Baina zu bizikletaz zoaz!

hirinet 2014ko mar. 31a, 09:04

Txirrindulariok aurkako erreakzio ugari sortzen dugu, horretaz ez dago dudarik.

 

Gure aurkako kexak errepikatzen dira prentsa salduenean, kalean … Auto-gidari batzuen aldetik ere entzuten ditugunak ez dira makalak, nahiz askotan, zirkulazio arautegiaren arabera, protestarako motiborik ez egon (beste batzuetan badago motiboa, adibidez gauez argirik gabe ibiltzean edo abisatu gabeko maniobrak egitean).

 

Edozelan, zergatik horrenbesteko amorrua bizikleterooi? Askotan galdetu diot hori neure buruari; eta iruditzen zait aurreko egunean erantzuna topatu nuela.

 

Gasteiz Hiriburuko semaforoan geunden gizonezko bat, oinez, eta ni bizikletaz; semaforoa gorri zegoen, baina autorik ez zetorren biok aurrera jo genuen medianaraino. Auto bat agertu zen, azkar samar, eta bozina jo zuen, jada medianan geundenean. Eta orduan gizon hark:

 

- Nola ibiltzen zareten! (ni bakarrik nengoen; seguruenik, Gasteizko bizikleta guztiak zituen buruan tipoak)

- Aizu, zu ere gorriz pasatu zara! – esan nion.

- Baina zu bizikletaz zoaz!

 

Hori bai erantzuna! Harrigarria, niri leporatu berak ere egin berri zuena. Hau da, besteei onartzen zaiena, guztiz normala iruditzen zaiena, ezin dugu egin bizikleta batean goazenok! Egoera benetan bitxia.

 

Eta hor dago koska; horrek argitu zidan zer ari den gertatzen. Oinezkoek eta autoek badute aspalditik leku egonkorra gure hirian: ohiko joerak onartzen zaizkie, arauez kontrakoak diren arren (gorriz pasatu, zebrabideak ez errespetatu …). Aldiz, ohiko garraiobide moduan bizikletak berri samarrak dira gure hirian. Eta berriak, azken heldu denak, ez ditu izaten eskubide berdinak, denbora bat badaramateen aldean. Betidanik egon direnei errazago barkatzen zaizkie ohiko bekatuak, eta berriei ez. Hori dugu arazo, berriak garela, duela gutxi kalera iritsitakoak; horregatik dira larriagoak gure bekatuak eta kexa gehiago sortarazten dugu. Denbora kontua da, beraz. Hemendik urte batzuetara inork ez du esango: “baina zu bizikletaz zoaz”.

 

 

Egilea: Josean Bueno

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide