Danele Sarriugarte: "Kezkatzen ninduten gai batzuk kanporatu nahi nituen Erraiak eleberrian"

hirinet 2014ko api. 2a, 10:01

Danele Sarriugartek Erraiak (Elkar, 2014) bere lehen liburua plazaratu berri du, 2012an Igartza literatur-sorkuntzarako beka irabazi ostean.

 

Unai Elorriagak, Karmele Jaiok edo Uxue Alberdik, besteak beste, idazle gazteei bultzatzeko sortutako sari hau jaso dute iraganean. Gazte elgoibartarra itzultzaile gisa dihardu egun, baina honako hau ez da izan literaturan egin duen lehendabiziko murgilketa, ipuin bat argitaratu baitzuen  Esku hori! (Txalaparta, 2012) bilduman. Horrekin batera, BloGazte lehiaketa irabazi zuen Elearazi.org blogaren egilea da Garazi Arrularekin batera.

 

 

Erraiak eleberriak bikote haustura mingarri bat du abiapuntu. Errazagoa al da istorio bat eraikitzea zorigaitz batetik abiatuta?

Abiapuntu bat, aitzakia bat izatea beti da lagungarria istorio bat kontatzeko, eta Erraiak bezalako narrazio baten kasuan, zeinak hari mordoa baititu eta trama nahiko lausoa, ba are gehiago. Helduleku bat behar duzu hasteko, kontatzeko beharra oinarritzen duen zerbait. Aitzakia horrek ez du zertan zorigaiztokoa izan... baina bueno, kasu honetan istorioa den istorioa izanda berri txar bat hobeto egokitzen zitzaion, poz bat baino. 

 

Kasu honetan emakumezko baten ikuspuntua plazaratzen duzu soilik eta bakarrizketa erabili duzu istorio hau kontatzeko. Zergatik egin duzu partziala izateko hautua?

Barren hustuketarako aproposena horixe iruditzen zitzaidalako, amorru-leherketa edo obsesioen kontaketa baten erdi-erdian gaudenean sarritan ez diegu jaramonik egiten besteen ahotsei edo ez ditugu baliozkotzat jotzen. Narratzailea, behintzat, pertsona-mota horietako bat da.  

 

Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen esanetan, “hatza zaurian sartu eta sentsazio guztiak muturrera eramaten ditu” Erraiak eleberriak. Irakurlearen barrunbeak mugitzea eta kontzientzia astintzea izan duzu helburu?

Ez nuke esango hain helburu zabalak nituenik. Kezkatzen ninduten gai batzuk kanporatu nahi nituen eta ahalik eta ondoen egin nahi nuen. Gero, noski, jendeari barrenak mugitzen badizkio edo kontzientziak astintzen baditu ba hainbat hobeto. 

 

Bikote harremanak arakatzeaz gain, ze gai, zeharka bada ere, jorratzen dituzu nobelan?

Ba harremanak, oro har, senideekin, adiskideekin... Emakumeon egoerak gaur eta hemen, alkoholaren kontsumoa Euskal Herrian, hogeitapikodunen bizi baldintzak eta bizitza-mota...

 

Hala eta guztiz ere, umore eta ironia zertzeladak ere aurkituko ditugu lan honetan, ezta?

Bai, irakurri duten gehienek hala diote, sarri egin dutela irribarre eta haiei egin behar zaie kasu. Ni saiatu nintzen umorea txertatzen baina azkenean ez dakizu lortu duzun ala ez; hainbeste aldiz berrirakurri dut testua ezen dagoeneko dena topikoa iruditzen zaidan, monotonoa egiten zait. 

 

 Hasiera batean, liburuaren izenburua Mamuak izan zen baina gero aldatzea erabaki zenuen. Zergatik?

Bueno, hasiera-hasieran proiektuarentzat izenburu bat hautatu nuenean ez nekien zehazki zelan mamituko zen nire hastapeneko asmoa, noraino iritsiko ziren lehen 15-20 orri haiek. Testua osatzen joan ahala ikusi nuen apur bat urruntzen joan zela mamuen kontzeptutik eta nik kontzeptu hura justifikatzeko aukeratua nuen aiputik (Miren Agur Meaberen poema batekoa). Editoreek izenburua aldatzea proposatu zidaten eta hasiera batean pereza eman zidan arren Erraiak bururatu zitzaidanean garbi ikusi nuen hobeto egokitzen zitzaiola azken emaitzari. 

 

Erraiak sortzeko prozesua luzea izan da, izan ere, 2012ko irailean nobelaren proiektuak Igartza saria irabazi zuen eta 2014ko udaberrian ikusi du argia. Nolakoa izan da sortze-prozesua? Zein oztopo topatu dituzu bidean?

Bueno, urte eta erdi ez zait hain tarte luzea iruditzen eleberri bat idazteko. Nik 2013ko irail inguruan eman nuen itxitzat lana, gero azken bertsio horri zuzenketak-eta egin dizkiogu, eta azken-azkena 2014ko hasieran entregatu nuen. Hortik aurrera edizio-lanak izan dira. Nahiko prozesu gozagarria izan da, gorabeherak izan dira, noski, baina orokorrean oso oroitzapen gozoa daukat. Denbora eta toki erosoa izan ditut, ingurukoek lagundu didate... 

 

Itzultzailea ere bazara. Zer da zailagoa, beste baten hitzak itzultzea ala norberarenak paperera eramatea?

Ez dakit kuantitatiboki neur daitekeen... Topikoa eman dezake, baina jardun bakoitzak berezitasun eta zailtasun propioak ditu, sarritan antzeko gauzetan trabatzen zaren arren, batean eta bestean. Itzulpen-jarduna bera ere ez da beti berbera, testua interesgarria den, maitasunez egiten duzun ala lanean egokitu zaizulako... faktore asko daude. Esango nuke, oro har eta momentuz, gehiago disfrutatzen dudala idazten itzultzen baino.

 

Bigarren liburu bat idazteko ideiarik badabilkizu buruan?

Idazten segitzeko asmoa dut, baina une honetan ez daukat ideia zehatzik buruan. 

 

Zer dauka eskuartean egun Danele Sarriugartek?

Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua masterra egiten ari naiz eta master amaierako lana da, oraintxe bertan, nire proiektu nagusia.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide