeneko badute tableta edo sakelakoa-, hura moztu genuen arte. Orain gomazko eskuturrekoekin ari dira. Ez nekien zenbat gauza egin zitezkeen koloretako gomatxo ziztrin batzuekin. Ehungailuak eta guzti saltzen dituzte txinatarren dendetan, gero eta konplexuagoak diren egiturak sortzeko: sugeak, giltzatakoak, zaldiak...

 

Baina gomena beste kontu bat da: gurasoei ere zipriztindu digu. Batez ere aitei. Izan ere, Aitaren Egunarekin bat egin zuen gomen modak, eta martxoaren 19aren ondoren, han eta hemen ikus zitezkeen joera politiko guztietako aitak gomazko eskuturrekoak jantzita.

 

Martxoaren 19a San Jose da, horregatik omen da Aitaren Eguna. Bitxia da, aita ez den aita bat baldin badago, Jesukristorena baita. Hori izango ote da egun hori aukeratzearen arrazoia?

 

Atzo ama batek esan zidan bere alabari debekatu egin diola gomatxoekin jolastea. Aurpegia pixka bat gorritu omen zaio neskari -nik ez diot ezer nabaritzen- eta gomen erruz dela dio. Beno, gomen erruz ez, txinatarren erruz. "Gogoan duzu nola behin telebistan esan zuten txinatarren dendetan saltzen dituzten oinetako batzuek erredurak eragin zizkiela oinetan zenbait pertsonari?" esan dit. Ba horixe, bere alaba gomekin ari zela jolasean, eta gero eskuak aurpegira eramaten dituela, eta horrela txarkeriek bere bidea egiten dutela. Esan nion orduan logikoagoa litzatekeela eskuetan nabarmenago ikustea arazoa, ez aurpegian, baina ez zidan kasurik egin. Jainkoaren kutsatze bideak ezin asmatuzkoak dira. Nire alabak, berriz, gomazko sugeak egiten jarraituko du, gutxienez moda berria iristen den arte.

 

Bideo bat ere egin dugu:

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide